Profil digitalak garai berrietan

EHUk 'EAEko kazetarien profil digitalak eta audientziekiko elkarrizketa' liburua plazaratu du. Ondorioztatu dute kazetariak prestakuntza jasotzen ari direla gaitasun digitaletan.

Hiru kazetari, Bizkaiko irrati batean lanean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Interneteko sare sozialek presentzia handia dute kazetarien eguneroko jardunean, informazioa sustatzeko, audientziarekiko loturak estutzeko edota istorio berriak aurkitzeko». Hala dio Jesus Perez Davila EHUko ikerlariak. Eta ohartarazi du: «Edonola ere, zalantzak ere badaude sare sozialak erabiltzea kazetarien sinesgarritasuna handitzeko baliagarria ote den. Auzitan jartzen da». Perez Davilak koordinatu du EAEko kazetarien profil digitalak eta audientziekikoelkarrizketa lana. Liburua ere argitaratu dute, eta beste irakasle hauek parte hartu dute: Terese Mendigurenek, Koldobika Mesok, Ainara Larrondok, Simon Peñak, Maria Ganzabalek eta Iñaki Lazkanok.

Ikerketa Euskal Kazetarien Elkartearekin elkarlanean egin dute. «Hori izan da arrazoia soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak aztertzeko». Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako kazetariez galdetuta, Perez Davilak uste du sare sozialek «antzeko eragina» izango dutela horiengan ere.

Liburuaren azken atalean jasotzen diren ondorioen artean, nabarmendu dute kazetarien ia bi herenek gaitasun digitalei buruzko prestakuntza espezifikoren bat jaso dutela. Perez Davilak zera dio: «Ezinbestekotzat jotzen dituzten gaitasun digitalen artean, hainbat plataformatan istorioak kontatzen jakitea eta sare sozialak kudeatzen jakitea daude». Azkeneko 10-15 urteetan lanbideak izan duen eraldaketa agerian gelditu da EHUren ikerketan.

Badira bestelako datuak. Esaterako, inkestan parte hartu duten kazetarien herenek baino ez dakite lanean ari diren hedabidean informazioa behar bezala egiaztatu dela ziurtatzeko protokoloren bat ezarria duten. Eta herenek baino ez dute adierazi datuak egiaztatzeko tresnak dituztela.

Azterlanak jasotzen duenez, eremu publiko digital berrian audientziak eginkizun garrantzitsua betetzen du informazio prozesuan, eta kazetariek beren erabakiak hartzeko prozesuan eragiten du horrek. Ildo horretatik, kazetarien bi herenek uste dute Interneteko audientziak lortzeko presioak hedabideen argitaratze irizpideak aldarazten dituela. Ikerlanaren koordinatzailearen arabera, kazetarientzat erronkarik handietako bat da audientziekiko harremana. «Audientziarekin ezartzen den feedbackak kazetariaren informazioa hobetzen lagun dezake, baina, aldi berean, kazetariari egiaztapen lan bat eskatzen dio».

Sare sozialei dagokienez, Perez Davilak zera ondorioztatu du: «Kazetariek erabat barneratua dute sare sozialen erabilera beren eguneroko bizitzan». Eraldatze hori urte gutxian gertatu da, bai Euskal Herrian, bai beste herrialde batzuetan. «Erabilera arruntena azken orduko albisteen berri jasotzeko da, baina gainontzeko hedabideak zer kontatzen ari diren jarraitzeko eta lantzen dituzten gaiekin lotutako joerei buruzko informazioa lortzeko eta gai berriak bilatzeko ere erabiltzen dituzte».

Teknologiaren eragina

Sare sozialen erabilerari begira, azterlanean egindako inkestan parte hartu duten kazetarien erdiek «askatasunez» kudea ditzaketela erantzun dute. Hamarretik lauk, bestalde, diote enpresak gomendioak egiten dituela komunikazio kanal berri horiek nola erabili azaltzeko.

Testuinguru berri horretan, bestalde, arriskuak badaudela ohartarazi du Perez Davilak: «Audientziekiko harremanean gertatutako aldaketak erabiltzaileen interesei lehentasuna emateko arriskua dakar, eta kazetariek argitaratzen denaren edo ez denaren gainean hartzen dituzten erabakietan eragin dezake».

Azterlanak jasotzen duen beste ondorio bat da kazetaritza lanbideak «feminizatzeko» duen joera. «Emakumeek hedabideen eremuan berdintasun handiagoz parte hartzen dute funtsezko hainbat alderditan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kazetaritza enpresak ahalegin inklusiboa egiten ari dira, eta generoan oinarritutako lanbide eta lan dinamikak saihesten dituzte». Bidea egiteko badago oraindik, edonola ere.

Aurrera begira kazetaritza profilen eraldatzea ikertzen jarraitu beharko dutela argi du Perez Davilak: «Teknologiak aldaketa asko ekarriko ditu denbora laburrean: edukien automatizazioa, kazetaritza genero eta formatu berriak... Guztiek lanbidearengan eragina izango dute. Forma berriak interesgarriak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.