Literatura

Norberaren kartzelaren tamaina

Negar Djavadi idazle irandarraren 'Désorientale' nobelak ama izan nahi duen protagonista lesbiana bat du ardatzean. Herrialdea atzean utzi eta Frantzian babes hartu behar izanaren ondorioak ditu kontagai.

2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ugalkortasun klinika bateko itxarongelan berarekin batera zain dauden gizon-emakumeak ez bezala, Kimia, Negar Djavadiren (Iran, 1969) Désorientale (Desorientala, 2016) nobelako protagonista, ez dago ezkonduta. Gezurra esan behar izan zien medikuei: prozedurarako esperma eman dion gizonarekin —hiesa garatzen hasi den gaztea hura— ezkontzekoa dela «laster», une honetara —alegia, intseminazioaren emaitzak jasotzeko unera— heltzeko aukera izateko. Harreman bat baino gehiago, komenentziazko tratua da esperma emailearen eta bere artekoa; hori da, ordea, txikitatik argi izan duen kontu bakarra —ume bat izatea— betetzeko bitartekoa. Ez daki zehazki zergatik izan nahi duen ama, ezta zer ama mota izan daitekeen ere, kontzientzia duenetik gizarteak bere generoari atxikitako rolen eta funtzioen kontra egin baitu: hasieran, zehazki nor edo zer zen argi ez zeukanean, bere emozioen bultzada hutsez; geroago, bere sexu berekoenganako erakarpena argi geratu zitzaionean, konbentzimendu propioz. Ingurukoek, familiakoek eta abarrek, antzemanda zeukaten Kimiaren jokabidea, baina ez zuten horri buruz inoiz hitz egiten. Nahi izanda ere, ezingo zuten horrelakorik egin, hitzak faltan izango baitzituzten: persieraz ez da hitzik homosexualitatea adierazteko. Abantaila bat izan zitekeen genero kategoriak saihesteko, baina bestelakoa da kontua Iranen: ez da onartzen homosexualitatea existitzen denik. Ondo gogoan du Kimiak zenbat sufritu behar izan zuen bigarren osabak bere sexu orientazio ukatuagatik; familiako inork ez zuen inoiz aipatu gaia, ezta bere aita Dariusek erbestera jo eta gero ere.

Intseminazio artifizialak funtzionatu duen ala ez jakiteko zain dagoela, familiaren historiari errepasoa egiten dio Kimiak; XIX. mendearen amaieran Iran iparraldeko Alborz mendien magalean kokaturiko harem batean jazo zen amama Nourren jaiotzarekin hasi, eta gaur egun arte. Azken hori, oraina, alegia, Parisen kokaturik dago; narratzailearen gurasoek, Darius eta Sara aktibista politikoek, beretzat eta bere bi ahizpa zaharragoentzat erbesteleku modura aukeratu zuten hirian. Ia bi hamarkada igaro dira ordutik. Gurasoak, aita lehenik eta ama ondoren, hil egin ziren Iranera itzultzeko ametsa bete gabe, eta Kimiak berak ez daki berari ere ez ote zaion gauza bera gertatuko. Irani buruzko bere oroitzapenak konplexuak dira, herrialdearen historia bera bezala. Gogoan ditu aitaren aldeko senideekin igarotako udak, barrez eta algaraz beteak, baina baita eraso inperialistak, altxamenduak, matxinadak eta jazarpen uneak ere, apenas aldatzen ez den gizarte falokratiko baten testuinguruan. Khomeinik emakumeentzako derrigorrezko beloa ezarri aurretik, Reza Pahlavi Xahk, «errege bihurturiko pobre» gisa ezagunak, «milizia berezi bat antolatu zuen emakumeen burutik beloa indarrez kentzeko». Xahren kontra idazteagatik lanpostua galdu, eta Poliziaren jazarpenari aurre egin behar izan zion Dariusek; iraultzaren ostean, buruzagi islamiarren kontra idazteagatik mulak izan zituen, atzetik alde egitera behartu zuten arte. Erbesteak, ordea, ez Xahk eta ez islamiar erregimenak lortu ez zutena eragin zuen: Darius eta Sara barrutik haustea.

Kimiak gogoan du aitaren hondatze emozionalaren berri eman zion gertaera: metroa hartzera zihoazela, eskailera mekanikoak erabiltzera uko egin zion «haientzat», hots, frantziarrentzat eginda daudelako, eta haiek, etorkinak izaki, ez zutelako haietan ibiltzeko eskubiderik. Paradoxikoa eman dezake bere eskubideen alde borrokatzeagatik behin baino gehiagotan bizia arriskuan jarritako gizon batek huskeria bategatik hain azkar amore ematea, baina Kimiak gogora dakar zer zailtasun izan zituzten Frantzian, hots, gurasoek elkar ezagutu zuten eta hainbeste miresten zuten herrialdean erbesteratu moduan sartzeko. «Frantzia aliatu irmoa duzun ustearekin hazi zarenean... gogorra da onartzea gai dela bizkarretik labana nahita sartu eta hormigoi gainean nola odolusten zaren ikusteko». Aipu eder horiek guztiak, pertsonaia miresgarri horiek guztiak, Hugo eta Voltaire eta Rousseau eta Sartre, zeinen inguruan geure bizitzek grabitatzen zuten, Ekialde Hurbileko fikzio bat besterik ez ziren, Sara bezalako arima erromantikodunentzako alegia tolesgabeak. «Ez genuen aliaturik, ez lagunik, ezta babeslekurik ere. Ez genuen nora joan. Horixe zen egia».

Zer den erbesteratua izatea

Kimiaren ustez, tokiko kulturan integratu ahal izateko, erbesteratuak/etorkinak bere burua desintegratu behar du lehenago, ez baita inoiz den bezala onartua izango. Hala ulertu zuen frantsesek bere izena nola ahoskatzen zuten entzutean: «Amaierako â denbora gutxira a bihurtu zen Mendebaldekoen ahotan, eta betiko isil geratu zen. Gutxira, desorientala izango naiz». Baina hori da gurasoek sekula onartu ez zutena, beren jatorriari bizkarra eman behar izatea. Kimiari ere kosta egiten zaio urrats hori egitea, eta nahiago du mundutik bakartzea, soldaduaren sindromea —ezer sentitzeko gaitasun falta— deituko dion horri heltzea. Orduan ulertzen du zer den erbesteratu izatea: «Askatasuna irudipen bat besterik ez da. Aldatzen den gauza bakarra norberaren kartzelaren tamaina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.