Sakanaren bozgorailua

«Arazoak arazo eta trabak traba», Nafarroako 'Guaixe' astekariak 25 urte beteko ditu aurten. 'Guaixe.eus' atarira egindako bisitak laukoiztu egin dira azkeneko lau urteetan.

Guaixe astekariaren lantaldea, Altsasuko erredakzioan. GUAIXE.
urtzi urkizu
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Balantzea ona da, garai berrietara egokitzen jakin izan dugulako». Horrekin ez du zalantzarik Goizeder Anton Iturraldek, Guaixe aldizkariko koordinatzaileak. Nafarroako Sakana eskualdean sortu zela 25 urte beteko dira aurten. «Eta balantzea ona da, arazoak arazo eta trabak traba, egun hemen dihardugulakoproiektua sortu zeneko erronka defendatzen: euskara babestu eta sustatzen». Sorrerako erronkak gaur egungo errealitatera egokitu dituzte, beraz. Eskualdean eragiten jarraitzen dute. «Guaixe instituzio bat bilakatu da Sakanan, eta hori ez da ezerezetik lortzen».

Euskarazko astekariaren sorreraren aurretik, 1990ean Sakanako mankomunitatea sortu zen. Herriei zerbitzuak eskaintzen hasi zen, eta hainbat pauso eman zituen Guaixe martxan jarri zenerako. Testuingurua eman du Antonek: «Duela 25 urte, Sakanako autobiako bi zati eginak zeuden, baina beste bi egiteko lanetan ari ziren. Erakunde eta azpiegitura batzuk bukatzear zeuden. Guaixe sortu baino pixka bat lehenago sortu ziren Sakanako enpresarien elkartea eta Altsasuko dendarien elkartea». Urteotan gizartean izandako aldaketetan, bestalde, euskararen ezagutza datuak aipatu ditu Antonek: «Haur Hezkuntzan, D eredua %75etik %86,9ra pasatu da; A ereduko matrikulak, berriz, %25etik %8ra jaitsi dira. Baina bazter guztietan gertatzen dena: ezagutzak ez du erabilera bermatzen». Nabarmendu du, era berean, AEK-k ibar guztian lanean segitzen duela. «Haren abaroan, mintzakide taldeak sortu dira».

Aldizkariaren lehen urteetan, bestalde, artikuluak eta argazkiak fisikoki bidaltzen zituzten errotatibara, eta 50 kilometroko bidea egin behar izaten zuten horretarako. Gaur egun hamar minutuan ordenagailuaren bidez egin daitekeena, alegia. 2019an, berriz, sare sozialetan jarria du begiaGuaixe-k, «fitxaketak egiten eta gazteen hizkuntzara egokitzen».

Ekitaldi bitxiak laster

25. urteurreneko ekitaldien artean, aldizkariaren zenbaki zaharren erakusketa ibiltari bat prestatu dute. Liburutegietan ari dira jartzen: Urdiainera, Ziordiara, Altsasura, Arbizura eta Lakuntzara eraman ostean, Iruñera ere eraman dituzte aldizkari zaharrak. Iruñetik aste honetan bueltatu da erakusketa Sakanara.

Antonek iragarri du ekitaldi «bitxiak» prestatuko dituztela datozen hilabeteetan. «Guaixe.eus atariari zein gure sare sozialei adi egoteko gomendatzen dut». Urte amaiera gerturatu ahala, ospakizun berezi bat ere egingo dute Altsasuko Iortia kultur gunean. «Asmoa da ibilbide luze honetan nola edo hala proiektuaren parte izan direnei gonbidapena egitea. Hunkigarria izanen da».

Antonek nabarmendu duenez, bestalde, astekarian etengabe ari dira moldatzen eta egokitzen. Tokikomen plataforma digital berria ari dira erabiltzen. «Lanean aritzeko erraza eta intuitiboa da. Itxura aldetik oso pozik gaude, argia da, eta edukiak txukun antolatzeko aukera ematen du». Hedabideak Interneten duen harrera hobetuz doa, gainera: azken lau urteetan, atariaren bisitarien kopurua laukoiztu egin da. «Edonola ere, paperak badu bere nortasuna, eta ez da guztiz hilko».

Gaur egun, Guaixe-k bederatzi laguneko lantaldea du: hiru erredakzio lanetan aritzen dira, bat maketazio eta diseinu lanetan, bi komertzial daude, diseinu zerbitzuen arduradun bat, administratzaile bat eta koordinatzaile bat. Beleixe irratiak, bestalde, astean bost egunez emititzeko apustua egin du. «Lan guztia aurrera ateratzeko talde txikia gara, baina laguntzaile asko ditugu». Halako proiektuetan gertatzen den moduan, sosak kezkarako motibo izaten dira. «Proiektua ez dago erabat gure esku, eta horrek mugak jartzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.