Bide berrien esperantza

Bakarkako laugarren lana eman berri du argitara Sophie Auster bakarlariak, soinu berrien bila aritu ostean. Diskoa ia osatua zuela, berriro hutsetik hasteko erabakia hartu zuen Austerrek, ekoizle berri batekin.

Aktore lanetan hasi bazen ere, musikaren bidean sakontzea erabaki zuen Sophie Auster bakarlariak. BERRIA.
Andoni Imaz.
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Ezin alde batera utzi abizenaren zama. Sophie Austerrek (New York, AEB, 1987) Cannesko Zinemaldian proiektatu zen film batean parte hartu zuen 11 urterekin, eta bakarkako lehen diskoa atera zuen 18rekin. Giro zehatz batean hazi eta hezi zen, eta gaztetatik hainbat kultur adierazpiderekin harreman estua izatera eraman zuen horrek. Saxofoi jotzaile baten inguruko drama erromantikoa idatzi eta zuzendu zuen Paul Austerrek 1998an, Lulu on the Bridge, eta orduan hasi zen Sophie alabaren ibilbide artistikoa. Ordutik, dozena bat filmetan hartu du parte, eta lau disko eman ditu argitara. Azkena, aurten: Next Time. Gaur eguerdian, Bilboko Itsas Museoko Nave 9 aretoan aurkeztuko du.

Brooklyn barrutiko intelektual bikoterik ezagunenaren alaba da Auster: Paul Auster eta Siri Hustvedt idazle ezagunena, hain zuzen. «Beti sentitu izan naiz ezberdina, ezberdina naizelako. Telebistarik gabe bizi nintzen, nire lagunek ezagutzen ez zuten literaturaz eta zinemaz inguratuta. Ingurukoen gurasoak kalera ateratzen zirenean, nireak etxean geratzen ziren, idazten», aitortu izan du musikariak berak. Horrela kaleratu zuen 17 urterekin Sophie Auster izeneko lehen diskoa, bi urte lehenago grabatzen hasia zena, aitak egindako itzulpen batzuek inspiratuta, Frantziako poeta surrealista zenbaitenek.

Zazpi urte igaro ziren hurrengo diskoa kaleratu zuen arte, ikasketetan buru-belarri aritu nahi izan baitzuen urte horietan. «Itzuli nintzenean, dena bestelakoa zen: berrikasi behar izan nuen nola mugitu mundu horretan». Interneteko joera aldakor eta iragankorren aroa topatu zuen bueltan, eta kostatu zitzaion «inork ulertzen ez dituen algoritmoak» alde batera utzi, eta bere bidea hastea. Sei kantako Red Weather EPa argitaratu zuen, zarata handirik egin gabe; musikari lanari berriro ekiteko pop ariketa sarkorra.

Kritikaren gorespena, berriz, hurrengo lanak ekarri zion: Dogs and Men (2015) disko luzeak. Austerren «folk ahots sutsua» nabarmendu zuten AEBetako prentsan. Aurrerantzean, letretan landu izan dituen amodio eta desamodio gaiak ironiarekin kantatu zituen diskoan. Orduan hasitako bide berriak eta hark ekarritako arrakastak eman zioten Next Time sortzeko ikuspegia. Apirilean argitaratu zuen diskoa.

Bidea ez zen samurra izan: diskoa amaitzear zuela, berriz hastea erabaki zuen. «Ez zait batere gustatzen norbaitek esatea zer egin behar dudan», zioen Austerrek Next Time-ren lehenengo ekoizleaz hizketan. «Diskoa entzun nuenean, konturatu nintzen ez nintzela ni; dena bota, eta berriz hasi nintzen idazten». Lanari berriz ekitean egin zuen topo Tore Johansson ekoizle suediarrarekin, eta distantziara lan egiten hasi ziren. The Cardigans, New Order eta Suede artistekin aritu izan da Johansson, besteak beste. Austerrek demoak bidaltzen zizkion New Yorketik, eta ekoizleak, moldaketak bueltan. Batzuetan, «interpretazio erabat ezberdinak» egiten zituen, gainera, Austerren hitzetan. «Zirraragarria izan zen prozesua. Oso ideia originalak zituen, baina, aldi berean, entzun egiten zidan kantua gehiegi moldatu zuela esaten banion». Malmo hirian grabatu zuten.

Ehun abesti ingururekin hasi ziren «arakatzen», eta, azkenean, lortu zuten zerrenda dozenara jaistea. «Orain arte egin ditudan lan guztien gailurra da Next Time», esan zuen Austerrek. Abestietan landutako gaiak ez dira gehiegi aldatu, «maitasunaren eta galeraren» inguruko hitzak idazten jarraitzen du musikariak, baina «inoiz baino adore handiagoarekin» sentitzen da lan horretan. Soinua ere aldatu da, indarra hartuta.

Iraganera, inspirazio bila

Diskoaren sorkuntza prozesuan bertan erakutsi du bide okerrak utzi eta berriak hartzeko gaitasuna, eta horrekin lotzen du diskoari jarri dion Next Time izena ere, etorkizunari egindako promesa batekin. «Atzera begiratu, eta ikusten dut zein gaizki nengoen, baina aurrera begiratuz gero, pentsatzen dut: 'Egizu berriz beste modu batean'».

Johanssonekin lan egitean, abesti askoren tempoak aldatu ziren, Austerrek esan izan duenez. «Material asko pasatu genuen gitarratik pianora, eta, ondoren,moldaketa asko sortu, ahotsaren eta pianoaren bueltan». Lehen baino erregistro baxuagoan aritu da oraingoan.

Diskoaren lehen singleak, Mexico-k, 1950eko hamarkadako pelikula bateko musikatik ateratakoa dirudi. Austerren ahots berezia da kantuaren protagonista nagusia, baina gordetzen du istorio bat: «Yucatanera egindako bidaia batetik bueltan, ahapetik Mexico kantatzen itzuli nintzen. Jacques Tournerren Out of the Past [1947] filmean inspiratu nintzen. Robert Mitchumen pertsonaiak Mexikora bidaiatzen du Jane Greerrekin maitasun istorio berezi bat izateko». Tom Collins kantuak ixten du Next Time, instrumentu gehiagoren laguntzarekin, baina ahotsaren hipnotismoan jarrita indarra, «tabernako gau bakartia» irudikatuz.

Austerren ahotsak agintzen jarraitzen du bere musikan, baina aldatu ditu sortzeko moduak, eta beldurrik gabe ekin die bide berriei. «Norbanakoaren interpretazioak» du orain lana epaitzeko ardura. Entzunaldi bakoitzak ere irekiko du bide berri bat.

KONTZERTUA

Non: Bilboko Itsas Museoko Nave 9 aretoan.

Noiz: Gaur, 13:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.