Musika

Billie Holiday, bueltan beti

Jazz kantaria ezagutu zuten dozenaka pertsonari egindako elkarrizketak oinarri hartuta, 'Billie' filma egin du James Erskinek. Asteburu honetan ziren estreinatzekoak.

BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Linda Lipnack Kuehl. AEBetako institutuirakasle bat. Kazetaritzazalea eta Billie Holiday abeslariaren (Filadelfia, 1915-New York, 1949) mireslea. 1971n abiarazi zuen bere idoloaren biografia idazteko proiektua, gertutik eta zeharka ezagutu zuten dozenaka eta dozenaka pertsona lokalizatu eta elkarrizketatuz: Tony Bennett, Count Basie, Sylvia Syms, Charles Mingus, Sarah Vaughan, eta beste hamaika lankide; haurtzaroko adiskideak; segika izan zituen FBIko agenteak; nerabezaroan prostituziora bultzatu zuen proxeneta... 125 kasetetan jasotako grabazioak, 200 ordu guztira, sekula biografia bihurtu gabeak, Lipnack Kuehl 1979an hil zelako.

Bildumagile pribatu baten esku egon dira grabaziook azken hamarkadetan, eta James Erskine zuzendari ingelesak horiek erabiltzeko eskubideak erosi, pasarteak aukeratu, bestelako dokumentazio lana egin, aurkitutako filmaketa eta argazki zenbait koloreztatu, eta Billie film dokumentala osatu du. Iazko irailean eman zuen, Tellurideko zinemaldian (Colorado, AEB); asteburu honetan ziren estreinatzekoak Erresuma Batuko zinema areto komertzialetan. Larrialdi egoera pandemikoak bertan behera utzi ditu emanaldiok, baina. Birtualki ikusteko aukera eman zuten herenegun, Londresko jazzaldiaren egitarauaren barruan, eta,filmaren soinu banda salgai jarri du Verve/UMe etxeak.

Bizitza bete bortxa

Billie Holidayren «kondairaren» berrikusketa bat proposatzen du Erskinen lanak. Kondaira bat baita abeslari estatubatuarra, oraindik ere, musika zale askorentzat. Jazz zaleentzat, zer esanik ez.Genero horrek izan duen abeslari onenetakoa izateaz gain,XX. mendeak genero guztietan utzitako harraibitxietako bati eman zion boza: Strange Fruit kantari, AEBetako hegoaldean ohikoak ziren lintxamenduen aurka Abel Meeropolek sortutako ereserkiari. Kanta horrek eragin apartekoa izan zuen Holidayren bizitzan, gainera, Erskinen dokumentalaren arabera: 1939an kantatu zuen lehen aldiz, eta bere kontzertu guzti-guztietan interpretatuko zuela jasoarazi zuen kontratuan, ohikoak zituen entzule zuriei kantatu nahi zielako. Ordurako, aski ikasia zuen artistak zein zen beltzen tokia AEBetako gizarte arrazistan. Eta kanta hori kantatzen hasi orduko, FBI zelatan hasi zitzaion, droga mendekotasun salaketak tarteko.

Holidayk bazekien emakumeen zapalkuntzari buruz ere. 10 urte zituenean, bortxatu egin zuten. Bizitza osorako arrastoa utzi zion horrek. Nerabezaroan prostituzioan aritu zen hainbat urtez, eta 1930eko hamarkada hastapenetan, jazz klubetan kantari hasia zen. 1933an argitaratu zuen lehen lana, Benny Goodmanek gidatutako musikari taldea lagun: Your Mother's Son-In-Law. Handik aurrera, jazz munduko musikari onenentsuetako askorekin grabatu zuen. Kondairazko pasarte metaketa abian zen. Jazz kantari handienen mailara heldua zenean ere, baina, debekatua zeukan entzulez betetzen zituen antzokietara sarrera nagusitik sartzea, bere larruaren beltzagatik. Harreman gatazkatsuetan espezializatu zen: gaizki tratatzen zuten gizonekin bizitzera ohitu zen, bere aurkako indarkeria naturalizatzera heldu. Erskinen dokumentalak ematen ditu horren inguruko zertzelada batzuk, Holiday joera masokistako pertsona ote zen iradokitzeraino. «Sekula ez nintzen Billierekin oheratu», dio grabaketa batean John Hammondek, Holiday arrakastaren bidean jarri zuen ekoizleak, hori zerbait arraroa balitz bezala.

Arrazarena eta generoarena ez ziren izan Billie Holidayk ezagututako menpekotasun bakarrak, baina. Drogekikoak eraman zuen kartzelara —alkohol eta heroinarekikoak, batez ere—, klubetan kantatu ahal izateko baimen ofiziala galtzera, eta, azkenik, hilobira. Etxeko atxiloaldian zegoen hil zenean, 1959ko irailaren 17an. 44 urte zituen. «Jakin nahi nuke zergatik hausten diren neska kantari guztiak», dio Tony Bennetek, Lipnack Kuehlen galderei erantzunez. Billie filma ikusita, galdera beste bat da: nolatan ez ziren lehenago hautsi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.