Grezia. Hauteskundeak

GREZIAK AIREAN DU EUROGUNEA

Greziako hauteskundeetan gaur aterako den emaitzak Europa osoan izan dezake eragina, Syriza ezkerreko koalizioak irabazten badu eta gai bada Brusela krisiari erantzuteko bide alternatiboak hartzera behartzeko. Tsiprasek gehiengo osoa lortzen ez badu, zaila izango da gobernu osaketa.

GREZIAK AIREAN DU EUROGUNEA.
Jon Fernandez.
Atenas
2015eko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Greziako bi euroko txanponaren aurkian laburbilduta aurki daiteke gaur herrialdean bizi dena. Mironen Diskoboloa eskulturaren irudia du erdian, urre kolorez. Alde batetik, diskoa jaurtitzera doan atletaren keinuak sei urteko muturreko austeritateak akitutako gizartearen haserrea erakusten du, erabateko aldaketarako itxaropena, baina baita eurogunea haustearen beldurra ere. Eta aldi berean, krisi ekonomikoa elikatu zuten desmasiak ere gogora dakartza, Atenasko 2004ko Olinpiar Jokoen omenez egin baitzuten bi euroko txanpon hori —gastua aurreikusitakoaren bikoitza izan zen, eta Greziako defizita %4,8tik %7,5era igo zuen 2004an—. Troikak itotzeraino estutu ditu greziarrak, eta Bruselako hirukoa da herritarren miseria ekonomikoen erantzule nagusia, baina krisi aurreko Atenasko eliteen politika ekonomiko txarrak ere zerikusi zuzena du egungo egoerarekin. Halere, iragana eta oraina erakusten ditu txanponak. Gaur etorkizuna erabakiko dute greziarrek: Greziarena eta, neurri batean, eurogune osoarena. Diskoa zein norabidetan jaurtiko duten erabakiko dute.

Ziurtasun gutxi daude bihartik aurrera Grezian gertatuko denaren inguruan, inkesta guztiek Syriza ezkerreko koalizioa garailetzat jotzen badute ere. Inkesta ezkorrenek lau punturen aldea ematen diote Alexis Tsiprasen koalizioari Nea Dimokratia (ND) eskuineko alderdiarekiko. Baikorrenek, aldiz, ia zortzi punturen aldea ere iragartzen diote.

Gehiengo osorik bai?

Gehiengo osoa lortuko duen ala ez, horixe da zalantza nagusia. Greziaren gobernagarritasuna kolokan egon daiteke, legeak lehen alderdiari 50 diputatu oparitzen badizkio ere. Azken inkestek botoen %31,2 iragarri dituzte Syrizarentzako, NDrekiko 6,4 punturen aldearekin. Gehiengorik lortu ezean, koalizio gobernu bat osatu beharko luke Syrizak, eta gaur-gaurkoz ez dauka bikotegai argirik: iazko martxoan sortutako To Potami (Ibaia) alderdi zentrista—inkestetan hirugarrena da, botoen %6,1ekin—, KKE komunista -bosgarren, %5ekin- edo hondoratutako Pasok sozialista —seigarren, %4,3rekin— ikusten dituzte herrialdeko analistek ezkerreko koalizio gobernu bat osatzeko hautagai nagusitzat. Elkarri keinuren batzuk egin arren, gaur-gaurkoz denek errezeloz begiratzen diote elkarri.

2012an gertatu zena errepikatzeko arriskua dago oraingoan ere: alderdi nagusiak gobernu bat osatzeko gai ez badira, berriro hauteskundeetara deitzea hilabeteren buruan. Hori saihesteko, egoera ekonomiko eta soziala goitik behera aldatzeko eta «herritarrak erreskatatzeko» aukera bakarra Syrizak gehiengo osoa lortzea dela ohartarazi du Tsiprasek asteon.

Antonis Samaras lehen ministroak tonua gogortu du kanpainaren azken txanpan, eta nekaezin astindu du Syriza erabateko kaosarekin parekatzeko beldurraren bandera: erdiko klasea desagerraraziko duela, etorkinei atea parez pare zabalduko diela, eurogunetik aterako dela, corralito-a ekarriko duela... Tsiprasek behin eta berriz errepikatu behar izan du Syrizak eurogunean jarraitu nahi duela eta herritarren gordailuak bermatuko dituela. Botoa ematea derrigorrezkoa da Grezian, eta herritarren %10ek edo %15ek gaur erabakiko dute zeini botoa eman. Erabakigarria izango da zalantzatien botoakerakartzea.

Zalantzaren pisua

Zalantzatiak erakartzea da, hain zuzen, Samarasen azken itxaropena. 2012an ere erabakigarria izan zen herritar sektore horren botoa: orduan Samaras babestu zuten zalantzati gehienek, eta bakarrik %9k egin zuten azken unean Syrizaren alde. Inkestek bigarren postua ematen diote NDri—batez beste botoen %25,8 ostiraleko inkestetan-, baina hark ere oso zail luke koalizio gobernu bat osatzea, balizko aliatu faltagatik. Gainera, agintari gehientsuenak kartzelan dituen arren, Egunsenti Urrekara alderdi neonazia laugarren gera daiteke botoen %5,9 eskuratuta. Inkesta batzuek hirugarren posturaino igotzeko aukera ere ematen diote. Pentsaezina da, hori bai, inork haren botoak baliatzea.

