Gaurko eta betiko musikak

The Bevis Frondek sasoiko dagoela erakutsi du 'We're Your Friends, Man' disko mardularekin. Nick Salomanen taldea psikodeliaren, folkaren eta rock elektrikoaren erreferentzia bilakatu da.

Nick Saloman taldearen sortzaile, kantugile eta abeslaria —eskuinetik bigarrena— gaur egun taldekide dituenekin. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Erreferentzia saihetsezina, baina, aldi berean, gutxi batzuek ezagutua. Ikurra, baina ikur ezkutua. Ez da erraza The Bevis Frond taldeak gaur egungo musikan duen edo bete lezakeen lekua definitzea. Nick Saloman buru duen taldeak pilatu ditu aipamenak eta hitz politak 30 urte baino gehiagoko ibilbidearen eta 25 disko baino gehiagoren ondoren, baina gutxiengoarentzako gutizia da oraindik ere. Ez du hori aldatuko We're Your Friends, Man disko berriak (2018), nahiz eta The Bevis Fronden oinarriak biltzen diren lan bikoitz eta sakon horretan. Edo, agian, horrexegatik beragatik.

The Bevis Frond. Baina izan zitekeen Nick Saloman ere. Orain dela urte gutxira arte, behinik behin. Abeslari, gitarrista, konpositore eta taldeko buru da gaur egun, baina, garai batean, taldearen hastapenetan, hori guztia eta gainerako dena ere izan zen. Berak jo zituen tresna guztiak (gitarra, baxua, teklatua, bateria...) The Bevis Fronden lehenengo diskoetan, eta, horrek berak behartuta, estudioko proiektua zen. Pixkanaka, ordea, taldekideak batzen joan da, neurri handi batean zuzenean jo ahal izateko, eta, azken lanetan, talde finkoa bildu du bere inguruan: Ade Shaw (baxua), Paul Simmons (gitarra) eta Dave Pearce (bateria).

Psikodelia: The Bevis Fronden izena aipatu eta segidan burura etortzen den hitza. Salomanek ez du inoiz ezkutatu 1960ko hamarkadaren bigarren erdian sortutako musika mugimenduarekiko hurkotasuna, baina, aldi berean, murriztailea litzateke haren musika apal hertsi batean kokatzea. «Asko gustatzen zait psikodelia, baina beste musika asko ere gustatzen zaizkit. Nahiko nuke atsegin ditudan gauza horien guztien arrastoak egotea The Bevis Fronden musikan», argitu du Salomanek. Izan ere, bere burua urrun ikusten du 80ko hamarkadaren erdialdean —taldea sortu zenean— garageak eta psikodeliak izandako berpiztetik: «Inoiz ez gara izan revival talde bat; pentsatu nahiko nuke gaur egungo kantuak egiten ditugula, nahiz eta iraganeko musikak eragindakoak izan».

Psikodeliaren eragina agerikoa izan arren, The Bevis Frondek folketik ere edaten du, eta hori nabarmena da azken diskoko hainbat kanturen giroan: Little Orchestras, Venom Drain, We're Your Friends, Man, Mad Love. Gainera, bereganatu du Jimi Hendrixek nahiz Neil Youngek gitarra elektrikoari eman zioten adierazkortasun gaitasuna ere —You're On Your Own azken diskoa ixten duen hamahiru minutuko epopeiak ezerk baino hobeto azaltzen duena—. Betiere, begirada britainiar batetik landua, Salomanek aspaldi The Bevis Fronden musika definitzeko azaldu zuen moduan: «Taldea saiakera bat da Jimi Hendrix, The Wipers eta The Byrdsengana ikuspuntu britainiar batetik hurbiltzeko».

Gitarrista, gaztetxotatik

The Bevis Frond haren proiektu luze eta sendoena bilakatu bada ere, Nick Salomanek (Londres, 1953) beste hainbat proiektutan lan egin zuen aurretik. 10 urte zituenerako «nahiko ondo» jotzen zuen gitarra, eta urte haietan ezagutu zituen The Beatles, The Rolling Stones, The Pretty Things, The Kinks eta pop-rock britainiarrari nortasun zeinu propioak eman zizkioten beste hainbat talde. «Gero, 66an, Hendrix eta Cream entzun nituen, eta horrek dena aldatu zidan. Izugarri maite nuen eszena psikodelikoa; bai britainiarra, bai amerikarra. Eta, 15 urterekin, kontzertuetara joaten hasi nintzen».

Adin horrekin sortu zuen bere lehenengo taldea, The Museum, gerora The Bevis Frond Museum bilakatu zena; baina, proiektu hura amaituta, bakarlari gisa edo bikote baten parte zela aritu zen zuzenean. Oddsocks taldea sortu zuen 1973an —Sweet Folk & Country zigiluak Men of The Moment LPa kaleratu zion—, eta, Londresera itzulita, The Von Trap Family taldea sortu zuen, Ingalaterrako hiriburuan puri-purian zegoen punk mugimenduaren eraginpean. 1982an, moto istripu larri bat izan zuen Salomanek, eta horrek dena birplanteatzera eraman zuen: «1986an, 33 urte nituen, eta Miasma izeneko disko bat ekoitzi ahal izan nuen nik neuk. Neure buruari The Bevis Frond deitura jarri nion, beti gogoko izan nuelako izen hori. Azken batean, hasierara bueltatzea bezala zen, baina nik nahi nuena egingo nuen. Inolako konpromisorik gabe. Gainerakoa historia da».

Historia bizia, inondik ere, We're Your Friends, Man lanak erakusten duen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.