Literatura

Dolu egiteko ariketa bat

Britainiarren aginte urteen osteko Zimbabwe erresuminez eta gorputz hautsiz beteriko herrialde gisa agertzen du Tsitsi Dangaremgak bere azken nobelan, emakume protagonista baten bitartez.

Harare, uztailaren 28a. Bi egun geroago egin zituzten hauteskunde orokorrak. Zimbabwek independentzia lortu zuenetik lehen aldiz, Robert Mugabe ez zen hautagaien artean. YESHIEL PANCHIA / EFE.
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Sufrimendu oro ez du modu berean antzematen Mendebaldeak. «Munduko txoko bakoitzeko saminari kasu egiteko gai ez gara izango, baina une bat hartu beharko genuke aztertzeko zergatik erabakitzen duen iritzi nagusiak hain azkar indarkeriazko heriotza batzuk esanguratsuagoak direla eta, beraz, oroitu beharreko, beste batzuk baino gehiago», zioen Teju Cole idazle nigeriar-estatubatuarrak Charlie Hebdo aldizkariko kazetarien hilketak eragindako erreakzioaren harira idatzitako Unmournable Bodies-en (Dolugarriak ez diren gorpuak, 2015). Coleren saioaren izenburuari buelta eman dio Tsitsi Dangarembgak (Bulawayo, Zimbabwe, 1959) bere azken nobelan, This Mournable Body (Dolugarria den gorputz hau, 2018), eta lehen orritik bertatik maiz oharkabean igarotzen den munduko txokoan, Dangarembgaren jaioterri den Zimbabwen, indarkeria postkolonialaren hartzaile diren pertsonengana begirada zuzentzera bultzatzen gaitu.

Britainiarren aginte kolonialak desitxuraturiko eta askapenerako borrokak hondaturiko Zimbabwera oparotasun garaia heldu zen 1980ko hamarkadan, independentzia lortu eta jarraian. Hamarkada bat geroago, herrialdea askatasunerako bidean jarri zuen Robert Mugabek bere areriotzat jotakoak sistematikoki zapaltzeari ekin zion, eta ekonomia lur erreformarekin zein politika inflazionistekin leherrarazi zuen. Milurteko aldaketaren atarian, odola eta trauma kiloka saltzen zituen kapitalismoak Zimbabwen.

Tamburen begirada

Krudelkerien katalogo bat da herrialdea, eta bere buruari bigarren pertsonan mintzatzen zaion Tambu, haren lekuko pasiboa. Ingelesezko hezkuntza jaso izanak paregabeko aukerak eskaini dizkio, baina mundu hori guztia atzean utzi behar du, publizitate arloan duen lana barne, eta Hararen pobreak bezala bizi, ostatu batean. Egoera aldaketak, ordea, ez dio bihotza bigundu besteen sufrimenduarekiko. Ez zuen ahizpari hanketako bat ostu zion, eta herriko gerra-emakumeak gogortu zituen askapenerako borrokan parte hartu zuen. Beraz, ez daki zer den besteen alde borrokatzea edo besteen mina norberarena balitz bezala sentitzea. Aitzitik, bere burua zigortu egiten du bere pribilegioez baliatzerik ez duelako.

Tambuk sentitzen duen erresumina pribilegiozko egoera erlatibo baten ondoriotzat jotzen du Jean-Paul Sartrek Frantz Fanonen Les damnés de la terre liburuari idatzitako hitzaurrean. Misio eskolez eta halako erakundeez baliatuta, gizarte maila zurrunak ezarri zituzten kolono europarrek aginte kolonialaren garaian. Populazioa klaseetan banatzea zen helburua, hobeto agindu ahal izateko. «Burgesia koloniala» bihurtu zen horrek, ordea, ez zuen bere estatusaren promesak ustiatzerik izan Zimbabwen: kolonoek atrofiatu egin zuten nahita, eta, independentzia erdietsi ostean, Mugaberen erregimenak hegoak ebaki zizkion botere handiegia lor ez zezan.

Bere gizarte egoeraren arabera bizitzeko nahi eta ezintasunak bere jendearengandik zein bere buruarengandik urrundu du Tambu. Horregatik, agian, distantziatik begiratzen die Zimbabwen emakumeek sistematikoki pairatzen dituzten tratu txarrei. Gelakideari sexualki eraso egiten diotenean, ostatutik alde egiten du, eta emakume alargun baten etxean gela bat alokatzen du. Familia-jabetzen inguruko eztabaida batean, semeek alarguna botila hautsi batekin zauritzen dute, eta, handik egun batzuetara, apopiloetako batek beste bat bortxatu egiten du. Gertaera horiek guztiak ikusi bai, baina, egin, Tambuk ez du ezer egiten. Aitzitik, jazartzaile rolari helduko dio aukera sortzen zaionean. Neskentzako eskola batean irakasle postua lortzen duenean, ikasleengana zuzenduko du, fisikoki zein psikologiko, galdutako aukerek eragindako erresumina, eta bere buruari esango dio ondo ari dela, goiz ala berandu jasan behar izango duten indarkerian «prestakuntza» ematen ari zaiela.

Ironia handia da independentzia ostean aginte koloniala ordezkatu duen sistemak aurrekoaren indarkeriazko taktikei jarraipena ematea. Kolonialismoa ez baita amaitzen kolonoek alde egin ostean; herrialde batek ez du boterea eskuratzen independentzia lortu ostean. Zauriak sakonak dira, eta gorputzak, Tamburena bezala, hautsita daude. Fanonen Les damnés de la terre liburuko hitzaurrean Sartrek dio «kolonizatuaren egoera kolonizatzaileak eragiten eta mantentzen duen neurosi egoera da, kolonizatuaren beraren onarpenarekin». Baina nola onartzen du kolonizatuak, zehazki, jazarpen egoera? Neokolonialismoaren garaian, beste aukerarik ote du?

Nyasharen begirada

Nobelako protagonistak ez bezala, emakumeei buruzko ikuspegi itxaropentsuagoa eskaintzen du haren lehengusina Nyashak. Azken horrek beren buruak ahalduntzeko tailerrak eskaintzen dizkie herriko emakumeei, bere iritzia baita «emakume gazteek ez [dutela] beren potentziala zineman edo mutil lagunen bidez aurkituko, beren barru-barruan baizik, beren historiak kontatuta». Nyasharen helburua da munduak bazterturiko Zimbabweko jendea bultzatu eta ikusaraztea, haien gorputzak dolugarri izatea.

Tamburi, hasieran, ulertezina egingo zaio gerran bizirik iraun duen batek besteekiko hainbeste kezka agertzea. Behin bere buruari egia aitortutakoan, baina, ezingo ditu gehiago ukatu inguratzen duen errealitatea eta orain arte bete duen konplize rola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.