Nonahi behar dute katalana

Hizkuntzaren Aldeko Itun Nazionalaren lehen bilera egin dute Katalunian. Txosten batek jaso du gizarte zibilaren lana funtsezkoa izan dela Disney Plusek edukiak katalanez jartzeko.

Hizkuntzaren Aldeko Itun Nazionalaren lehen bilera eta agerraldia asteazkenean egin zituzten, Bartzelonan. A. DALMAU / EFE.
urtzi urkizu
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Katalana zenbait sektoretan egoera eskasean dagoela eta egoerari buelta eman behar diotela ondorioztatu dute unibertsitate arloko zenbait adituk txosten batean. Katalanarentzako berdintasunezko akordio linguistiko bat da lana, eta asteon argitaratu du Kataluniako Generalitateko Kultura Departamentuak. Hizkuntzaren Aldeko Itun Nazionalaren lehen bileran aurkeztu dute txosten hori, Generalitateko jauregian, Bartzelonan. Itunak hizkuntza politikaren bide orri bat finkatu nahi du. Horretarako, Generalitateak prozesu parte-hartzaile bat zabalduko du udaberrian, herritarren ideiak eta proposamenak jasotzeko. Udazkenean, jasotako informazioa bueltan emango dio gizarteari, eta abenduan sinatuko dute Hizkuntzaren Aldeko Itun Nazionalaren behin betiko agiria.

Adituen txostenean, argiak eta itzalak antzematen dira katalanarentzat. Erronken artean dago gazteentzako katalanezko eduki erakargarrien ekoizpena sustatzea. Aipatu dute sare sozialetan katalanezko edukiak falta direla, baita Interneteko plataforma handietan ere. Kataluniako hedabide publikoetan ere bide horretan ahalegindu behar dutela ondorioztatu dute. Kezka nabaria da, nahiz eta Generalitateak aurten inoiz baino aurrekontu handiagoa eskaini dion ikus-entzunezkoen ekoizpenari.

Txostenak jasotzen dituen datuen arabera, esanguratsuak dira streaming plataformen kontsumo gorakadari buruzkoak:EGMren arabera, 2021eko irailean, Kataluniako herritarren %56,5ek zuten Netflix zerbitzua kontratatua; %36,7k dute Amazon Prime Video; eta %15ek HBO Max. Ikerlariek ohartarazi dute oso-oso gutxi direla plataforma horietan guztietan katalanez ikus daitezkeen edukiak.

Edonola ere, txostenean nabarmendu dute sare sozialetako herritarren aktibismoak, Plataforma per la Llenguaren kanpainak —sinadurak biltzeak, besteak beste— eta Kataluniako Generalitatearen ekimenak eragina izan dutela Disney Plus plataforman, eta horregatik jarri dituela katalanezko audioak bikoiztuta zeuden pelikuletan.

Pantailak Euskaraz taldeak erreferentzia egin dio puntu horri, eta zera adierazi du: «Kataluniak erakusten digu gizarte zibila gai dela plataformetan eragiteko. Herritarren sareko aktibismoari esker eta Plataforma per la Llenguaren eta Generalitatearen ekimenari esker, Disney Plusek katalana plataforman eskaintzea lortu baitzuten».

Aste honetan bertan, Generalitateko Kultura kontseilari Natalia Garrigak zera iragarri du TVEn: «Plataformetan zuzenean estreinatzen diren telesail eta filmak katalanez bikoiztu nahi ditugu». Asmoa beste adierazpen honetan islatzen da: «Gaztelaniara bikoiztutako zerbait ikusteko aukera dagoen heinean, katalanera bikoiztuta ikusteko aukera ere behar litzateke».

Bestelakoa da Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak urtarrilaren 2an BERRIAn esan zuena: «Erabaki behar dugu 100.000 euro eman behar dizkiogun Disneyri film bat jartzeko edo gure gazteei eta sortzaileei beste bide batzuk zabaldu behar zaizkien euskaraz sortzen jarraitzeko».

Katalana telebistan, behera

Ikerlarien txostenean jasotzen denez, zinema aretoetan katalanezko filmak ikusten dituztenen kopuruek beherantz egin dute nabarmen azkeneko urteetan: 2013an eta 2014an, 500.000 ikuslek baino gehiagok ikusi zituzten pelikulak katalanez, eta, 2020an, —COVID-19a tarteko— ez ziren 100.000ra iritsi.

Bestalde, lana osatu dutenek kezka adierazi dute bideo jokoen sektorean katalanak presentzia txikia duelako.

Komunikabideei dagokienez, katalanezko prentsaren eskaintzak hobera egin du: eskaintza osoaren %62 da katalanez, eta %38 gaztelaniaz. Irratigintzan parekoa da katalanezko eta gaztelaniazko eskaintza. Telebistan, beherantz egin du katalanezko eskaintzak: 2008an, %32 zen katalanez; 2019an, %10era jaitsi da. Gaztelaniazko kateen ugaritzeak ekarri du desoreka hori.

Ikerlariek ohartarazi dute, halaber, adimen artifizialeko aplikazioetan katalana ez dela ageri. Funtsezkotzat jo dute politika egokiak sustatzea datu irekien etikan, gardentasunean eta irisgarritasunean. Katalanezko hizkuntza teknologiekin arituko den zentro bat sortzea proposatu dute. Beharrezkotzat jo dute, halaber, «estatu mailako» eta Europako erakundeen laguntza eta konpromisoa, katalanak eta katalan kulturak etorkizuna izan dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.