Musika

Kantuari bizia eman zion boza

Bretainiako kantaririk garrantzitsuenetako bat zen Yann-Fañch Kemener, hango kantagintza tradizionala biziberritzen egindako lanagatik ezaguna. Joan den astean hil zen, 61 urterekin.

Yann-Fañch Kemener abeslaria, 2013. urteko musika jaialdi batean. ROMAIN BRÉGET.
Andoni Imaz.
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Mende askoan, tradizioari eta kulturari eusten jakin du Bretainiak, garaian garaiko erreinu eta dukerrien gainetik. Musikak berebiziko indarra izan du tradizio horretan, nahiz eta haren adar bakoitzak bilakaera propioa izan duen: estilo instrumentala dago batetik, eta ahotsarena bestetik. Bigarrenak berebiziko garrantzia eta gorakada izan zuen herrialdean XX. mendearen erditik aurrera. Zenbait musikariri eta antolatu zituzten jaialdiei esker, Bretainiako musika eraldatu egin zen: melodia eta soinu tradizionalak estilo garaikideekin nahastu zituzten, baita beste tradizio folkloriko batzuetako estiloekin ere. Lan horretan guztian, ezinbesteko musikaria izan zen Yann-Fañch Kemener (Sant-Trifin, Bretainia, 1957). Joan den astean hil zen, Bretainiako Tremeven-Kemperle herrian, gaixotasun luze baten ondoren.

Kantari eta dantzari familia batean jaio zen Kemener. Bretoiera zuen ama hizkuntza, eta hizkuntzak ardaztu zuen haren bizitza eta musika ibilbidea. Lau urterekin hartu zuen parte aurrenekoz fest-noz batean: Bretainiako gau-festak dira, literalki. Antzina, baserrien eraikitzearekin batera egiten zuten dantza festa horietan, eta, egun, herritarrak bildu eta elkarrekin dantza egiteko antolatzen dira jaialdiak.

Kemenerren familiakoek, aitaren eta amaren aldekoek, bazuten festa horietan abesteko eta dantza egiteko ohitura. Jaiak gertutik ezagutu izan zituen musikariak, eta 15 urterekin aritu zen aurrenekoz agertoki batean, Albert Bolore maisuak animatuta. Ordutik, musikari emana bizi izan zen: kantuak berreskuratzen, bretoierazko musikaren iragana ikertzen eta melodiak ikasten.

Kemenerrek «entrenatzaileak eta informatzaileak» aipatzen zituen: adineko jendeak buruz kantatutako pasarteetatik jasotzen zituen melodiak eta hizkuntzaren bibrazioak. Ehunka orduko grabaketak egin zituen: «Espiritua jasotzeko, elkarrizketak, istorioak. Abestean, hizkuntzaren gozotasuna berritu nahi dut, hitzaren bihotzera joan», esan zuen 1996an Libération egunkarian egindako elkarrizketan.

«Behin, adineko emakume bat ezagutu nuen; haren gurasoak abeslari eta kontalariak ziren. 'Ai, mutiko, nik ez dakit ezer...', baina, halako batean, anaiari deitu zion: 'Esan Kemenerri etortzeko, abesti bat gogoratu dut'. Vie de saint Alexis-en bertsio bat grabatu, eta hiru egunera hil zen». Ezagutu zuen jendearen memoria pizteko ere baliagarria izan zen musikariak egin zuen lana.

Nerabezaroan hasi zen Kemener diskoak grabatzen, Bretainiako antzinako baladak abestuta. Ahotsa berreskuratu nahi zuen, musika tresnen laguntzarik gabe. Ordutik aurrera, ondare poetiko eta tragikoan sakontzen hasi zen. Errezitatzen zituen bertso gutxi batzuk, baina ahozko tradizioa zen hari ardura zitzaiona.

Argi zuen bere asmoa ez zela melodiak berreskuratzea soilik, jendaurrean azaldu nahi zuen horiek erakusten. «12-13 urte nituenean, agertokietara igo nahi nuen, jendea dantzan jarri». Bulkada pertsonala izan zuen aurrena, ondoren etorri zitzaion transmisiorako beharra. Izan ere, osatutako disko guztiez gain, zenbait argitalpen ere egin zituen musikariak: ipuinak, dantzarako kantuak eta atsotitzak bildu zituen, besteak beste.

Erik Marchandek, Bretainiako kantugintzaren beste ahots garrantzitsu batek, «lagun zaharra» goraipatu du Kemener hil berritan: «Inor gutxik bezala ezagutzen zuen bretoiera, etengabe nahasten zituen ahozko forma literarioak egungo idatzizkoekin. Jakin zuen haren herri kultura zabaltzen, nahiz eta gainontzeko guztiek ez ulertu; arte poetiko eta musikala zabaltzen zuen, segurtasunez eta determinazioz». Abeslariaren teknika eta ahoskera nabarmendu izan dituzte haren inguruko musikariek, ezohikoak baitziren haren belaunaldiko gainontzeko kantariengan.

Dantza eta drama

Bretainiako ahozko tradizioan bi forma dira nagusi: kan ha diskan (kantua-deskantua) eta gwerz (folk epikoa). Lehenengoa dantzarako erabiltzen da batez ere, fest-noz jaialdietan, besteak beste. Gutxienez bi pertsona behar dira errepikapenekin jolasteko. Bigarrena, berriz, balada edo erromantzea da. Kantu narratiboa izan ohi da, geldoa eta serioa, eta gertakari triste edo dramatikoen inguruko hitzak izan ohi ditu. Gwerz-ek ez dute errepikarik, eta oso kantu luzeak izan ohi dira. Kemener espezialista zen kan ha diskan-ean, gwerz-ean eta beste zenbait estilotan; bretoierazko kantagintzaren etnomusikologoa zen.

20 urterekin argitaratu zuen Kanoù kalon-Vreizh Vol. 1 lehen diskoa, eta beste bi zati egin zituen ondoren. 1982. urtean, Charles-Cros akademiak Ondarearen Sari Nagusia eman zion hiru diskoengatik. 1988an, Barzaz talde esperimental ospetsua sortu zuen, Gilles Le Bigot (gitarra), Jean-Michel Veillon (flauta), Alain Genty (baxua) eta David Hopkinsekin (perkusioa). Azken urteetan, Yann-Fañch Kemener Trio taldearekin aritu zen kantuan. Jakintza zabala eman zion esperientziak, baina ez zion aldatu gaztetako asmoa: herriari itzultzea hari ikasitakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.