Etxeko infernuak

Harreman toxiko baten ondorioek eraginda, hamabi urtean musika mundutik desagertuta izan da Nina Nastasia. 'Riderless Horse'-rekin eman dio buelta bere egoerari.

Nina Nastasia Riderless Horse diskoarekin itzuli da 2022an. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Nina Nastasia (Los Angeles, AEB, 1966) isildu egin zen 2010ean. Hamarkada erdia zeraman disko gordin bezain ederrak argitaratzen, John Peel kazetari ingeles ospetsuaren babes osoa zuen, eta Steve Albini arduratzen zen haren lanak grabatzeaz. Ez zen izar bat, baina komertzialetik kanpo gelditzen den eremu zabal horretan bazen nor. Baina, bat-batean, desagertu egin zen. Erabat. Inon ez agertzeraino.

Orain, Riderless Horse (Zaldunik gabeko zaldia) diskoarekin (2022) itzuli denean, jakin da zer egon den hamabi urteko etenaldi horren atzean. Eta ez da gozoa gertatutakoa. Nastasiak berak azaldu duenez, Kennan Gudjonsson bere bikotekide eta musika-kidearekin zuen harremana erabat toxikoa bilakatu zen. Gudjonssonek «abusua, kontrola eta manipulazioa» erabili zituen kantariaren aurka, eta Nastasia mendekotasun egoera batean gelditu zen. Aitortu duenez, New Yorken partekatzen zuten apartamentutik ia atera gabe izan ziren hamar urte, eta arazoak izan zituzten droga haluzinogeno batekin: «Zoritxarrekoak ginen, eta buruko gaitzek harrapatu gintuzten. Gure harremanaren azkeneko urtea oso gogorra izan zen. Iritsi zen garai bat zeinetan ez ginen gai elkar zaintzeko». Harik eta, «biak salbatzeko asmoarekin», 2020ko urtarrilaren 26an Nastasiak harremana haustea erabaki zuen arte. Hurrengo egunean, Gudjonssonek bere buruaz beste egin zuen.

Istorio lazgarri horren guztiaren ondorioa da Riderless Horse. Gitarra eta ahots hutsarekin interpretatua, bizitakoak eragindako mina, amorrua eta bakardadea azaleratzen ditu Nastasiak diskoa osatzen duten hamabi kantuetan, nolabaiteko puzzle bat osatuz. «Hau al da maitasuna? / Sentsazioa beldurgarria delako / odola garbitzen, biok dena beltz ikusi arte / husten gara baina aurrera egiten dugu / suposatzen dut infernuan geldiko naizela zurekin, hau bada maitasuna». This is Love kantuaren hitzek ematen dute diskoaren letren tonua, batzuetan Gudjonssoni zuzentzen bazaio ere —You Were So Mad-en etxean «su bat» piztu izana leporatzen dio: «Osoki erre zenuen, eta ketan itoarazi gintuzun / Nola maitatuko zaitut aurrerantzean?»—, disko osoa ez baita bikotekide izandakoarekiko zor kitatze bat, eta azaltzen baitira harremanean izan ziren une politak ere.

Baina bere barnean gordetzen duen min guztiarekin ere, Riderless Horse edertasunez beteriko disko bat ere bada, melodia dirdiratsuak eta poetikotasun handiko testuak biltzen dituena. Nina Nastasia gelditzeko etorri dela erakusten duen lan katartiko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.