Musika

Rock eszena baten lehen akordeak

'Descent Into The Maelstrom' dokumentalak Radio Birdmanen historia bildu duen honetan, Australiako taldeak Gasteizen joko du

Radio BIrdmanek Gasteizen joko duen hirugarren aldia izango da asteartekoa. HELLDORADO.
mikel lizarralde
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Aitzindaritzat jo beharreko taldea da Radio Birdman. The Saintsekin batera, Australian azkeneko lau hamarkadetan loratu den rock eszena biziaren ikur nagusia da, eta haren inguruan hasi eta hazi dira beste hamaika talde eta proposamen. Taldeak izan duen garrantziaren erakusgarri da Descent Into The Maelstrom, Jonathan J. Sequeirak zuzendu eta Radio Birdmanen historia, bere gorabehera guztiekin, kontatzeaz gain, Australiako rock eszenaren erretratua ere egiten duen dokumentala. Filma uztailean estreinatu zuten Australian, eta, hori baliatuta, taldeak Europako bira bat hasi zuen hilaren hasieran. Asteartean Gasteizko Helldoradon izango dute hitzordua beren jarraitzaileekin.

«Descent Into The Maelstrom ez da Radio Birdmanen historia hutsa; taldeak Australian abiatutako eszena baten, mugimendu baten historia ere bada. Radio Birdmanek bultzatu zituen australiar gizarteko outsider-ak euren musika egitera», azaldu du Sequeirak.

1974an Rob Youngerrek, Deniz Tekek, Jim Dicksonek eta Phillip Hoylek sortua, Radio Birdmanen lehenengo bizitza laburra baina intentsitate handikoa izan zen. Radios Appear (1977) diskoa kaleratu, eta berehala taldeak eztanda egin zuen norabide ugaritan Erresuma Batuan Flamin' Grooviesekin bira bat egin berritan.Living Eyes diskoa grabatua zegoen ordurako, baina taldea deseginda, 1981era arte itxaron behar izan zen hura argitaratua ikusteko.

Gerora, taldekideek hamaika proiektutan segitu zuten (The New Christs, The Hitmen, New Race, Deep Reduction), beti ere rock-and-rollari eta proto-punk-rockari lotuta, harik eta 1996an berriro elkartu eta bira txiki bat egin zuten Australian bertan. Hamar urte geroago, berriz, kantu batzuk sortu eta Zeno Beach hirugarren eta orain arteko azken diskoa argitaratu zuten.

Asteartean Gasteizko Helldorado aretoan ariko da Radio Birdman, baina ez da Arabako hiriburuan ariko den lehenengo aldia, bi aldiz, 2004an eta 2016an jo baitzuen taldeak Azkena Rock jaialdian.

Oraingoan, Younger, Tek eta Hoyle jatorrizko taldekideekin batera, Jim Dickson baxu jotzailea (Barracudas, The New Christs), Nik Rieth bateria jolea (The New Christs) eta Dave Kettley gitarrista (The New Christs) izango dituzte oholtza lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.