Konpartsakide eguna

Jai gosea asetzen hasteko

Konpartsakide Eguna ospatu dute Bilbon, Aste Nagusia hurbiltzen ari den seinale. Berriz elkartzeko eta festak murrizketarik gabe egiteko gogoz mintzatu dira konpartsakideak.

Piztiak-eko kideak, pintxo txapelketarako errezeta sekretua probatzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Mahai eta aulki ilara luzeak Areatzako pasealekua zeharkatzen. Konpartsetako uniformeekin jantzitako taldetxoak, apurka, karpa azpietara iristen, bazkaria prestatzeko tresnekin eta osagaiekin. Besarkadak, algarak, lehen garagardoak. Umeak, ur jolasekin, beroa arindu nahian, eta helduak, umeen inbidiaz, jolasean. Irrintzi konpartsaren txistu doinuak kalejira abiatzen, eta, ondoren, bozgorailuak lotsa galtzen eta bestelako musikak astintzen. Jai giroa arnas zitekeen atzo Bilboko Areatzan: Aste Nagusia hurbil dagoen seinale izaten da Konpartsakide Eguna, eta, bi urteko geldialdiaren ondoren, berezia izan da aurtengoa. Pandemia aurreko festak etorri zitzaizkion gogora bati baino gehiagori, eta zirrara horrekin agurtu zuten elkar Bilboko Konpartsetako partaideek. «Ilusio handiz etorri gara. Elastikoak ikustea, jendea... eta hain gurea den espazio honetan elkartzea», esan zuen Sinkuarteleko kide Julia Sanchezek. Asmo handinahia eta aldi berean sinplea agertu zuen: «Dantza egitea eta egun zoragarria pasatzea!».

Funtsean horixe baita Konpartsakide Egunaren helburua: Aste Nagusirako hilabete pasatxo falta dela —35 egun, Plaza Barrian jarritako kontagailuaren arabera—, konpartsetako partaideak elkartzea, giroa berotzea, ospatzen hastea, eta, bide batez, lan bileraren bat inprobisatzea. Aitzakia horrekin, hainbat jarduera antolatu dituzte: ogi eta ardo dastaketekin hasi dute topaketa, eta, bazkaria prestatu bitartean, pintxo txapelketa ere egin dute.

«Hauxe izango da pintxo irabazlea», aldarrikatu du Piztiak konpartsako kide batek, prestatu berri duen madari frijitukia lagunaren gustukoa dela ikustean. Errezeta eskatu dio kazetariak, baina sekretupean gorde nahi izan du. «Nik uste dut asmatzen ari dela», esan du, barrez, Jaione Bilbaok. Alboan du Nerea de las Heras; lehen konpartsakide eguna du, eta aitortu du urduri samar dagoela: «Dena da berria niretzat. Jaiak beste modu batera bizitzeko sartu naiz konpartsan; kanpotik ikusita, ez nintzen ohartzen zenbat lan dagoen festen atzean, baina konpainia onean dena da posible». Bilbaok erantsi du konpartsak familia moduko bat direla: «Nik asko ikasten dut kideekin. Gurea konpartsa antiespezista da, baina feminismoaz ere irakatsi didate: kontzientzia berri bat eman dit honek».

Bazkarirako mahaiak atondu ostean, ingurura irribarrez begira dago Iker Callado: «Gogoa dugu berriro Aste Nagusia heltzeko, eta gaur jendea xaxatzeko eguna da. Oso giro ona eta alaia dago; aspaldi ikusi gabeko lagun askorekin egingo dugu topo». Hordago Abanteko kidea da, eta konpartsan sartu berriei ongietorria egiten ari zaie. Hain justu, BERRIAren bidez iritsi da Janina Euliarte haiengana: «Harpideduna naiz, eta, Korrikan konpartsak eta egunkariak egin zuten kilometroaren harira, haiekin harremanetan jarri nintzen... Eta hemen nago». Euskara berreskuratu nahian dabilela gaineratu du: «Txikitan ikastolan ikasi nuen, baina hamasei urte egin ditut atzerrian, euskararekiko ia harremanik gabe; poliki nabil orain».

Badu norekin praktikatu. Txinbotarrak-eko kide Galder Segurola batu zaie solasaldira. «Pozgarritzat» jo du konpartsek berriro kalea hartzea: «Festak murrizketarik gabe egitea zoragarria izango da. Bestelako ekitaldietan jada elkartu gara, Bilbo Kantari-n adibidez, eta oso ondo joan da». Giroan antzeman du «kristoren gogoa» dagoela jaietarako: «Aste Nagusi berezia izango da. Geldialdiaren ondoren motorrak martxan jartzea pixka bat bat kostatzen ari zaigu, eta gaur da ekiteko eguna».

Mamikiren txosnarik ez

Hutsune nabarmen batekin itzuliko dira, halere, jaiak Bilbora: Mamiki konpartsa feministak ez du txosnarik jarriko aurten. «Horrek ez du esan nahi desagertuko garenik: Konpartsakide Egunera etorri gara, eta Aste Nagusian ere egongo gara, beste modu batera, baina ahalik eta jarduera gehienetan parte hartuz», azaldu du Ana Ruizek. 1979an sortu zenetik ez du hutsik egin Mamikik, baina oraingoan ez dira txosna muntatzeko moduan izan. Dena den, aurrera begira daudela berretsi du Ruizek: «Ondo pasatuko dugu, eta saiatuko gara indartzen eta kide berriak erakartzen. Mamikiren elastikoa ikusiko duzue, seguru».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.