Musika

Behin izandakoaren oihartzuna

Echo & the Bunnymen taldea atzera begira jarri da disko berrian, eta bere garairik oparoeneko kantu klasikoak berrasmatu eta borobildu ditu, soinu landuarekin eta orkestrazio zabalarekin.
Echo & the Bunnymen taldea, artxiboko irudi batean.
Echo & the Bunnymen taldea, artxiboko irudi batean. ROGER SARGENT

Andoni Imaz -

2019ko otsailak 10
Erresuma Batuko rock eszenako talde ikoniko bat da Echo & the Bunnymen. Joan-etorri, gorabehera eta eraldaketekin, garai batetik bestera egokitzeko ahaleginetan urteak eman ditu taldeak, behin izandako mitoaren ondarea bizirik mantentzen. Imitatzaileen beharrik izan gabe, taldea bizirik dagoela erakusteko, iraganeko lanak berrikusi eta berrasmatu zituzten iaz, The Stars, the Oceans & the Moon diskoan. 40 urteko ibilbidea bildu zuten hamahiru kantutan, eta bi abesti berri ere aurkeztu zituzten. Astearte iluntzean, Donostiako Viktoria Eugenia aretoan emango dute kontzertua.

«How far do you think we've come? [Noraino uste duzu heldu garela?]», galdetzen dio entzuleari Ian McCullochek How Far? kanta berrian. Arrakasta handieneko garaiei begiratzeaz gain, oraindik zer esana eta zer emana baduela erakusten dute McCullochek eta Will Sergeantek, beste zenbait musikariz inguratuta.

The Somnambulist du izena diskoko beste abesti berriak. 1980ko hamarkadako ahotsik bereizgarrienetako baten hipnotismoa da haren indargunerik agerikoena. Ahots helduaren atzean, gauzak beste modu batera egiteko gizon heldu baten nahia dago: «Ez inorengatik, baizik eta kantak beste era batera entzun nahi nituelako».

80ko hamarkadan jo zuen goia taldeak, 1980. eta 1987. urteen artean, zehazki, eta igartzen da hori abestien aukeraketan. Ordukoak dira Crocodiles (1980), Heaven Up Here (1981), Porcupine (1983) eta Ocean Rain (1984) diskoak, eta garai hartakoa da Bring on the Dancing Horses abesti ezaguna ere. Hark irekitzen du disko berria. Soinu garbi eta modernizatuarekin, orkestrazio handiagoa hartu du klasiko eraldatuak.

Garai bateko inperfekzioa garbitasuna da orain, kanta zaharrei bizi berria emanda. Crocodiles lehen diskoko Rescue eta Stars Are Stars abestiak dira adibide argiak. Sergeantek lehen lanaren freskotasunetik sortutako riff biziek protagonismoa utzi diote xehetasunez betetako ekoizpen landuari. The Killing Moon kanta ezagunaren bertsio biluziak ixten du diskoa, garrantzia melodiari emanda.

Makina bizia

Esan ohi da Echo zela taldeak bateria hotsa egiteko erabiltzen zuen makinaren izena, eta hortik datorrela taldearen beraren izena. Halere, diskoetxeak hala eskatuta, bateria jotzaile batekin grabatu zuten lehen diskoa McCullochek, Sergeantek eta Les Pattinson baxu jotzaileak.

Ez zen denbora asko igaro makina alde batera utzi eta arrakasta lortu bitartean. Zerrendetako goialdean egoten ziren taldearen lanak 80ko hamarkadan, harik eta McCullochek taldea uztea erabaki, eta hura kolokan geratu zen arte. Abeslaria aldatuta, proiektuak kostata egin zuen aurrera, taldeko buruak bere aldetik Candleland bakarkako diskoa atera zuen bitartean.

1994an elkartu ziren berriz, eta Evergreen diskoarekin sona berreskuratu zuten. Hango Nothing Lasts Forever singleak berebiziko indarra dauka disko berriko bertsioan. Kanta hori eta Rust dira 90eko hamarkadan kaleratutakoen artetik aukeratutako bakarrak, eta ez dago XXI. mendeko bakar bat ere, dagoeneko lau disko argitaratu dituzten arren.

Mitoaren izenari eusten eman dituzte urteak, eta aukera baliatu dute material klasikoaren berrikuspen propioa egiteko. Ez da lan makala Echo & the Bunnymenen iraganeko soinuak erabiltzea oraingoak birdefinitzeko, baina beren buruari egindako aitortza bizia da The Stars, the Oceans & the Moon.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna