Literatura

Identitateen mapa

Androginia eta trans kontuak joera sinbolistaz eta ikuspegi surrealistaz landu zituen Claude Cahunek, surrealismoko kide transgresoreenak.

Claude Cahunen autoerretratua. BERRIA.
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Claude Cahun (Naoned, Bretainia, 1894-Jersey Uhartea, 1954) surrealismoko kide transgresoreena eta konplexuena izan zen. Haren obran askotariko zertzeladak biltzen dira, hala nola literatur oharrak, collageak, fotomuntaketak, eta sexualitateari zein idazketari buruzko gogoetak, betiere identitatearen eta gorputzaren inguruan jolasteko, bai eta bere existentziaren bi ardatz nagusi horiek zalantzan jartzeko ere. Hala, androginia eta trans kontuak joera sinbolistaz eta ikuspegi surrealistaz landu zituen. «Maskulinoa? Femeninoa? Egoeraren araberakoa da. Neutroa da beti ondoen egokitzen zaidan generoa». Anbiguotasunean eroso bizi zen Cahun.

Bada, Gironako (Katalunia) Wunderkammer argitaletxeak (kuriositateen gela, alemanez) Cahunen Aveux non avenus (Aitortu gabeko aitorpenak) lanaren gaztelaniazko itzulpena argitaratu berri du. Liburuan aitorpenen tradizioa eraldatzen du askotariko baliabideak erabiliz; tartean, prosa lirikoa, aforismoak, elkarrizketak eta egunkarietako zatiak. Testuok mugimendu edo abangoardia orotatik harago doaz. Hala, liburuak autorearen potreta osatzen du fikzioaren eta errealitatearen arteko muga lausotuz; argitaletxeak berak azaldu duenez, «autofikzio bat da, autofikzioa bera existitu baino lehen».

Bere amorante, ahizpaorde, lankide eta ordezkari Marcel Moorek (Suzanne Malherbe) egindako heliograbatuekin jantzita dator liburua, jardun artistikoa elkarlantzat baitzuen autoreak. Irudiok bi konplizeen arteko jolas pribatuak ziren, egun erakusketetan aztertzen diren arren, generoaren esplorazioaren eta identitateen ugaritasunaren erakusle artistiko gisa. Horrenbestez, liburua sailkaezina da, eta irudia eta hitza fusionatzen ditu aparteko literatura bisuala josteko.

Lucy Renee Mathilde izenez jaio eta tradizio artistiko handiko familia burges batean hazi zen Claude Cahun: Marcel Schwob idazle sinbolista osaba zuen, eta Leon Cahun osaba zahar bidaiari eta orientalistatik hartu zuen goitizena. Aita Naonedeko eskualde-egunkari bateko jabea zen. Hartara, aitaren ogibidea tarteko, gazte hasi zen kritikak eta saiakerak idazten. 13 urte zituela, gerora bere ahizpaorde bilakatuko zen Marcel Moore ezagutu zuen. Bien arteko topaketa oinaztargi batekin lotu zuen Cahunek, heriotzara arteko bidea bata besteari atxikita egin arte.

Maitaleak Parisko Montparnasse auzora joan ziren bizitzera, eta, 1932an, Idazle eta Artista Iraultzaileen Elkartean eman zuten izena. Handik gutxira, surrealismoa ezagutu zuten, bai eta surrealistak aztoratu ere: Cahun monokuloarekin eta ilea arrosaz edo urre kolorez tindatuta agertzen zen abangoardisten ekitaldietan, etorkizuneko dandy baten antzera. Surrealisten buru Andre Bretonek ez zituen gustuko, «erabat homosexualak» zirelako.

Cahunentzat generoa eta jardun artistikoa kontu performatiboa ziren; beraz, bere esku hartzeetan ohikoak ziren antzerki jolasak, zeintzuek surrealisten haserrea eragiten zuten, abangoardiako mugimenduan nagusitzen zen misoginia dela eta. Haatik, Cahunen idazkera «zirraragarria» iruditu zitzaion Bretoni. Cahun eta Malherberen arteko argazkiak edo fotomuntaketak ere amorante-aktibisten arteko olgantzak ziren, pribatuak kasu horretan, ez baitzituzten inoiz kide surrealisten artean aurkeztu. Irudiotan zalantzan jarri zituzten bai identitate maskulinoa bai femeninoa.

