Literatura

Harpausoak etsipenean

Bere nihilismoa gogoeta labur bihurtzeko zuen era ederragatik da ezagun Emil Cioran, eta, onartu zuenez, George Lacombe euskaltzainak lagundu zuen estilo horretara iristen.

Emil Cioran pentsalari errumaniarra, lantoki zuen bulegoan ateratako erretratu batean. BERRIA.
Inigo Astiz
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
«Himno suntsitu bat da izaki bakoitza». Bere ezkortasun nihilista aforismo laburretan biltzeko zuen modu ederragatik da ezagun Emil Cioran pentsalari eta idazle errumaniarra (Rasinari, egun Errumania, 1911-Paris, 1995). Desesperantzaren ibaia norabide guztietan gurutzatzeko aukera ematen duten harpausoen modukoak dira haren gogoetak: etsipen hondogabe bat bertatik bertara ikusteko aukera eskaintzen diote haiek gurutzatzen dituen irakurleari, baina, aldi berean, hain dira lirikoak ideia horiek, non, paradoxikoki, gai baitira halako zorion estetiko bat ere pizteko, pentsamendu batetik besterako jauzikako zeharkaldi horretan. Izan ere, heriotzaren, asperduraren, ezerezaren eta suizidioaren pentsalaria da Cioran, baina haren testuetan igar daitekeen edertasun egarriari esker egiten du distira haren pentsamenduak. Errumanieraz idatziz hasi zuen ibilbidea, baina frantsesera pasatzea erabaki zuen 1947an, eta hizkuntza horretan eman zituen argitara ondorengo lan guztiak. Atzo bete ziren 25 urte hil zenetik, baina oraindik ere asko dira haren sinadura daramaten gogoeta laburrez zipriztinduta agertzen diren argitalpenak.      

«Idazle batentzat, maitasun karta bat hiztegiarekin idaztea bezala da hizkuntza aldatzea». Baina, hain zuzen ere, arroztasun horren bila zebilen pentsalaria. Esaten zuenez, errumanieraz hitzak etorri egiten zitzaizkion, eta, frantsesez, aldiz, haien bila joan behar izaten zuen. Mediku baten mahai gainean zabaldutako tresna sorta baten pare ikusten zituen hitz horiek bere aurrean «nigandik kanpo, bakoitza bere lekuan», eta hitz bakoitza «kontzienteki» hautatzera behartzen zuen horrek, eta ezerosotasun horren emaitza ere bada haren literatur estilo zuzen, tarteka idor eta ia beti poetikoa. Eta egileak Leo Guilletekin 1982an izandako solasaldian onartu zuenez, gainera, ezinbesteko egin zitzaion euskaldun baten laguntza hizkuntzatik hizkuntzarako aldaketa hori egiteko: George Lacombe literatur ikerlari eta euskalariarena, zehazki (Ortheze, Frantzia, 1879- Paris, 1947).

«Hainbat liburu idatzi nituen errumanieraz, eta guztiak daude gaizki idatzita: nik uste nuen idazteak ez zuela inolako garrantzirik. Gauzak esateko idazten da, baina idazteko moduak, adierazkortasunak bere horretan, niretzat, ez zeukan inolako garrantzirik. Baina Frantzian ikasi nuen idazteko ekintza bera zibilizazioaren parte dela». Eta, hain zuzen ere, bira estetiko hori azaltzeko egiten du Cioranek Lacomberen aipamena. «Halako kokospekoa zeukan gizon bat zen, maingua —I. Mundu Gerran galdu zuen eskuineko besoa—, eta sakon ezagutzen zuen euskara».

Irakasleak zein prostitutak

Eskualtzaleen Biltzarreko lehendakari izandakoa zen Lacombe. Luze zabal ikertuak zituen euskal kantutegia eta klasikoak, eta euskaltzain ere bazen. Horrez guztiaz gainera, «maniatiko» bat ere bazela kontatzen du pentsalari errumaniarrak, eta Parisko Sorbonako unibertsitatean haserreak jota erretratatzen du, irakasleei kargu hartzen haietako batek akats linguistiko bat egiten zuen aldiro. Ez hori bakarrik. «Ikusten zituen emakume ia guztiei ekiten zien kalean, eta prostitutekin hitz egitea zen haren dibertsioetako bat. Eta prostitutei ere frantsesez egiten zituzten akatsak zuzentzen zizkien; horrek ikaragarri dibertitzen ninduen».

