Letrak ahora eramateko

Txistorraren egunaren barruan, gastronomian oinarritutako literatura lehiaketa bat antolatu dute Arbizun, bigarrenez: 'Letrak ahora'. Gaur goizean banatuko dituzte sariak.

Txistor pintxoak jateko aukera izanen da Arbizuko kaleetan. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Literatura eta gastronomia. Gastronomia eta literatura. Bi osagai horieknahastuta koktel ederra egin daitekeela frogatu zuten iaz Arbizu herrian (Nafarroa). Txistorraren Egunaren aitzakian, Letrak ahora literatura lehiaketa antolatu zuten lehen aldiz. Arrakasta izan zuen sariketak, eta aurten bigarrenez egin dute. Gaur emango dizkiete sariak irabazleei, Txistorraren Egunaren egitarauaren barruan.

Euskal Herrian gastronomia ardatz hartuta antolatzen den literatur sariketa bakarra da Arbizukoa. Monika Etxeberria antolatzaileak kontatu duenez, zerbait ezberdina egiteko grinak eraman zituen lehiaketa antolatzera. «Txistor Eguna ospatzen genueneko hamargarren urteurrena zen, eta zerbait berezia egin nahi genuen. Gastronomiarekin eta sukaldaritzarekin harreman izugarria dugu, eta originala iruditzen zitzaigun sariketa sortzea. Harritu gintuen Euskal Herrian horrelako bertzerik ez egoteak».

Erran eta egin. Arrakasta izan zuen lehen lehiaketak. Poesian, Eneko Barberena izan zen irabazlea, eta, narrazio laburretan, Joxe Aldasoro. Bakoitzarentzako saria: 100 euro, eta saritutako lanak ilustratzaile batekin batera liburu batean argitaratzea. Bereziki gogoan dute biek argitaratutako liburua. «Idazteko afizioa daukagunok gehien eskatzen duguna irakurriko gaituen norbait izaten da», esan du Aldasorok. «Gainera, irakurtzeaz gain errekonozimendua jasotzea bigarren poza izaten da, eta, publikatua ikustean, hirugarren pozaldia. Berezia da». Barberenarentzat, lehiaketa «oso goxoa» da. «Liburua ilustratuta argitaratzea goxotasun horren sintoma da».

Saria irabazteko, ordea, idatzi egin behar izan dute Aldasorok eta Barberenak. Inspirazioa hainbat lekutan aurkitu du bakoitzak. Aldasoro bere aita zenak kontatzen zuen istorio batean oinarritu zen narrazioa idazteko: «Kontatzen zuen nola aspaldian norbait hiltzean otordu handi bat egiten zuten hileta bukatzeko. Agure bat hilzorian zen, eta familiak otordu handi hori prestatu zuen. Hilzorian zela, ordea, berpiztu egin zen, eta, azkenean, semeak erran zion hiltzeko, otordua ordurako prest zegoelako», azaldu du. «Hori ardatz hartuta pentsatzen hasi nintzen festa guztiak mahaiaren bueltan ospatzen ditugula, eta horren kontrapuntua zela heriotza».

Bertzelako bide batetik aurkitu du Barberenak inspirazioa. Uzta garaian baserrian egotea egokitu zitzaion, eta egunero ikusten zituen aranak erortzen; hortik etorri zitzaion inspirazioa: «Iruditzen zitzaidan arana zerbait sinplea eta goxoa zela. Euskal Herriko etxe askoren ondoan dago aranondoa, eta fruta hori etxe askotara sartzen da». Soiltasunaren aldeko hautua egin zuen Barberena irabazleak poesia idazteko orduan: «Sukaldaritza horren sofistikatua bihurtzen ari den honetan, zerbait sinplea eta goxoa idatzi nahi nuen».

Jateko ugari karrikan

Sari banaketaz harago, zer jan anitz izanen da gaur Arbizun. 10:30ean irekiko dute merkatua, eta, han, produktuak saltzeaz gain, txistorra nola egin erakutsiko diete bisitariei. Pintxo lehiaketa izanen da eguerdian, eta herriko musikariek Arbizuko karrikak alaituko dituzte goiz guztian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.