Musika

Itxialdi melodiko bat

Real Estate taldeak 'Half a Human' argitaratu du. Sei kantuz osatutako disko labur bat da, itxialdian eta modu telematikoan osatutakoa. Aurreko diskoaren luzapentzat har daiteke.

Real Estate, 2019ko argazki batean, Jackson Pollis kidea oraindik taldean zenean. JAKE MICHAELS / REAL ESTATE.
aitor biain
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Musikaren unibertso zabalak biltzen dituen askotariko etiketen zerrendari beste bat gehitu dakioke orain, pandemiaren eraginez: Konfinamenduan sortua. Abizen hori daramate azken urtean argitaratu diren lan askok, modu jakin batean egindako sormen lan bat dela adierazteko, edota, besterik gabe, jarduteko ohiko moduen mugak gainditzeko nork bere buruari emandako baimena irudikatzeko. Hala gertatzen da Real Estate taldearen lan berriarekin, hain zuzen: Half a Human diskoa kaleratu berri du New Jerseyko (AEB) boskoteak. Itxialdian eta modu telematikoan sortutako disko bat da, taldearen estudioko seigarrena.

Disko laburra da, nolanahi ere, taldearen musika ezaugarritzen duten indie-rock doinuak ardatz dituzten sei kantuk osatzen baitute bilduma: poparen eta rockaren artean murgiltzen diren melodia goxo eta lausoak gailentzen dira abestietan, baita tarte instrumental luze eta atmosferikoak ere. Konfinamendu garaian egindako lana bada ere, aurreko diskoaren segidatzat ere har daiteke; izan ere, taldeak iazko otsailean kaleratu zuen The Main Thing diskoa, eta orduan sortu zituzten argitaratu berri dituzten sei kantuen oinarri eta egitura guztiak.

Hain zuzen, aurreko diskoaren aurkezpen bira bertan behera utzi ondoren, esku artean zuten materialarekin zer egin eztabaidatu zuten taldeko kideek. Eta orduan adostu zuten amaitu gabeko abesti berrien zatiei forma eman eta disko berri baten argitaratzea. Hala adierazi dio Martin Courtney abeslariak American Songwriter aldizkariari, elkarrizketa batean: «Hasierako ideia zen kantu horiek alde batera utzi eta hurrengo diskorako gordetzea. Baina, zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta gehiago ohartzen nintzen kantu horiek beste garai batekoak zirela, pandemiagatik bereziki. Ez zitzaidan oso egokia iruditzen haiekin aurrera segitzea eta pandemian zehar eta ondoren idatzitako beste abesti sorta batekin bateratzen saiatzea gero. Beraz, aurreko lanaren osagarri litzatekeen disko batean argitaratzea erabaki genuen».

Courtneyk azaldu duenez, etxetik eta bakarka lan egiteko modu bat jarri zuten martxan: nork bere kabuz osatzen zuen bere zatia, eta sarean zabaltzen zuten karpeta batera igotzen zuten ondoren, denak elkartu eta abestiaren zirriborro bat egin ahal izateko. Modu horretan osatu zituzten sei kantuak. «Horri esker ohartu ginen posible zela modu telematikoan grabatu eta soinu txukuna zuten kantuak izatea. Produktiboak izan gintezkeela ere konturatu ginen, urte guztia eserita eman ordez».

Eboluziorako ahalegin bat

Domino zigilupean argitaratu da Half a Human diskoa. Taldearen ohiko soinu eta estiloaren alde guztiak arakatzen ditu lanak, baina, abiapuntua betikoa izanik ere, antzematen zaio bide berriak jorratzeko ahalegin bat. Izan ere, elkarrekin lan egiteko modu berriak aurkitu dituzten modu berean, taldekideek hamarkada batez landu eta hobetu dituzten paisaia emozionaletan are gehiago sakontzea lortu dute. Hau da, orain arte egin duten musika alai eta lasaiaren nahasketa bera dago abesti guztien oinarrian, baina harago joateko ahalegin txiki bat dute denek, diskurtso berri bat bilatu nahi izan balute bezala.

Izan ere, hamar urte baino gehiagoko bidea duen talde bat izanik, argitalpen guztietan betikoa eskaini izana leporatu izan diote askok; eboluzionatu ez izana, alegia. «Ez dut uste hori hala denik», erantzun du Courtneyk. «Entzun nahi dugun musika egin izan dugu beti. Batzuentzat, artea egiteko helburuaren zati handi bat prozesuaren bilakaerarekin edota idazkeraren eta soinuaren eboluzioarekin lotuta dago. Baina, niretzat, soinu ona duten eta zerbait sentiarazten didaten abestiak idaztea da helburua», adierazi du. Eta zera gehitu du: «Guretzat, kontua ez da eboluzionatzea eboluzionatze hutsagatik; gertatzen bada, gure belarrietarako disko perfektua idazteko bilaketaren ondorio izango da».

Nolanahi ere, kantuen konposizioan, osagarrietan nahiz abestien luzapenetan ere atzeman daiteke ohikotik aldentzeko ahalegin bat. Eta horren erakusgarri dira, esate baterako, diskoari izena ematen dion kantua edota In the Garden —sei minutu eta erdiko iraupena dauka—.

«Hemen gaude oraindik»

Real Estate taldeak 2009an kaleratu zuen lehen diskoa, eta, orduz geroztik, bere bidea egiten jakin du gaur arte. Zarata gutxi egin zuen hastapenetan, baina, urteen joanarekin, indie-rock musikaren eszenan erreferenteetako bat bihurtu da. Ibilbide horretan atzerapausoak ere eman behar izan ditu, halere; 2016an, esaterako, Matt Mondanile gitarrista eta taldearen sortzaileetako bat kaleratu zuten, hainbat emakumek «sexu portaera desegokia» leporatu ostean.

Orain, pandemiaren eraginez, beste atzerapauso bat eman behar izan du taldeak, Jackson Pollis bateria jotzaileak taldea uztea erabaki baitu —Sammi Nessek hartu du haren lekua—. Itxialdiak berak, zenbait kideren bakarkako diskoek, aitatasunak eta taldekide aldaketek, ordea, ez dirudi gehiegi eragin dutenik gaur-gaurkoz taldearen etorkizunean. Hala bermatu nahi izan du Courtneyk berak sare sozialetan zabaldutako ohar batean. «Bizitza aldatzen ari da, eta erantzukizuna eta tentsioa gero eta handiagoak dira, baina talde hau hemen dago oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.