Ibiltari izateak bere lanak ditu

Kanaldudeko 'Zuzenean zure esku' saioa astero egiten dute, aldiro herri batean. Unitate ibiltari bat erabiltzen dute, zuzenean emititu ahal izateko. Andoainen izan dira asteon.

Kanaldude telebistako Zuzenean zure esku saioa Andoainen egin zuten ostegunean. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Andoain
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Saioa hasteko lau ordu falta dira, eta kable artean murgilduta daude Franck Harriet eta Kattin Iputxa. Ikus-entzunezkoak ari dira ikasten, Miarritzen (Lapurdi), eta Kanaldudeko lana ikasketekin tartekatzen dute. «Urte eta erdi daramat saioan, eta bikain: asko ikasten ari naiz», esan du Iputxak. Harriet errealizazio gelan erreportajeak bidaltzen aritzen da, zuzeneko emankizunarekin hasten direnean.

Ez da nolanahikoa errealizazio gela; furgoneta batean dago sartuta. Kanaldudek 2016tik du unitate ibiltaria. Horri esker, herri batetik bestera joaten dira Zuzenean zure esku programa egitera. Egun osoan azpiegitura tekniko guztia ongi prestatu, eta probak egiten dituzte, zuzenean behar den moduan emititzeko. Aste honetan, Andoaingo (Gipuzkoa) Urigain kultur etxetik egin dute saioa, Ipar Haize elkarteak antolatuta. Erraustegiari buruzkoa izan da emankizuna, eta Elisa Alonso aritu da aurkezle lanetan.

Kanaldudek, azkeneko bi urteetan, deia egin die Euskal Herriko elkarteei, beren herrian saio bat antola dezaten. Azpiegitura guztia Bidarraiko (Nafarroa Beherea) telebistak jartzen du. Eta ez da nolanahikoa. «Tokian dagoen guztia ekartzen dugu: kamerak, dekoratua, mahaia, pantaila, argiak...», azaldu du Harrietek. Lau foku eramaten dituzte. Eta, zuzenekorako, lau kamera erabiltzen dituzte: bi finkoak izaten dira, eta beste bi, mugikorrak. Horietako bat Iputxak erabiltzen du. Beste hiruretan, berriz, saioa antolatzen duten elkarteko laguntzaileak aritzen dira. «Behar denean, formakuntza pixka bat ematen diegu», esan du Iban Rusiñol saioko errealizadoreak. Saioaren hasieran, hitz batzuk egiten ditu Rusiñolek berak errealizazio gelatik. Furgonetatik, alegia.

Harriet eta Iputxa dekoratuari azken ukituak ematen ari dira, Allande Etxeberriren —telebistako komunikazio arduradunaren— laguntzaz. Bitartean, Rusiñol konexioak ondo dabiltzan begira ari da furgonetan. «Andoainen aukera dugu kultur etxeko konexioa eta 4Ga erabiltzeko. 4Ga ez daukagunean, satelitea erabiltzen dugu. Toki bakoitzaren ezaugarrien arabera erabiltzen dugu konexio bat ala bestea. Bi konexio mota onenak aukeratzen ditugu». Zuzeneko emankizuna Kanaldudeko egoitzaren zerbitzarira bidaltzen dute, eta gero handik emititzen du telebistak.

Furgonetako errealizazio gelak bi nahasgailu ditu, zortzi edo hamar sarrera bakoitzak, soinu mahai bat, eta ordenagailu pantailaz beteta dago. Proba guztiak txukun egiteko, denbora behar dute.

Herriz herri ibiltzeak, bestalde, bere ezaugarriak dituela iruditzen zaio Rusiñoli: «Toki bakoitzean, publikoa aldatu egiten da. Musika bira batean ibiliko bagina bezala bizi dugu». Kanaldudeko lau lagun joaten dira herri bakoitzera, goizez, azpiegitura tekniko guztia prestatzera. Beste lagun bat joaten da beranduago: Haitz Aldana. Emankizunaren erredakzio eta produkzio lanaz arduratzen da Aldana batik bat, etaprograma antolatzen duten herritarrei laguntza ematen die platoan bertan.

Ordubete eta ordu eta erdi artean irauten du saioak. «Moztu gabe, bere bizitza izan ohi du saioak», esan du Rusiñolek. Material guztia jaso behar dute gero, eta Nafarroa Beherera itzuli.

Datorren astean, Izpuran

Herriz herri jarraituko du datozen hilabeteetan Zuzenean zure esku programak. Datorren astean, esate baterako, Izpuran (Nafarroa Beherea) egongo dira, eta laborantza ekologikoaz mintzatuko dira. «Bi aste barru, urrutiago joan beharko dugu, Gernikara [Bizkaia]», iragarri du Rusiñolek. «Lanegun luzeak egokitzen zaizkigu batzuetan».

Datorren ikasturtean saioarekin jarraituko dutela ziurtatu du Kanaldudek. Baina aldaketa batzuk egingo dituzte. «Urtaro honetan, astero ari gara saioa egiten. Baina, irailetik aurrera, bi astean behin egingo dugu, komunikazioa eta beste alor batzuk hobeto lantzeko», gaineratu du errealizadoreak. Bitartean, edozein elkartek edo herri mugimenduk aukera du Kanalduderekin bere herrian zuzeneko saio bat egiteko. Bost profesional ibiltariren alboan, haien babesean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.