Musika

Eragozpenez beteriko edertasuna

Nola egin jauzi ikaragarri bat nortasun zeinuei uko egin gabe. 'Double Negative' diskoarekin, Low taldeak oso gutxiren esku dagoena lortu du: bere ideiei fidel izanda inoiz baino arrisku handiagoa hartzea.

Low taldea: Alan Sparhawk, Mimi Parker eta Steve Garrington. BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Lehen pieza, Quorum, hastearekin batera iristen da lehen dardara. Euli multzo batek egingo lukeen zarata eman lezakeen distortsioaren atzetik, ahots hautsiak entzuten dira, lehen planora ezin iritsita, harrizko perkusioek Dancing and Blood bigarren kantuari hasiera ematen dioten arte. Hor altxatzen da Mimi Parkerren ahotsa minutu batez, drone doinu bat bi minutuz entzun baino lehen. Barnean gordetako tentsio guztiarekin, lehen bi kantu horiek ematen dute Double Negative Low taldearen hamabigarren diskoaren tenperatura. Hotza, izoztua.

Ez baita nolanahikoa Parkerrek, Alan Sparhwakek eta Steve Garrington azken hamar urteetan taldeko baxu jotzailea izan denak euren azken lanean lortu dutena. Ezkutatu egin dute, geruza digital eta ehundura itsusien artean, edertasuna; arauaz kanpoko birus batek Low-ren melodia maiestatikoak kutsatu izan balitu bezala. Nola erakarri entzulea, erakartzeko elementurik eman gabe. Rockdelux aldizkariari emandako elkarrizketa batean eman dituzte diskoa ulertzeko arrasto batzuk: «Hori izan da erronka. Entzuteko zaila den zerbait gustagarri bihurtzea. Edertasunari eragozpenak jarrita ere, hori kantuari atxikia badago, oztopoak gaindituko ditu, azaleratu arte».

Ez da izan Low bertan goxo gelditzekoa. Inoiz ez. Ekoizle ezberdinekin lan egitera ohituak daude, eta Parkerrek eta Sparhawkek beti jakin izan dute une bakoitzean zer behar zuen beren musikak; izan desordena eta deserosotasuna, izan argitasuna eta pop eskemak. Baina taldearen musikak molde estandarragoak —beti neurri batean barruan— ukitu dituen guztietan, hirukoteak norabidea aldatzeko beharra sentitu du.

Nabarmena izan zen hori 2007an kaleratutako Drums and Guns diskoaren kasuan. The Great Destroyer-en (2005) inoiz baino rock soinu indartsu eta jantziagoa lortu ondoren, Dave Fridmann ekoizlearekin errepikatu zuten —Mercury Rev, The Flaming Lips, Mogwai eta beste hainbaten soinua hedatu zuen bera—, haren segidan 90 graduko itzulia egiteko. Muturraren beste aldean baitago Drums and Guns. Elektronika gordin batek zeharkatua, Irakeko gerrak taldekideengan utzi zuen arrastoa azaleratzen du musika ia minimalista eta lakar baten bitartez. Eta, hala ere, Lowren esentzia mantentzen da, slowcore geldo eta atmosferikoari lotutako hastapenetan finkatu zena, eta, aldaketak aldaketa, denboran mantendu dena. Orain dela hamazazpi urte egindako adierazpen batek balioko luke orain dela hamar urteko egoerarako, eta balio du, era berean, gaurko ere: «Gure musika, gure produktua eta, neurri batean, gure bizitza inguratzen duen guztiarekiko kode bat mantentzen saiatzen gara. Ez genuke jakingo ikuspuntu hori aldatzen edo suntsitzen. Halakoak gara. [...]. Erosoago sentitzen gara zintzo jokatuta. Ez genuke jakingo itxurak egiten».

Eta, hala ere, Drums and Guns-en erregistro aldaketa txiki gelditzen da Double Negative-rekin egin dutenarekin alderatuz gero, nahiz eta azkeneko lau urteetan egin duten bideak aztarna batzuk utzi dituen.

Izan ere, Jeff Tweedyk (Wilco) ekoitzitako The Invisible Way (2013) lanak molde goxoekin lanean erakutsi zuen taldea, piano eta gitarra akustikoak nagusi zirela. «Drums and Guns-en ondoren, leundu egin genituen formak. Polita zen». Baina horrekin nahikoa ez, eta, ekoizlea aldatzeko joerari tinko eutsita, Ones and Sixes diskorako (2015) BJ Burtoni deitu zioten. Lan horretan norabidea aldatu zuten hamaikagarrenez, elementu elektronikoak, erritmo kutxak eta teklatuak gehituz beren proposamenari, baina hori guztia kantuen zerbitzura jarrita.

Mugarria bere ibilbidean

Disko hori Justin Vernonek Eau Clairen (Wisconsin, AEB) duen estudioan grabatu zuten, eta ez da nolanahiko datua, hurrengo urtean Vernonek eta Burtonek berak Bon Iverren musika barnerakoia gaur egungo teknologiaz—Auto-Tune, samplerrak eta elektronika dira nagusi diskoan— blaitu baitzuten 22, A Million lan ausartean.

Low-ren Double Negative-k, baina, mugarri bat ezartzen du, lehen entzunaldian soinu hormak hartzen duelako protagonismoa osoa, taldeak 25 urteko ibilbidean landutako dena jaso, berreraiki eta aurreikusi ezin daitekeen magma baten trazekin askatu izan balu bezala. Sutan sortu eta hoztean haitz koskor bilakatuta jaurtitakoak baitira diskoko pieza gehienak: Tempest, Poor Sucker, Rome (Always in the Dark)... Une gutxi batzuetan (Dancing and Fire) baino ez dute arnasa ematen.

Eta, hala eta guztiz ere, bere izaera esperimental eta suntsitzaile guztiarekin, Double Negative-k Low-ren arima eta gorputza gordetzen ditu bere barnean.

Ea nora jotzen duten hemendik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.