Musika

Poparen bihurguneetan

Cate Le Bon musikari galestarra esperimentazioaren eta gertutasunaren artean mugitzen da 'Pompeii' bere seigarren eta azken diskoan. Popak berezkoak dituen melodiak erritmo bihurriekin jantzi ditu.

Cate Le Bonek erritmoetan oinarritutako kantuak egin ditu bere azkeneko diskoan. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Orain dela hiru urte, Reward (2019) diskoa argitaratu zuenean, Cate Le Bon (Cardiff, 1983) arrakasta edo nolabaiteko ospea lortzeko zorian izan zen. Mercury sari bat jasotzeko hautagaia izan zen, eta bazirudien musikari galestarra hegemoniko bihurtzeko prest egon zitekeela, nahiz eta lan hark bihurgune eta esperimentazio ugari izan. Hiru urte pasatu eta gero, Le Bon ez da bihurtu izar bat, baina, Pompeii (2022) disko berriak erakusten duenez, azken hamar urteetan pop musikaren eremuan sortu den egile koherente bezain sailkaezinetako bat bilakatu da.

Azken bi urteetan argitaratutako beste disko asko bezala, Pompeii pandemiaren ondorioa da. Azken urteetan AEBetan bizi da, baina lehen itxialdiak Islandian harrapatu zuen Le Bon, Samur Khouja bere ohiko kolaboratzailearekin batera John Grantekin lanean ari zenean, eta 2020ko apirilera arte ezin izan zuen handik atera. Aukera hori izan zutenean, Le Bonek eta Khoujak Cardiffera jo zuten, eta, han, Gruff Rhysek (Super Furry Animals taldeko burua izandakoa) utzitako etxe batean hasi ziren prestatzen gaur egun Pompeii dena. Ez zen, inondik ere, koronabirusaren agerpenaren aurretik zuen ideia, Rockdelux atari digitalari emandako elkarrizketa batean azaldu duenez: «Urrutiko leku batera joatea genuen pentsatua, Txilera edo Norvegiara, kanpoko eraginez eta familia kontuez libre egongo ginen leku batera. Disko bat egitera bideratzen lagunduko zigun paisaia bat sortu nahi genuen, besterik ez. Haurren mentalitatea bilatzen saiatu. Garbitasun mota hori. Pandemia dela eta, ez zen horrelako ezer posible izan».

Han, Cardiffen, eraiki zuten Le Bonek eta Khoujak Pompeii-ren bizkarrezurra. Baxutik hasita. «Oso tresna jostalari eta alaia da baxua. Niri melodiak baino interesgarriagoak egiten zaizkit erritmoak, baina, jakina, uste dut biak elkartzeko modu egoki baten bila joan behar dudala etengabe». Baxuaren ondoren, gitarrak eta sintetizadoreak gehitu zituzten, baita perkusio batzuk ere, eta, kantuak eraikita zeudenean, Euan Hinshelwoodek eta Stephen Blackek saxofoiak grabatu zituzten. «Lau egun oso eman genituen horretan».

Pop irekia

Pop kantuak biltzen ditu Pompeii-k, eta, hala ere, diskoko bederatzi kantuak entzutean, pop kantuen konbentzioei muzin egiten dien artista bat aurkituko du entzuleak. Dirt on The Bed-ekin hasten den momentutik —bateriarik gabe, saxofoien nota errepikakorrekin—, Pompeii-k ekartzen ditu gogora beste garai batean pop musikaren konbentzioak gainditu izan zituzten musikariak. Agian aztarna agerikoena 1970eko hamarkadako David Bowierena da —Station to Station-etik (1976) Scary Monsters-era (1980) bitartekoa—, baina disko osoan badira David Sylvianen eta Talking Headsek Brian Enorekin egin zituen kolaborazioen oihartzunak, eta baita 1980ko hamarkadako art-pop talde ausart baina gaur egun ahaztuenak ere (The Associates, The Blue Niel).

Eta, halere, erreferentziak erreferentzia, Cate Le Boneren seigarren disko hori nortasun handiko ibilbide baten barruan kokatzen da. Baditu 80ko pop disdiratsura hurbiltzen diren abestiak —nabarmenena Moderation singlea, baina Harbour ere bizia da—, disonantziak agerian jartzen dituztenak (Running Away), pasarte ia atmosferiko eta onirikoak(Cry Me Old Trouble) eta baita pieza ilun eta barneratzeko zailagoak ere (Pompeii). Wheel-ek ixten du diskoa, elkarren artean gurutzatzen diren tresnen amalgama batekin.

Denborak esango du nora joko duen Le Bonek, baina, kontuan izanik bere lehendabiziko diskoa, Me Oh My (2009), musikari galestarraren diskorik klasikoena dela eta hortik aurrera bere musikak bihurgune ugari hartu dituela, zilegi da pentsatzea segituko duela bide berrietan arakatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.