Musika

Hoodoo Gurus, antipodetako rockaren ikurrak

Erritmo eta doinu itsaskorretan maisu, rock-and-rollaren eta power poparen erreferente da Australiako taldea. Gasteizen izango da datorren ostegunean, Hell Dorado aretoan.

Ezker-eskuin: Brad Shepherd, Mark Kingsmill, Dave Faulkner eta Richard Grossman.
Ezker-eskuin: Brad Shepherd, Mark Kingsmill, Dave Faulkner eta Richard Grossman. BERRIA

Aitor Biain -

2019ko abenduak 1

Rockaren loraldi berri baten erantzuleetako bat izan zen Australia, 1980ko hamarkadan. Elektronika eta dance doinuak rockaren zimenduak kolokan jartzen ari ziren bitartean, Ingalaterratik kanpoko herrialde anglosaxoietan new wavea eta rock alternatiboa indarra hartzen hasi ziren. Eszena berri horretan zeresana izan zutenetako bat izan zen Hoodoo Gurus taldea. 1981ean elkartu zen Dave Faulkner, James Baker, Kimble Rendall eta Roddy Radalj laukotea, Sydneyn. Hiru gitarrista eta bateria jotzaile batek osatzen zuten taldea oinarrian, eta 70eko hamarkadaren hondarrean AEBetan ezagun egin ziren punk eta post-punk doinuetatik edaten zuen taldeak hasierako urteetan.

Le Hoodoo Gurus moduan egin zituzten lehen urratsak, eta, besteak beste, The Stooges, The Cramps, The New York Dolls eta Ramonesen eragina izan zuten hastapeneko garai haietan. Baina laukoteak berehala sortu zuen bere soinu propioa, eta rock alternatiboaren erritmoak eta pop doinu itsaskorrek eraman zuten taldea gorenera. Egun, rock-and-rollaren eta power poparen ikurretako bat da Hoodoo Gurus.

Lehen kontzertua egin eta urtebetera argitaratu zuen laukoteak bere lehen singlea: Leilani. Ordurako, ordea, taldetik kanpo zeuden Rendall eta Radalj, eta Brad Shepherd gitarristak eta Clyde Bramley baxu jotzaileak ordezkatu zituzten. 1984an iritsi zen lehen diskoa: Stoneage Romeos. Eta harekin batera, arrakastaren lehen zantzuak. Mars Needs Guitars (1985) bigarren bildumak ordurako Mark Kingsmill zegoen baterian eman zien, ordea, gorenera iristeko behar zuten bultzada erabakigarria. Alde guztietatik rocka arnasten zuen diskoa izan zen, eta Bittersweet, Death defying, Like Wow Wipeout, Poison Pen eta The Other Side of Paradise kanturik entzunenen zerrenda guztietara iritsi ziren. Harrera bikaina izan zuen diskoak nazioartean, eta horren adibide izan ziren Europan eta AEBetan egin zituzten kontzertu birak.

Jarraian etorri ziren Blow Your Cool! (1987), Magnum Cum Louder (1989), Kinky (1991), Crank (1994) eta Blue Cave (1996) lanak. 1987an Rick Gossmanek Clyde Bramleyren lekua hartu izanak ekarri zuen, halere, taldearen egonkortzea; kide berberak izan ditu taldeak ordutik. Estudioko zazpigarren lana argitaratu eta urtebetera etena egingo zuela iragarri zuen Faulknerrek. Ez zen oso argi geratu eten soil bat izan ote zen ala behin betiko agurra. Nolanahi ere, 1998ko urtarrilaren 11n eman zuten azken kontzertua Melbournen.

Nork bere bideari ekin zion orduan, harik eta 2001ean berriz elkartu ziren arte. Ez zen Hoodoo Gurus moduan izan, halere. The Moops izenpean taularatu zen laukotea aurrena, eta Persian Rugs bezala ondoren. EP bat eta LP bat grabatu zituzten gisa horretan. Elkarren artean sorkuntzarako zuten kimikak elkartu zituen berriro 2003an, Faulkanerrek berak adierazi zuenez: «Talde batean nolabaiteko kimika dago elkarrekin lan egiten duzunean. Eta egia esateko, ez nintzen magia horretaz jabetu taldea banandu zen arte». Hamasei urteko lehorteari amaiera eman, eta estudioko zortzigarren diskoa argitaratu zuen taldeak 2004an: Mach Shau. Arrakastara eraman zuten rock eta power pop doinuak berreskuratu zituzten disko hartan.

2007an mundura atera zen ostera laukotea, eta nazioarteko biraren barruan Euskal Herrian egin zuen geldialdia: Gasteizko Azkena Rock jaialdian izan ziren; Bilboko Kafe Antzokian jo zuten urtebete geroago. Bueltan dira, hirugarrenez, orain artekoa kasualitatea ez dela berresteko asmoz.

KONTZERTUA

Non. Hell Dorado aretoan, Gasteiz.

Noiz. Ostegunean, 22:30ean. Aurretik La Secta taldeak joko du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna