Musika

Sustraien gorazarre

The Black Keys bikoteak 'Delta Kream' diskoa kaleratu du, erreferentetzat izan dituzten musikariak eta doinuak omentzeko. 11 blues abesti ezagunen bertsioekin osatu dute.

Dan Auerbachek eta Patrick Carneyk duela hogei urte sortu zuten The Black Keys. THE BLACK KEYS.
aitor biain
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Zuzenean sustraietara egindako bidaia bat da Delta Kream, The Black Keys taldearen disko berria. Musikaren ibilguan ibaian gora egindako bide bat, bokaletik abiatu eta iturbururaino. Zehatzago esateko, Ameriketako Estatu Batuetan, Mississippi ibaian egindakoa da; haren ertzetan sortu baitziren country blues doinuak, eta haren iturritik edan baitzuten Dan Auerbachek eta Patrick Carneyk nerabezaroan, blues-rockaren eszenako bikoterik esanguratsuena bilakatu baino lehen. Atzera begirako bidaia horretan, oinarriei begiratu diete, eta hastapenetan erreferentetzat izan zituzten blues musikariak eta doinuak omendu nahi izan dituzte, beren erara moldatutako 11 kanturen bertsioak onduz.

Mende berriarekin batera eratu zuten The Black Keys Auerbachek eta Carneyk, 2001ean, Ohioko Akron hirian. Gazte garaitik ezagutzen zuten elkar, eta ikasketak amaitu berritan hasi ziren musika egiten, garaje eta sotoetan egiten zituzten saioetan. Handik urtebetera eman zuten debuteko diskoa: The Big Come Up (2002). Jarraian etorri ziren Thickfreakness (2003), Rubber Factory (2004) eta Magic Potion (2006), eta haiekin batera iritsi zitzaizkien entzuleak eta jarraitzaile finkoak. Taldeak Brothers (2010) diskoarekin erdietsi zuen eszena komertzialeko ospea, nolanahi ere.

Autoekoitzitako eta beren kabuz grabatutako lanak plazaratzetik, izen handiko estudio eta zigilu batekin argitaratzera igaro ziren. Eta, horri esker, garage rockaren eszenan izen propioa izatea lortu zuen taldeak. Musikariek aitortu dute, halere, Mississippiko country bluesak eman diola «forma» sortu duten musika guztiari. «Hainbeste hill country entzuteak belarria egiten lagundu zigun», azaldu du Auerbachek. «Elkartzeko eta musikarekin jolasteko dugun moduaren oinarria da», azpimarratu du Carneyk.

Robert Lee Burnside, David Kimbrough Jr., John Lee Hooker, Fred McDowell edo Joseph Lee Williams bezalako bluesaren mitoekin hazi ziren biak ala biak, eta haien doinuak izan dituzte inspirazio iturri azken hogei urteetan. Bada, haien abestien bertsioak egin eta disko batean kaleratzearekin, zirkulua itxi nahi izan dute orain; aspaldiko zorra kitatu, Auerbacheren hitzetan: «Hastapenetatik nabarmen eragin digun Mississippiko country bluesa omentzeko egin dugu disko hau». Besteak beste, Going Down South, Stay All Night, Crawling Kingsnake, Louise, Poor Boy a Long Way From Home eta Mellow Peaches bezalako abestiak moldatu dituzte. «Abesti horiek oraindik ere garrantzitsuak dira guretzat, Patek [Carneyk] eta biok gure instrumentuak hartu genituenean eta elkarrekin jotzen hasi ginenean bezain garrantzitsuak».

Taldearen estudioko hamargarren lana da Delta Kream. Iaz, erdi-inprobisatuta sortu zuten, Kenny Brown gitarristarekin eta Eric Deaton baxu jolearekin estudioan egin zuten prestatu gabeko saio batean. Biak ala biak maiz aritu izan dira Mississippiko deltako musikariekin, eta ongi ezagutzen dituzte haien kantuak. Bada, elkarrekin jotzen hasi, eta bi egunen buruan ondu zuten bertsioz osatutako diskoa, guztira hamar ordu iraun zuten bi saiotan.

«Agian ez daukagu arrazoi komertzialik disko hau plazaratzeko», esan du Carreyk: «Baina garrantzitsua da guretzat». Izan ere, omenaldi moduan ez ezik, transmisio ariketa gisa hartu dute diskoa: «Nerabe nintzela ezagutu nuen Burnside, Jon Spencerrekin Ass Pocket of Whisky diskoa egin zuelako. Spencerrengatik ez balitz, auskalo noiz entzungo nukeen hari buruz. Agian gauza bera egin dezakegu guk orain 16 urteko gazteekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.