Bikotearen bizitza, artistikoa ez ezik, politikoa ere izan zen, naziek Frantzia okupatzearen aurka ere aritu baitziren: Jerseyri eraso zioten soldadu alemaniarren artean ibiltzen ziren gizon jantzita, haien poltsiko eta tabako paketeetan BBCko txostenetatik itzulitako eta zetazko paperean kaligrafiatutako mezu iraultzaileak sartzeko. «Izenik gabeko soldaduak» sinatzen zituen mezuotan, gerra galduko zutela jakinarazten zieten naziei. Alemaniako armadak bikotea espetxeratu zuen soldaduen morala arrakalatzea xede zuen propaganda banatzeagatik. Bi aktibistak behin baino gehiagotan saiatu ziren beren buruaz beste egiten kartzelaldian.

Collage artegagarriak

Cahunek 1914an idatzi zuen bere lehen liburua, argitaratu gabea, Les Jeux uranien (Uranoko jolasak). Lehen pertsona maskulinoan izkiriatua, Verlaineren eta Baudelaireren itzalpean sortutako lan sasi-autobiografikoa da. Sinbolismoaz gainera, sexologiari buruzko gaiak ere oso gustukoak zituen: Havelock Ellis britainiarraren eta Magnus Hirschfield alemaniarraren teoriekiko interes berezia erakutsi zuen.

Ellisek balizko hirugarren sexu bat jorratu zuen, eta Woman in Society (Emakumea gizartean) idatzi zuen 1919an, zeina Cahunek frantsesera ekarri zuen 1929an. Hirschfieldek Institut fur Sexualwissenschaft (Sexu Zientziarako Institutua) eratu zuen, zeina aitzindaria izan zen homosexualen eta trans pertsonen eskubideen aldeko mugimenduan. Hori dela eta, Hitlerrek Alemaniako judu arriskutsuena izendatu zuen. Cahun ere judua zen.

Hamasei urte geroago idatzi zuen Cahunek Aveux non avenus, surrealismoan erabat murgilduta zegoenean; izan ere, liburuak haustura bat irudikatzen du sinbolismoarekiko. Testua gaztelaniara eraman du Cristian Crusat itzultzaileak, eta, haren aburuz, «sintoma eta hotzikara surrealisten armategia da, sarritan kamuflatuak, ia beti zehaztugabeak».

Joera surrealista nabarmen horri beste ezaugarri hauek erantsi dizkio Crusatek: esperimentazio linguistikoa, ironia libertarioa, umore beltza, naturalismoaren kontrako jarrera, anbibalentziak eta onirismo amorratua. Hori guztia islatzeko, askotariko bitartekoz baliatzen da egilea; besteak beste, aforismoak, ametsetako irudiak, alegiazko elkarrizketak eta aldarri libertarioak. «Dena dela, liburukia intimoa edo ikusezina den ardatz batetik egituratzen da, zeinak barru-barrukoa fikzioarekin lotzen duen, identitatea metamorfosiarekin, indibidualismoa alteritatearekin», dio itzultzaileak hitzaurrean.

Liburua sailkaezina da. Mac Orlan idazle patafisikoak esan zuen liburua «poema-saiakerez» osatzen zela. Orrialdeetan bildutako irudiz eta kontakizunez osatutako collageak ahalegina exijitzen dio irakurleari, baina behin amaraun onirikoan sartuta, zaila izango zaio askatzea, zeharo itsatsita geldituko baita.

Zentzu horretan, Bretonen hitzak oso esanguratsuak dira; Cahunek lider surrealista ezagutu eta berehala oparitu zion bere liburua: «Gezurra esango nuke ez ikusiarena egingo banu, bertan [liburuan] idatzita dagoena aintzat hartu dudanean. Serio samarra da, nire irudikoz, eta nahikoa artega egon naiz ordu luzez».

Horrenbestez, Cahunen literatur unibertsoan miatzeko —hau da, autorearen maskara itxurako identitateetan eta gorputzetan esploratzeko, bere kasuan obra eta pertsona bat baitira—, ezinbestekoa da aldez aurretik pentsatutako guztia abandonatzea. Orduan sentituko du irakurleak Cahunen harramazka: «Batez ere nire aurka idatzi nahi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.