Literatura

Banatze behartuak

Komunitate indigenetako gaitz kroniko biri heltzen die Linda LeGarde Groverren 'In the Night of Memory' nobelak: pobrezia eta umeak familiengandik eta komunitateetatik banatzea.

Haur indigenak, 1880an, Pennsylvaniako (AEB) Carlisle Indiar Eskolan hartutako irudian. AEB-ETAKO ARTXIBO NAZIONALA.
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Alkoholzaletasunak eta pobreziak bultzatuta, Rain Dawn eta Azure Sky alabak —3 eta 4 urtekoak, hurrenez hurren— gizarte zerbitzuen esku uzten ditu Loretta Gallettek, eta, jarraian, behin betiko desagertzen da. «Lorettak gizarte zerbitzuetako langileari esan zion ospitalean egongo zela denbora batean, eta gure bila etorriko zela handik irtendakoan. Baina ez zen inoiz agertu», diosku Azurek. 1977. urtea da, eta ez dalehen aldia Mozhay Pointen, Minnesota iparraldean (AEB) kokaturik dagoen fikziozko erreserban, gurasoetako batek (ala biek) alde egitearen ondorioz seme-alabek tributik kanpoko harrera etxeetan zein familietan bukatzen dutena, baina Ojibwe tribuko kideek amaiera jarri nahi diote emakume eta haur indigenen galera zikloari. Urtebeteitxaron beharko dute, ordea, Indiar Umeen Ongizaterako Legearen babesean eta Mozhay nazioaren izenean umeak berreskuratzeko tramiteekin hasi ahal izateko.

Linda LeGarde Groverren (Duluth, Minnesota, AEB, 1950) In the Night of Memory nobelak (Memoriaren iluntzean, 2019)komunitate indigenetako gaitz kronikoetako biri heltzen die: pobreziari eta umeak beren familiengandik eta komunitateetatik banatzeari. AEBetako Gai Indigenen Inguruko Agentziak bideraturiko ikerketa baten arabera, gainerako talde etnikoekin konparatuta, ume indigenek aukera handiagoa dute beren guraso, familia zein komunitateetatik banatuak izateko, gizarte zerbitzuen eta adopzio pribatuen ekimenez. Ikerketak azaldu duenez, %25-35 ume indigena dira banatze behartuen biktima; horietatik %85, beren familiatik zein komunitatetik kanpo haztera behartuta daude, dela harrera etxeetan dela familia zurietan, haien kargu egin nahi duten eta adopziorako irizpideak betetzen dituzten senideak izan arren.

AEBetako Kongresuak, banatze behartuek ume indigenengan, haien familiengan eta tribuetan duten eraginari buruzko testigantzak dokumentatu eta aztertu ostean, 1978an Indiar Umeen Ongizaterako Legea onartu zuen. Lege horren helburua da«ume indigenen interesak eta tribu zein familia indigenen egonkortasuna eta segurtasuna babestea». Era berean, tribu gobernuei eskumen esklusiboa ematen die ume indigenen zaintzaren inguruko kontuei dagokienez.

Indiar Umeen Ongizaterako Legea onartu zenetik zenbait aurrerapen egin diren arren, oraindik ere, umeen banatze behartuak maiztasun handiagoz gertatzen dira komunitate indigenen artean, gizarte zerbitzuetako funtzionarioen artean nagusi den arrazakeriaren ondorioz, eta adopzio agentzia pribatuak indigenen egoera ekonomiko ezegonkorraz profitatzen dira ume indigenak familia zuriei saltzeko.

Bestalde, 1978ko legearen interpretazioak ez du beti indigenen interesen alde jokatu. 2013an, esaterako, Auzitegi Gorenak bikote zuri bati ume indigena bat adoptatzeko eskubidea onartu zion Txeroke nazioko kide den aitaren baimenik gabe, azken hori emaztearengandik banatuta zegoelako adopzioa gertatu zen unean.

Gizarte zerbitzuen esku geratzen direnetik, harrera etxe batetik bestera ibiliko dira Azure eta Rain, denetariko abusuen eta utzikeriaren biktima bihurtuta (Kukonen anderea izeneko begiraleak aurpegia betiko desitxuratuko dio Raini). Begiraleen eskutik jasandako indarkeriak eragindako traumak eta tristeziak Lorettaren absentzia are nabarmenago egingo du umeen kontzientzian. Denborarekin, ordea, haren ahotsaren soinua zein aurpegiaren hazpegiak ahaztuko dituzte, amari buruzko oroitzapen bakarra geratzen zaien arte: ipar argien pean Ojibwe dantza bat interpretatzen ari zenekoa. «Biontzat gordetzea erabaki dudan oroitzapena da, benetan gertatu zen ala amets bat ote den argi ez badago ere», azaltzen du Azurek.

Ahizpetatik gazteena den arren, Azurek hartzen du bere gain banatu aurreko beren nortasunari eusteko ardura. Rainek garapen kognitiboarekin lotura duen endekapenezko gaitz bat du, eta ahizpa gaztearen laguntza eta babesa behar du une oro. Hiru urtez, ordea, elkarrengandik banatuta bizi beharko dute, bi harrera etxetan.

Itzulera

Mohzay Pointera bueltatzen direnerako, Junior izeneko lehengusu urrun batek, tribuko emakumeen irmotasunak bultzatuta, haien zaintza eskatu eta lortu ostean, nerabe batzuk dira Rain eta Azure. Harrera etxeetan jasandako kalte emozional eta fisikoaren ondorioz, amesgaiztoak dituzte, baita tribuko bizimodura berriro egokitzeko zailtasunak ere.

Tribuko emakumeek beren gain hartuko dute umeak fisikoki eta psikologikoki osatzen laguntzeko ardura. Indarkeria, erresistentzia eta maitasunezko istorioak kontatuko dizkiete: beren amaren haurtzaro gogorra; Junior bezala Vietnameko gerratik depresioak jota itzuli ziren indigenen bizipenak; zurien kolonizazioaren eraginez galdutakolurrak; alkohol mendekotasunaren eta etxe barruko indarkeriaren errealitatea eta haien kontrako borroka; emakume eta ume indigenen galerak eragindako mina.

Iraganarekin adiskidetzea posible bada ere, haustura batzuk ezin dira berez osatu; haien bidez edo haiekin bizitzea beste irtenbiderik ez dago. Azure eta Rain ahizpentzat osatzen duten herri galeren genealogiaren bidez, tribua batzeko eta osatzeko aukerari heltzen diote Ojibwe andreek, gertatutakoa aintzat hartu eta bizirik irauteko nahia azpimarratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.