Aro berrirako uhinak

Hekimenek gazteei zuzendutako bederatzi irratik aro digitalean egiten dutenaren inguruko ikerketa bat argitaratu du 2019ko urtekarian. Irratia ez baita uhinetara bakarrik mugatzen.

Ikerketaren egileak —eskuineko hirurak— Catalunya Radioko Adolescents.cat saioko aurkezleekin. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Aro digitalean hedabideen moldeak aldatu egin direla esatea ez da ezer berria. Egunkari bat dagoeneko ez baita paperean argitaratzen den agerkari bat bakarrik, sarean eduki multimediak dituen hedabide bat ere bada. Irratiaren moldea ere ez da uhinetara bakarrik mugatzen egun, eta gero eta ohikoagoa da irrati estudio batean kamerak jartzea. Irrati bisuala deitzen zaio horri. Gazteentzako nazioarteko bederatzi irratitan aro digitalerako jauzia nola eman duten aztertu dute Andrea Aranburuk, Maider Arrotxak eta Xabier Perezek Mondragon Unibertsitako ikus-entzunezko gradu amaierako lanean, eta ikerketa Behatokiaren 2019ko urtekarian argitaratu da orain. «Ikusi dugu, esaterako, audioak bere horretan ez duela lekurik Interneten; irudiren bat beharrezkoa da», azaldu du Xabier Perezek. Are gehiago irratsaio hori gazteei bideratuta badago, eta sare sozialetan hedatzea bada helburua.

Beraz, nola egin entzutera bideratuta dagoen irratsaio bat ikus-entzunezko produktu? Zer estrategia erabiltzen ari dira nazioarteko irratietan? AEBetako NPR, WNYC eta KEXP irratiak aztertu dituzte, Erresuma Batuko BBC Radio 1, Frantziako NJR, Kataluniako Flaixbac, eta Espainiako Ser, Los 40 eta Europa FM. Horrez gain, elkarrizketak egin dituzte Catalunya Radio, Ser eta Los 40 irratietako arduradunekin, eta hala jakin dute nazioarteko irratietan zer bide jorratzen ari diren. «Irratia ondo dago autoan entzuteko, baina hortik aparte, kanal gehiagotatik zabaldu behar dira edukiak», azaldu du Perezek.

Hedabide mota batek iraganean zituen mugak erabat lausotu baitira. Hibridatu, Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko irakaslearen eta ikerketaren koordinatzailearen arabera. «Gaur egun ez du funtzionatzen irratia hedabide isolatu bezala ikusteak; irudia txertatu behar da, eta irrati aberastu horrek sarean egon behar du, gazteen kanaletan». Hori baita gaur egun gazteei zuzendutako irratietan egiten duten lana: ohiko irratsaioak egiten jarraitu, baina horiek ondoren sare sozialetan nola mugituko dituzten pentsatuz.

«Irrati saio bat mozorrotuta egiteak, berez, ez dauka zentzurik, ez badira ondoren irudi horiek sare sozialetan hedatzen». Perezek dioenez, gazteei bideratutako irratietan halakoak egitea ohikoa izaten da. TikTok, Instagram edo antzeko sare sozialak irudiari lotutakoak baitira, eta horregatik eduki baten promozioa egiteko baliagarriak ere izan daitezke gisa horretako euskarriak. «Musikari batek zuzenean joko badu saioan, musikari hori jarri daiteke aurrerapen bat egiten, eta horiek sare sozialetan hedatu». Edo elkarrizketa baten minutu bateko laburpena egin. Irratiaren presentzia dagoeneko ez baita uhinetara bakarrik mugatzen.

Podcasten gorakada

Aro digitalean irratiek duten beste erronka podcastena da. «Atenporalak diren saioak dira asko, adibidez, kirola egiten ari zarela entzun daitekeena; irrati kateak apustu indartsua egiten ari dira zentzu horretan», Perezen arabera. Batzuetan irratian bertan emandako saioak izan ohi dira, baina beste askotan espresuki sarean zintzilikatzeko pentsatutako saioak izaten dira. «Fikziozko podcast asko egiten ari dira; iraganeko irratian asko egiten zen zerbait zen, eleberri bat irakurtzea, bada antzekoa da». Saio horiek, ordea, tratamendu berezia izaten dute, efektuak izaten baitituzte, eta ohi baino landuago egoten dira.

Podcast bezala jartzen dituzte, baita ere, irratian zuzenean ematen dituzten saio asko, baina batzuetan estudioa plato bihurtzen dute. Telebista programa batean baleude bezala jarri, eta hiru kamerekin grabatzen dute saioa, ondoren horiek modu ezberdinetan ikusi ahal izateko. Irratia transmedia bihurtzen ari denaren lekuko, Perezek azaldu duenez. Hori guztia ikusita, Euskal Herrian Gazteak egiten duen lana egokia dela zehaztu du. «Presentzia handia daukate».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.