Musika

Pop disko sendagarri bat

Helado Negro musikariak 'Far In' izeneko disko argitsua argitaratu berri du, 'This Is How You Smile' lan pertsonalaren arrakastak eragindako larritasuna askatzeko asmoz.

Roberto Carlos Lange musikaria, Helado Negro. NATHAN BAJAR.
Andoni Imaz.
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Roberto Carlos Lange musikariak hamar urte baino gehiago daramatza musika sortzen Helado Negro izenarekin. 2019an lortu zuen orain arteko arrakastarik handiena, This Is How You Smile disko barnerakoi eta kontzeptualari esker. Orain, bira luze baten eta konfinamenduaren ondoren, Far In atera du, estudioko zortzigarren diskoa, estreinakoz 4AD zigiluarekin.

Pop elektronikoa egiten jarraitu du, baina atzean utzi ditu Young, Latin and Proud-en gisako kantuetan landutako arrazari eta identitateari buruzko hitzak, eta emozioez eta maitasunaz aritu da batez ere. Haren musikaren alderik argiena erakutsi du diskoko hamabost kantuetan. Oinarriak betikoak dira: ahots gozoa, elektronika arina eta akorde minimalistak, ingelesezko eta gaztelaniazko hitzez lagunduta.

[youtube]https://youtu.be/8jRa1ftRpc0[/youtube]

Wake Up Tomorrow kanta barearekin abiatzen da lana, eta Gemini and Leo bigarren abestiak erakusten du alaitasunerako eta dantzarako aukera ere badagoela, funk itxurako baxuen bidez. Nabarmentzekoak dira There Must Be a Song Like You eztia, oroitzapenez betetako Outside the Outside, eta amari eskainitako Telescope, besteak beste.

Texasko Marfa herrian (AEB) sortu zuen diskoa. Hiru asteko egonaldi bat egiteko asmoz joan zen iazko martxoan; konfinamenduak harrapatu, eta sei hilabete igaro zituen han. Bidaia hori aurreko lanaren arrakastari lotuta dago, gainera. Antsietateak jota amaitu zuen mundu osoan biran ibili eta gero, esan izan duenez. Erritmoa lasaitzeko asmoz aldendu zen New Yorkeko etxetik, eta gogo horren ondorio bat da Far In disko arin eta iradokitzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.