Musika

Aitzindariak, bide berrien peskizan

Wire talde beteranoak 'Silver / Head' diskoa aurkeztuko du, ostegunean, Donostiako Dabadaban. 40 urte bete dira taldea jaio zela
Matt Simms, Graham Lewis, Colin Newman eta Robert Grey. Wire, 2018an.
Matt Simms, Graham Lewis, Colin Newman eta Robert Grey. Wire, 2018an. BERRIA

Mikel Lizarralde -

2018ko azaroak 25
Berrogei urte bete zituen iaz Pink Flag Wire taldea 1970eko hamarkada amaierako punk eszenan kokatu zuen diskoak. Eta zer hobea beti berritzailea eta heterodoxoa izan nahi izan zuen talde batentzat ohi baino disko pausatu bat kaleratzea baino? Inoiz ez da izan Wire bertan goxo gelditzekoa, eta Silver/Lead (2017) taldearen hamabosgarren diskoa izaera horren erakusgarri aparta bilakatzen da. Inork ez luke esango Wirerena ez denik, baina, era berean, ñabardurak gehitzen dizkio ondo kodifikatutako soinu bati.

Ez da harritzekoa, lehenengo punk (eta postpunk) belaunaldiko artisten artean, ibilbiderik sendoenetakoa egin duena baita Wire. 2003an itzuli zenetik —hamabi urteko etenaldiaren ondoren—, sei disko kaleratu ditu, guztiak interesgarriak, eta batzuk apartak. Pink Flag-ek barnean gordetzen zuen urgentzia desagertu da, baina tentsioak hortxe dirau. Lehen planoan.

Nocturnal Koreans (2016) disko laburrak bezala, kontraste ugari ditu Silver /Head-ek. Tentsioz beteriko doinu batekin hasten da (Playing Harp For The Fishes), single bizi eta frenetiko bat gordetzen du (Short Elevated Period), taldeak popa bere erara interpretatzen duela adierazten du (Diamonds in Cups), eta behin baino gehiagotan erakusten du nondik edan duten azken 40 urteotan jaiotako hamaika taldek.

Wire sortu zuen laukotetik Colin Newman abeslari eta gitarristak eta Graham Lewis baxu jotzaile eta letra egileak segitzen dute, eta Robert Grey (bateria) nahiz Matt Simms (gitarra) dituzte azkeneko urteetan taldekide. Talde horrekin azalduko dira, ostegunean, Donostiako Dabadaba aretoko oholtzara. Ez da Euskal Herrian ariko diren aurreneko aldia, 2014ko uztailean Donostiako Jazzaldian jo baitzuten. Euri zaparrada batek Zurriolako hondartza bustitzen zuen bitartean. Pentsatzekoa da egokiagoa izango zaiola areto barruko giroa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna