Literatura

Ahantzitako historien gotorleku

Mendebaldetik heldutako sexu eta genero ikuspegiek anomalia bihurtu dituzte Indian 'hirugarren sexukoen' bizi esperientziak. Haiei heltzen die Arundhati Royren 'The Ministry of Utmost Happiness' nobelak.

Arundhati Roy idazle indiarra. QUIQUE GARCIA / EFE.
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Delhin (India), 1950eko hamarkada inguruan, haurdun den Jahanara Begumek desio bakarra du: hurrengo umea mutikoa izatea. Sei urteko epean mundura hiru alaba ekarri ostean, oraingoan seme baten txanda izatea bidezkoa iruditzen zaio. Erditzearen ostean emaginak berri onak ekartzen dizkionean, pozez kabitu ezinik dago Jahanara Begum. Zalantzarik gabe, hori da bere bizitzako unerik zoriontsuena. Hurrengo goizean, ama izan berriaren txerarekin jaioberriaren gorputz txikiko atal bakoitza miresten dagoela, mutil organoen azpian erabat formatu gabeko alua antzematen du. Bihotzak taupadak egiteari utzi izan balio bezala sentitzen da bat-batean. Hainbeste desiraturiko haurra hermafrodita bat da.

Hasiera batean, kontuari garrantzi handirik ez ematea erabakitzen du, neskato atalak itxi eta erabat desagertuko direlakoan baitago. Urteek aurrera egin ahala, ordea, senarrak eta biek Aftab izena jarri dioten mutikoarengan gero eta nabarmenagoak dira neskato ezaugarriak. «Txaiti eta thumri kantuak Lucknowko prostituten erdiespen eta itxura berarekin abesten zituen». Semea gizontzeko ahaleginean,emakumezkoenak diren jarduerak debekatzen dizkio aitak, haien artean, hainbeste maite dituen kantu klaseak, eta, egunero, gaueko ordu txikietara arte, gizonezkoen ekintza heroikoak ardatz dituzten istorioak kontatzen hasten zaio. Alabaina, bahituriko emaztegaia berreskuratzearren Genghis Khanek bere kabuz armada oso bat nola garaitu zuen entzuten duenean, emaztegaiaren tokian imajinatzen du Aftabek bere burua.

Eskolan gainerako umeek trufa egiten diotenez, etxean sartuta pasatzen ditu Aftabek egunak, kaletik igarotzen den jendeari begira balkoitik. Egun batean, kolore biziko ezpainetakoa, urre koloreko sandaliak eta shalwar kameez berde dirdiratsua daraman norbaitek arreta pizten dio. Hari jarraitzea erabakitzen du, eta haren moduko beste hainbat bizi diren ate urdineko etxe batera heltzen da, Ametsen Etxera. Gizonezko sexu organoekin jaio ziren etxeko bizilagun guztiak, nahiz eta emakume sentitzen diren. Batzuek ebakuntza bidez konpondu zuten oker anatomikoa, baina ez denek. Haien modukoa ezin badu izan, hil egingo dela ohartzen da Aftab. Hurrengo urtean, 15 urte bete berritan, Ametsen Etxera alde egiten du, eta bere buruari Anjum izena jartzen dio. Une horretatik aurrera, aitak hitz egiteari uzten dio. Amak, berriz, bizi den artean janaria bidaliko dio, eta noizbehinka auzoko kaperan elkartuko da alabarekin. Jahanara burka beltz batek estalita agertuko da enkontru horietara.

Arundhati Royren (Shillong, India, 1961) The Ministry of Utmost Happiness nobela (2017, Zoriontasun ikaragarriko ministerioa) aukera amaigabeen katalogo bat da: bestelako ahaidetasun, erresistentzia zein maitasun egituren aukerak eskaintzen ditu. Anjum bera bezalako hijra belaunaldi ezberdinek osaturiko familiartean bizi da, eta elkarrekin ume bat hazten dute. Geroago, berak eta beste hjira batzuek hilerri batera joko dute, eta han, hilarri artean, logelak eraiki eta ortu bat landatuko dute. Hilabeteek aurrera egin ahala, beste hainbat lagun lotuko zaizkie, haien artean Saddan Hussain, Gujarateko istiluetatik bizirik ateratako dalit kastako gizon gaztea, eta Zainab, kalean abandonatu eta Anjumek alabatzat hartuko duen umea. Hilerriko eden alternatibo horretan dagoen xalotasunaren ordez, esperientzia eta erresistentzia dira ezaugarri nagusiak.

Genero kontuetan Indian nagusi den intolerantziaren islatzat zuten askok sexu berekoen harremanen kontrako legea, iragan irailean Auzitegi Gorenak indargabeturikoa. Paradoxikoki, lege hori britainiar aginte kolonialaren garaian jarri zuten indarrean, sexualitatea ulertzeko (eta arautzeko) modu jakin bat, ordura arte Indian ezezaguna zena, inposatuz. Izan ere, hijrak edo gizonezko sexu-organoekin jaio baina emakume sentitu eta hala janzten diren gizabanakoak indiar kulturaren parte izan dira mendetan, nahiz eta Mendebaldetik heldutako sexu eta generoaren gaineko ikuspegiek anomalia bihurtu dituzten gaur egun hirugarren sexukoen bizi-esperientziak. Alboraturiko historia horri heltzen dio The Ministry of Utmost Happiness-ek Anjumen eta haren adopzioko familiaren istorioaren bitartez.

Hjirena ez da Royren nobelak ahanzturatik erreskatatzen duen historia bakarra. India eta Pakistanen zatiketaren ondorioak oso presente daude Anjumen istorioarekin tartekaturik azaltzen diren Tilo arkitektura ikasle ohiaren Kaxmirren zeharreko ibileretan. Eta batean zein bestean ahazturiko beste hainbat tragediaren erreferentziak ere aurki daitezke, hala nola 1984an Bhopal hirian gas toxiko isuriak eragindako hondamendiarena —munduko hondamendi industrialik okerrena izan zen hura, milioi erditik gora zauritu eta hogei mila inguru hildako eraginez—, edo 2002an Gujaraten gutxiengo musulmanaren kontra gertatu zen indarkeriarena.

Ez da kasualitatea ahanzturaz ari den The Ministry of Utmost Happiness Delhin kokaturik egotea. Historia palinpsesto bat da hiria, baina bere sorrerari buruzko mitoak azaltzen duen bezala, amnesiarako joera du. Hain zuzen, elezaharraren arabera, Braham jainko sortzaileak eskritura sakratuekin ahaztu nahi izan zituen halako batean. Zenbait erritu burutu ostean, Delhiko ibaietako batean murgildu zituen haiek, betiko desagerrarazteko. Montzoi garaian, ordea, urek gainezka egin zuten, eta testu sakratuak oraindik ere Nigambodh Ghat (Jakinduria sakratuaren ertza) bezala ezaguna den ibaiertzera jaurti zituzten. Ahazteko mekanismoak indartsuak izan daitezke, baina historiak bere gotorlekuak eraikitzen badaki. Gotorleku horietako bat da Royren azken nobela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.