Musika

Aitzindariak, bide berrien peskizan

Wire talde beteranoak 'Silver / Head' diskoa aurkeztuko du, ostegunean, Donostiako Dabadaban. 40 urte bete dira taldea jaio zela

Matt Simms, Graham Lewis, Colin Newman eta Robert Grey. Wire, 2018an. BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Berrogei urte bete zituen iaz Pink Flag Wire taldea 1970eko hamarkada amaierako punk eszenan kokatu zuen diskoak. Eta zer hobea beti berritzailea eta heterodoxoa izan nahi izan zuen talde batentzat ohi baino disko pausatu bat kaleratzea baino? Inoiz ez da izan Wire bertan goxo gelditzekoa, eta Silver/Lead (2017) taldearen hamabosgarren diskoa izaera horren erakusgarri aparta bilakatzen da. Inork ez luke esango Wirerena ez denik, baina, era berean, ñabardurak gehitzen dizkio ondo kodifikatutako soinu bati.

Ez da harritzekoa, lehenengo punk (eta postpunk) belaunaldiko artisten artean, ibilbiderik sendoenetakoa egin duena baita Wire. 2003an itzuli zenetik—hamabi urteko etenaldiaren ondoren—, sei disko kaleratu ditu, guztiak interesgarriak, eta batzuk apartak. Pink Flag-ek barnean gordetzen zuen urgentzia desagertu da, baina tentsioak hortxe dirau. Lehen planoan.

Nocturnal Koreans (2016) disko laburrak bezala, kontraste ugari ditu Silver /Head-ek. Tentsioz beteriko doinu batekin hasten da (Playing Harp For The Fishes), single bizi eta frenetiko bat gordetzen du (Short Elevated Period), taldeak popa bere erara interpretatzen duela adierazten du (Diamonds in Cups), eta behin baino gehiagotan erakusten du nondik edan duten azken 40 urteotan jaiotako hamaika taldek.

Wire sortu zuen laukotetik Colin Newman abeslari eta gitarristak eta Graham Lewis baxu jotzaile eta letra egileak segitzen dute, eta Robert Grey (bateria) nahiz Matt Simms (gitarra) dituzte azkeneko urteetan taldekide. Talde horrekin azalduko dira, ostegunean, Donostiako Dabadaba aretoko oholtzara. Ez da Euskal Herrian ariko diren aurreneko aldia, 2014ko uztailean Donostiako Jazzaldian jo baitzuten. Euri zaparrada batek Zurriolako hondartza bustitzen zuen bitartean. Pentsatzekoa da egokiagoa izango zaiola areto barruko giroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.