Literatura

Heriotza gerra garaian

'Al-mawt 'amal shaq' nobelan, Damasko zeharkatu beharko dute anai-arreba batzuek aitaren gorpua jaioterrian lurperatzeko. Herrialdea gerran egoteak asko zailtzen du haien egitekoa.

Aitaren gorpua Hussein semearen autobus txikian dutela zeharkatuko dute Damasko hiru anai-arrebek. MOHAMMED BADRA / EFE.
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Zer gertatzen da pertsonen arteko lokarriak biziki kalteturik dauden toki batean, non «errituek eta erritualek esanahi oro galdu duten»? Kezka hori du Khaled Kalifaren (Alepo, Siria, 1964) Al-mawt 'amal shaq-ek (Lan gogorra da heriotza, 2016), gaur egungo Sirian giroturiko eleberriak. Indarkeria masiboa dagoenean, galera konkretuak galera orokor bihurtzeko arriskua dago beti; Didier Fassinek «heriotza estatistiko» deituriko horiek nagusitu egiten dira, kontzientzia kolektiboa sorgortuz. Nobelako protagonistak patu horren kontra altxatuko dira, lehen begiratuan zentzugabea eman dezakeen egiteko bat aurrera eramateko: gerrak suntsituriko Damasko zeharkatzea, aita hil berria jaioterrian lurperatu ahal izateko.

Alepo ingurukoa den adineko gizon bat, Abdel Latif, modu baketsuan hil da ospitaleko ohe batean, Damaskon. Haren azken nahia, Bolbol seme gazteenari esan bezala, asaben herrixka Anabiyan familiak duen lurzoruan hilobiratua izatea da. Bizirik zegoenean, Abdel aita ez zen atsegina eta abegikorra izan Bolbolekin, eta semea bera ere aspaldi urrundu zen anai-arrebengandik. Hala ere, kontzientziagatik, anaia Hussein eta arreba Fatima konbentzitu egiten ditu aitaren gorpua Anabiyara eramaten laguntzeko. Azken batean, autoz Damaskotik bi ordura dago txikitan hainbatetan bisitatu zuten asaben herrixka. Hots, ez litzateke oso esfortzu handia aitaren guraria betetzea.

Arazoa zera da: herrialdea gerran dago. Oinarrizko jarduerak —jatekoa aurkitzea, lanera joatea, hildakoak lurperatzea— gertaera epiko bihurtu ditu herrialdean nagusi den kaosak. Aitzitik, hiltzea hain arrunt bilakatu denez, «jadanik ez [da] estutasunerako arrazoi: bizidunei inbidia ematen dien ihesbidea bihurtu [da]».

Elkarren kontra borrokan ari diren armadek labirinto bihurtu dute hiria, eta, hura bizia arriskuan jarri gabe zeharkatu ahal izateko, anai-arrebek alde batera utzi beharko dituzte beren arteko gatazkak. Jaio izana salbu, gauza gutxi dituzte elkarrekin Bolbolek, Husseinek eta Fatimak. «Hamar urtean ez zituzten bi ordu baino gehiago igaro elkarrekin, eta Eideko ospakizunen aitzakian izaten zen hori». Hussein, anai-arrebetan zaharrena, Abdel Latifen begikoa izana zen urte batzuk lehenago, haien arteko harremana hoztu zen arte. «[Husseinek] ez zuen aitaren herri txikiko bizimodua eramateko desirarik. Ahulak gorroto zituela esaten zuen; boteretsuen artean bizi nahi zuen». Bere zoritxarrerako, ez zen oso urrun joan, eta autobus txiki bat gidatzen eta inguruko gaizkileentzako mandatuak egiten bukatu zuen. Bolbol, berriz, aitari leial izan zitzaion azken unera arte, baina Abdel Latifek ez zuen oso gogoko, «bere ahultasuna eta antsietatea» tarteko. Neben antzera, Fatimak ez du inoiz amesturiko bizimodua eramaterik izan. Maitasunik gabeko ezkontza batean harrapaturik dago, eta familiako gizonezkoak zerbitzatzea du egiteko nagusia, neba-arrebetan azkarrena izan arren.

Hiru egun beharko dituzte Bolbolek, Husseinek eta Fatimak Damasko eta Anabiya arteko bidea egiteko. Abdel Latifen gorpua Husseinen autobus txikiaren atzealdean astiro-astiro ustelduz doan bitartean, kanpoan nabarmenak dira gerraren arriskuak: frankotiratzaileak, aireko erasoak, tankeak, kamioietatik pistolak autobus txikiko bidaiariengana zuzentzeko prest dauden miliziak. Damaskotik atera eta gutxira, autobideko kontrol-gune batean gelditu egiten dituzte Bolbol, Hussein eta Fatima. «Gorpua atxilotu egingo dute», xuxurlatuko dio Husseinek Bolboli. Gogoeta absurdoa irudituko zaio irakurleari, gehiegikeria bat, zalantzarik gabe. Baina ez da. Hildakoaren sinpatia politikoak direla medio —bizirik zela, errebeldeen alde agertu zen—, hura atxilotzeko agindua zabaldu zuen erregimenak aspaldi.

Heriotza ere ez aski

Zer egin gorpu bat atxilotzea posible den egoera batean aurkitzen zarenean, hau da, heriotza ez denean nahikoa absoluzioa edo barkamena lortzeko? Horixe da Kalifaren nobelak egiten dituen galderetako bat, eta jazarleari zein jazarriari modu berean eragiten die, biak baitaude beheranzko joera duen zurrunbilo berean harrapaturik. «Ez zirudien agentea estatuarentzat pertsona bat zer den erabakitzeko gai zenik, dokumentu multzo bat ala haragi eta odolezko arimadun entitate bat». Ez da ataka horretan dagoen bakarra. Herritarrek berek zailtasunak dituzte bizidunak hildakoengandik bereizteko. «Hiriko biztanleek bizirik baino gehiago hiltzear zegoela kontsideratzen zuten ikusten zuten edonor».

Paradoxikoki, tragediaren tamaina ikaragarria izan arren, baikortasunari eusten diote pertsonaiek. «Bolboli iruditzen zitzaion gerran edozein kontu txiki... nahikoa zela itxaropen izpi bat pizteko: kontrolguneko soldaduaren keinu zentzudun bat, trafikorik gabeko kontrolgune bat, zure autotik ehun metrora eroritako eta lerroan zeure txanda harturiko bonba... Zoriak beste aukera bat eman berri zizun! Aurreko autoa agertu izan ez balitz, bonba gure gainera eroriko zen!».

Heriotza lan gogorra dela frogatzen dute aitari hileta duina eman ahal izateko Bolbolek eta haren anaia-arrebek egin beharrekoek, baina bizirik irauteko nahia ere hura bezain gogorra edo gogorragoa da gerrak jipoituriko Sirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.