Literatura

Mutututako esparruen emakumezko ahotsa

Slavenka Drakulicek Bosniako gerraren bizipen lazgarriak jasotzen ditu 'Han ez banengo bezala' eleberrian. Emakumeen kontrako bortizkeriaz eta gizakiaren «beste aldeaz» egiten du gogoeta, idazkera zuzenarekin.

Slavenka Drakulic idazlea, Han ez banengo bezala liburua eskuetan, Donostiako Kaxilda liburu dendan. JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz.
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Izenik gabeko emakumeek kontatzen ez dutena kontatzeko adorea bildu zuen Slavenka Drakulic kazetari eta idazleak (Rijeka, Kroazia, 1949). «Baliteke moralki okerra izatea, baina sentitu nuen emozio horiek betetzeko lana egin behar nuela». 1990eko hamarkadan, gerra heldu zen Jugoslavia zaharrera, eta, zehatzago, Bosniara. «Norbaitek besterik gabe etxeko atea ireki, eta gerra bizitzan sartzen da, pertsonaren barnean. Badaki ordutik aurrera ez dela inongo oztoporik izango gerraren eta beraren artean». Haren zain egon gabe, gerrak hartu zituen Bosniako hainbat emakumeren etxeak, bizitzak eta gorputzak. Kontzentrazio esparruetan bildu zituzten, zenbaki bilakatu, eta haien bizitzei zentzu guztia erauzi.

Bosniako gerraren testuinguruan kokatu zuen Drakulicek Kao da me nema eleberria (Feral Tribune, 1999), emakumeen orduko bizipenez jositako kontakizun gordina. Orain, Amaia Apalauza itzultzaileak euskarara ekarri du lana, Pasazaite argitaletxearekin: Han ez banengo bezala. Literaktum jaialdian izan zen udazkenean Drakulic bera, eta liburuaz aritu zen Donostiako Kaxilda liburu dendan, Iban Zaldua idazlearekin batera.

Jugoslavia zeneko mugimendu feministaren aitzindarietako bat da Drakulic. Egun, hainbat komunikabidetan dabil lanean: The Nation egunkariko editore kontseiluko kide da, eta The New Yorker Review of Books-en eta The Guardian-en kolaboratzen du, besteak beste. Saiakeraren, kronikaren eta nobelaren artean mugitu da, eta feminismoaren eta emakumearen egoeraren inguruan argitaratu zuen lehen liburua: Smrtni grijesi feminizma (Feminismoaren bekatu hilgarriak, 1984); «feminismo balkanikoaren klasiko bat», Zalduaren hitzetan. Azken urteotan, artearen eta zientziaren arloetako emakume gutxietsiei buruzko nobelak idazten ari da.

Han ez banengo bezala da idazlearen libururik ezagunena: hamabost hizkuntzatara itzuli dute. Liburu «zaila» da egilearentzat, idazteko zein irakurtzeko. Zaila, egia delako, benetan gertatu zelako. Urte asko eman zituen idazten, testigantzak biltzen eta narrazioa osatzen.

Kazetaria da Drakulic, baina kazetaritza lanekin puntu bateraino soilik irits daitekeela uste du; gero, «paretaren aurka zoaz». Iruditzen zaio irakurleak ez direla «identifikatzen» kazetaritza lanekin, gainditu ezin daitekeen distantzia horregatik. Dokumentatutako istorioekin, berriz, zera gertatzen dela uste du: «Irakurtzen duzu bat, dramatikoa da, negar egiten duzu, eta bukatu egiten da. Bigarrenarekin, berdin. Azkenerako, nekatu egiten zara». Orduan, benetan gertatu ziren datuak bildu zituen, eta guztiekin pertsonaia bat sortu. Esparruetan, zenbaki bilakatzen zituzten emakumeak; liburuan, inizial.

Idazlearen beraren iniziala darama protagonistak: S. Bosniako herrixka batean irakasle lanetan dabilen emakume gazte bat da, familia misto bateko alaba: ama serbiarra du, eta aita, berriz, musulmana. Serbiarrak herrian sartzen direnean, jatorri musulmaneko gainontzeko herritarrekin batera atxilotu egiten dute, emakumeen kontzentrazio esparru batera eramateko. Ondorengo hamar hilabeteen kontakizuna osatzen du idazleak nobelan.

Bosniako gerrako aldirik latzenean kokatu zuen istorioa: 1992. urtean. Fikzioa da, baina Zalduak ez luke esango nobela historikoa denik: «Nobela garaikidea da, gertakari batzuetan oinarritua badago ere». Izan ere, gerraz ari den arren, badago kontakizun unibertsalago bat atzean, gizarteaz eta giza kondizioaz ari dena. «Bortxaketaren kulturaz ari da: gerraren testuinguruan nagusitu egiten da, baina hor dago bake garaian ere».

Tranparik gabe

Eleberriaren pesimismoaz galdetuta, erantzun argia dauka egileak: «Ez da pesimismoa: errealismoa da». Gizakiaren «beste aldearen» erretratu bat: «Onak gara, baina ez dakigu noiz eta nola bilakatuko garen bestelakoak».

Gerraren eta gizatasuna kentzearen inguruko liburu bat da, eta memoriari buruz hausnartzeko gonbita ere egiten dio irakurleari: «Zer egin behar dugu, ahaztu edo gogoratu? Norentzat da mesedegarria gogoratzea, biktimarentzat edo biktimarioarentzat? Memoria mendekuaren iturri bihurtuko da, eta, beraz, indarkeriaren eragile?». Zera dio liburuaren pasarte batek: «Ona da gogoratzea, ala errazagoa da bizirik irautea behinola bizi arrunt bat izan genuela ahaztuz gero?».

«Tranparik gabeko» liburu bat da Zalduaren ustean,suspenserik gabea; «hori nobelagintza onaren seinalea iruditzen zait». Emakumeak «gauza bihurtzearen» prozesu osoa kontatzen du, «apaindurarik eta alferrikako metaforarik gabe. Ez dago esperientzia literarioki puzteko inolako ahaleginik».

Liburuarekin lanean ari zela, Drakulic konturatu zen trauma bat bizi izan duten emakumeek ezin dutela horretaz hitz egin, ezin dutela xehetasunetara jo. Emakume batekin zuzenean hitz egiten, honela kontatu zion bizi izandakoa: «Soldaduak ondoko herrian zeudela esan zidaten aurrena, eta arratsaldean, laurak aldera, lau gizon ikusi nituen nire etxetik pasatzen. Gelditu, eta esan zidaten: 'Non dago zure senarra?'. 'Ez daukat senarrik', erantzun nien. 'Ez duzu armarik etxean?'. 'Ez'. Barrura etorri ziren, eta urrea eta dirua eskatu zizkidaten. Orduan, nire gelara eraman ninduten, eta hori egin zidaten». Inor ez zen harago joaten, hor bukatzen ziren xehetasunak. Idazleak askatasuna hartu zuen puntu horretatik aurrera joateko, imajinatzeko. Hala, inguruan ikusitako sentipenei hitzak jarri zizkien. Honela dio soldaduak etxera sartzen direneko pasarteak: «Berak ez daki nola deitu, nahiz eta badakien dagoeneko asmatua dutela hitz bat horretarako: gerra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.