Bada, Cioranen hitzetan, gizon hark lagundu zion bere estilo ezagunerainoko bidaian. «Ergela irudi lezake, irudi lezake irigarria, baina gizon hark ikaragarrizko eragina izan zuen nigan». 1949an argitaratu zen Précis de décomposition (Dekonposizio bilduma) liburua, bukatu berri-berritan. Argitaratu aurretik, eskuizkribua Lacomberi erakutsi nahi izan zion pentsalariak; idazlearen tema ikusita, gogoz kontra baina onartu egin zuen proposamena euskaltzainak. «Eskuizkribuarekin agertu nintzen zita egin genuen kafetegian», kontatzen du Cioranek; «irakurri nion orri bat, eta lo gelditu zen. Ohartu nintzen ez zegoela ezer egiterik». Eta, halere, pentsalariak dioenez, hari zor dio lehen liburu hura. «Hitzei buruz gogoeta egiteko eta mundu guztia zuzentzeko zuen mania horrekin, baita irakasle zirenak ere, lagundu egin ninduen idazketaren ekintzaren kontzientzia deitu dudan horrekin. Hori zen, zehazki, nik ez neukana... eta soilik Frantzian sakonki garatuta dagoena. Idaztea Frantzian bakarrik da ekintza benetan sakratu bat».

1982koa ez da pentsalariak Lacomberi buruz egindako aipamen bakarra, ordea. Ia hitzez hitz errepikatzen du haren deskribapena, berriz ere, 1984an, Tubingako Institutu Frantsesean, Gerd Bergflethekin izandako solasaldian. Eta berriro nabarmentzen du bere idazkeran izan zuen eragina. «Harekin izandako harremanari esker ikasi nuen Hitzaren ahalguztiduntasuna».

Cioranen lanak izkin egiten dio pentsamendu sistematizatu eta egituratu bati . Ez zen apeta hutsa, ordea. «Kontraesanik ez onartzea da pentsamendu egituratuen drama. Faltsukeriara jotzen da koherentzia babestearren. Aldiz, txatalka idatziz gero, egun bakarrean gauza bat esan dezakezu, eta baita haren kontrakoa ere. Zergatik? Bada, txatal bakoitza esperientzia ezberdin batetik datorrelako, eta esperientzia horiek bai, badirelako egiazkoak: garrantzitsuena dira».

Liburu osorik ez, baina txatal batzuk baditu euskaratuak. Cioranek suizidioari buruz idatzitako hamaika aforismo itzuli zituzten, esaterako, Felipe Juaristik eta Koldo Etxabek Porrot aldizkariak 1984ko azaroan gaiari eskainitako monografikoan. Bazuten non hautatua. Izan ere, Cioranek ia bizitza osoa eman zuen gai jakin horri buruz gogoetan eta idazten. Giza kondizioaren azken askatasun esparrutzat zeukan ekintza pentsalariak, eta, ezerezaren ideiak bezala, hasieratik bukaeraraino blaitzen du gaiak haren obra. «Heriotzari buruz pentsatzen ez dudan aldiro daukat nire baitako norbaiti tranpa eta iruzur egiten diodan inpresioa». Gai horri buruz idaztearen ekintzak baketzen zion suizidatzeko gogoa, Fernando Savater pentsalariarekin 1977. urtean izandako solasaldi batean onartu zuenez. «Bizitza eta neure burua iraintzeko idatzi dut. Emaitza? Hobeki eraman ditut bai neure burua, bai eta bizitza ere».

Suntsitzeko koadernoak

Eta suizidioari eskainitako bere ehunka testu horietako batean idatzita utzi zuenez, egin, egingo zukeen bere buruaz beste, baldin eta ez balitz Johann Sebastian Bach konpositorearen bi biolinentzako kontzertuagatik. Hamabost minutu inguruko pieza horretan, «ezerezarekiko eztitasun bat» entzuten zuen pentsalariak. Hutsuneari biraka aditzen zituen hariak, eta zirimola hari esker itzultzen zen bere izatera, «ezerezarekiko eta guztiarekiko esker onez horditurik». Baina bere buruaz beste egiteari buruzko ideiari hamaika lerro eskaini ostean, 84 urterekin hil zen, Parisen, luzaroan alzheimerra izan ondoren, pilula modura osatutako hamaika txatalen obra argitaratu zabal bat utzita atzean, eta etxeko ganbaran ezkutaturik, hil ostean soilik ezagutu ziren beste 34 gogoeta koaderno idatzita.

Azalean ohar bat zeramaten haietako askok: «Suntsitzeko». Baina egun bilduma modura argitaratuta irakur daitezke, egileak izatearen eta ez izatearen artean bizi izan zuen borrokaren azken froga modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.