Editorea hobbit zuloan behera

Urtea bete da Christopher Tolkien zendu zela, John Ronald Reuel Tolkien idazlearen seme eta hil ondoko argitaldaria. Aitaren itzalpean eman zuen bizi osoa, itzal hori lantzen, osatzen eta argitara ematen. Funtsezkoa da haren jarduna ulertzea aitaren balio literarioaz jabetzeko.

Hobbita 1937an argitaratu zuen J.R.R. Tolkienek. Goian, lehen edizio haren azalerako sortu zuen irudia. EFE / MORGAN MUSEOA.
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
J.R.R. Tolkienen literaturan adituak direnek frankotan esana dute gaizki-ulertu batean oinarritzen dela haren arrakastaren parterik handiena. Eraztunen Jauna eta Hobbita nobelen egokitzapen zinematografikoekin, Tolkienen izena areago irmotu da «literatura fantastikoa» delako generoan; hainbesteraino, non zaila baita akordatzea ezen haren obrak, orain fantasiazkotzat jotzen ditugun kode ugariz blaitua egonagatik, nekez duela zerikusirik gaur egun genero komertzial bilakatu den horrekin, hau da, nobela mardulez osatutako saga amaigabeak eskribitzen dituzten idazle nagusiki anglosaxoien jardunarekin.

Tolkienen adituek salatzen duten gaizki-ulertua ez da (bakarrik) Peter Jacksonen filmen ondorio, baizik eta hasieratik Tolkienen arrakastak oinarri gisa hartutako plataforma murritzaren. 1960ko urteetan hasi zitzaion Tolkieni ospea nabarmen luzatzen, batik bat Eraztunen Jauna nobelaren magalean (ordura arte Hobbita arrakastatsua eta haur literaturako beste lan gutxi batzuk baino ez zituen plazaratuak). Lan hori, ordea, zaleen gozagarri eta gustagarri izanagatik, ez da Tolkienen benetako sorkuntza literarioaren adierazgarri, eta nagusiki egilea hil ondoan hasi zen hori pixkanaka argitara ateratzen. Tolkien ez zen nobelista izan, eta batek baino gehiagok erdipurdiko narratzailetzat ere joa dute (azken finean, editoreek eta Hobbita-ren arrakasta komertzialak hartaratuta baino ez zuen ondu Eraztunen Jauna nobela gisa). Haren sakon-sakoneko lana jardun mitopoetikoa deritzona da, edo mundugintza; hau da, fikziozko unibertso bat eta haren mitologia osatua lantzea. Mitologia hori ez da elezahar asmatuen sorta soil bat; baditu bere epopeiak eta exodoak, bai eta kosmogonia bat (munduaren sorrera), teogonia bat (jainkoena) eta antropogonia bat ere (gizakiena). Lan hori guztia nabarmen ukigaitzagoa da narratiba soila baino, bai eta zailagoa ere argitalpen forma komertzialetan eman eta kontsumitzeko.

(Gaur egungo literatura fantastikoaren genero komertzialean, narratibaren mekanismo edo tresna bat da mundugintza, eta istorioak bestelako unibertso batean girotzea du funtzio nagusia, baina beti kontakizunen baten euskarri; izan ere, nobela eta nobelagileak izaten dira genero horren ardatza. Tolkien, berriz, ez da aise egokitzen eskema horretan, haren narratiba lana ia ezdeusa baita mundugintzaren aldean).

Argitaratzen zailagoa izateaz gain, jardun mitopoetiko hori aski urruna eta hermetikoa da berez, milaka oharrez, apuntez, poemaz, mapaz, zirriborroz, kantaz, berridazketaz eta bertsio maiz kontrajarriz baitago osatua. Horretan datza Christopher semearen inportantzia: ohar horiek editatzen, apailatzen eta plazaratzen eman zituen zendu aurreko ia berrogeita hamar urteak, 1973an aita hil zitzaionetik. Gehienbat haren lanari esker iritsi zaie irakurleei Tolkienen legendarium delakoa, zeina osatuz-osatuz joan baita azken berrogeita hamar urteotan.

Lehen lana

Lehen-lehenik, The Silmarillion bukatzea eta haren behin betiko bertsio bat plazaratzea izan zen helburua. Tolkienen mitologia osoaren corpus orokorra da hori, eta hainbat bertsio zeuden haren oharren artean. Bazuen bertsio amaitu bat 1930eko urteetarako, baina preseski orduan ekin zion nobelak idazteari, lehenik Hobbita (1937) eta gero Eraztunen Jauna (1954-55), eta, bi horiek osatutakoan goitik behera aldatu zitzaionez aurreneko Silmarillion amaituaren zentzua, sakon-sakoneko aldaketak egiten hasi behar izan zuen, eta berridazketa horiek bukatu gabe hil zen. Horixe izan zuen aurreneko lana Tolkien semeak, mitologia corpusaren behin betiko bertsio bat bukatzea, eta 1977an plazaratu zuen. Lan horretan daude Tolkienen mitologiaren zeru-lurrak, bai kosmogonia, teogonia eta antropogonia, bai Lehen Aroko heroien elezahar eta abenturak ere, zeinak oihartzun ia ahaztuak baitira Eraztunen Jauna gertatzen den garaian, Hirugarren Aroaren amaieran.

1980an, Christopher Tolkienek Unfinished tales (Ipuin bukatugabeak) kontakizun sorta kaleratu zuen, ordura arte argitaragabeak ziren hainbat materialen gainean. Lan horrek arrakasta handia izan zuen, eta bidea eman zion anbizio eta zailtasun handiagoko egitasmo bati heltzeko: hala, The History of Middle Earth (Erdialdeko Lurraldearen historia) proiektu eskergari ekin zion. Hamabi liburukiz osatutako sail bat da, 1983 eta 1996 artean publikatua. Ez da, aurrekoak bezala, fikziozko lan gutxi gorabehera koherente bat; bilduma horrek gehiago du nolabaiteko edizio kritikotik, era nahiko filologikoan antolatzen baititu J.R.R. Tolkienen zirriborro, ohar eta testu ugari, bere ibilbide (eta, beraz, bizialdi) osoari dagozkionak. Nolabait esateko, haren jardun literario osoaren kronika iruzkindu bat da, txukun antolatua eta kontatua haren idazlanen bertsio, zuzenketa eta oharretan barrena, hamabi liburukitan.

XXI. mendean, Christopher Tolkienek aitaren legendarium zabaleko gairik edo mitorik esanguratsuenei buruzko hiru liburu atera zituen: The Children of Húrin (Húrinen seme-alabak), Beren and Lúthien (Beren eta Lúthien) eta The Fall of Gondolin (Gondolin erori zenekoa). Dela bide filologikoa urratuta, dela bertsio literario eta koherenteago bat osatuta, ale horietako bakoitzean Christopher Tolkienek sakonago jotzen du The Silmarillion-eko mitorik garrantzitsuenetako batzuen barren-barrenera.

Liburuon azaletan aitaren izena da nagusi, baina semearen editore lanak ezinbestekoak izan dira Tolkienen jardun literarioaren barne muinak jaso eta plazaratzeko, eta, irakurleen esku jarrita, obra literario gisa konplitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.