Samarasen aliatu nagusia Brusela eta Berlin dira, eta NDk bezala, Europatik ere beldurraren kanpaina egin dute azken asteetan. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak esan zuen nahiago dituela «aurpegi ezagunak» ikusi Bruselan; Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Atenasen bertan babestu zuen Samarasen hautagaitza; eta Der Spiegel astekari alemaniarrak publikatu zuen Berlin prest zegoela Grezia eurogunetik erortzen uzteko Syrizak irabaziz gero.

Angela Merkel kantzilerrak ukatu egin zuen horrelakorik, baina Alemaniako Gobernuak nabarmendu dute Atenasko gobernu berriak aurrekoaren konpromiso guztiak bete beharko dituela. Merkelek, gainera, esan du ez dela aste erabakigarria euroarentzat.

Baina jakina da sarri bistakoa dena ukatzen duenak agerikoa dena aitortzen duela. Europan aurrekari bat sortzearen beldur dira: Grezian Syrizak irabaziz gero, eta zorraren zati bat arintzea lortuz gero, tratu bera eska dezaketen herrialdeen zerrenda luzea da (Espainia, Italia, Portugal, Irlanda...), eta indartzen ari diren aukera politiko berriei botererako bidea erraztu diezaioke aurten hauteskundeak dituzten estatuetan; Podemosi Espainian, esaterako. Ez da alferrikako keinua izan Atenasko azken mitinean Tsipras eta Pablo Iglesias Podemosko idazkari nagusia elkarri besarkatuta agertu izana.

Evangelos Meimarakis Greziako Parlamentuko presidenteak—Samarasen alderdikoa da— aste hasieran esan zuen abenduan troikak xantaia egin ziola Atenasko gobernuari, eta hauteskundeak aurreratzera behartu zuela. Abenduan Samarasek ez zuen lortu gehiengorik parlamentuan herrialdeko presidente berria aukeratzeko. «Hartzekodunak ezegonkortasun politikoaz jabetu ziren, eta erreskatearen amaiera egunera hurbiltzen ari ginenez, gauza gehiago eskatzen hasi ziren», azaldu zuen Meimarakisek.

Krisiaren zenbakiak

Pentsioak gehiago ezin zituztela murriztu esan omen zion gobernuak troikari, eta hark negoziazioak eten zituen. «Ulertarazi ziguten ez ginela gobernu sendo bat, eta ziurgabetasuna ezabatu behar zela. Halaxe gertu zen», salatu zuen Meimarakisek. Kazetari batek galdetu zion ea troikak xantaia egin zien. «Berba hori zeuk erabili duzu, baina argi dago horixe izan zela», erantzun zion.

Ziurgabetasunak uxatu baino gehiago, sendotu egin dira azkenean, ordea. Syrizak irabazteko aukera handia du gaur, eta Europan proposatuko duen lehen kontua zorraren barkamen bat edo berregituraketa bat egitea izango da. Negoziazio eta tirabira zailen aldi bat zabalduko da Bruselaren eta Atenasen artean bihartik aurrera. Gainera, dagoeneko ekonomista eta aditu konbentzional askok ere onartzen dute beharrezkoa dela Greziaren zor neurrigabea arintzeko mekanismoren bat aurkitzea.

320.000 euroren zor publikoa dauka Atenasko gobernuak, barne produktu gordinaren %175. Troikak —Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Banku Zentralak eta Europako Batzordeak— bi aldiz erreskatatu du, mahai gainean 240.000 milioi euro jarriz. Europak behartuta, hartzekodun pribatuek 100.000 milioi euro inguruko zorraren kita bat ere egin zioten Greziari; hala ere, ezer gutxi konpontzeko balio izan zuen.

Baina erreskatea ordaindu egin behar da, eta lagundu baino hondoratu egin du herrialdea, troikak dirua bidaltzearekin batera austeritate neurri gogorrak ezarri dizkiolako baldintza moduan. Ondorioz, Greziaren BPGa laurden bat uzkurtu da krisia hasi zenetik, langabezia %25,5ekoa da, zerbitzu publikoetan murrizketa larriak egin dituzte —osasunean eta hezkuntzan barne— eta sei milioi lagun pobrezia arriskuan bizi dira —biztanleen ia %60—. Syrizaren programaren puntu nagusia, hain zuzen, «erreskate soziala» da, herritarren oinarrizko beharrizanak bermatzea eta sektore publikoa indartzea.

Negoziazio epeak

Ez da osagarri bakar bat ere falta Greziako presio eltzean: otsailaren 28an jarrita dago bigarren erreskatearen amaiera data ofiziala, eta Atenasek troikarekin adostu behar du itxiera hori. Hau da, Samarasek troikarekin lortu ez duen adostasuna lortu behar luke Tsiprasek. Gainera, martxoan 5.000 milioi euroren kredituak eta bonuen ordainketak egin behar ditu gobernuak.

Adostasunak berehala lortu behar direla nabarmendu dute analistek, baina Tsiprasek abisatu du ez dela presaka eta korrika ibiliko. Langabeziaren arazoa urtebetean ezin dela konpondu aitortu duen bezala, troikarekin negoziatzeko uztailera arteko epea duela azaldu du. EBZk zor publikoa erosteko hartutako erabakiak «egutegi berria» ezarri duela uste du Tsiprasek, eta bost hilabetetan erreskatea ixteko akordioa lortuko dutela uste du. Bi aldeentzat «bideragarria eta onargarria» den itun bat lortuko duelakoan dago.

«Zerbaitek funtzionatzen ez duenean aldatzeko aukera izatea da demokrazia», esan du kanpainan Syrizako buruak. Gaur erabakiko dute greziarrek krisiari aurre egiteko Europako gaur egungo ereduak funtzionatzen duen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.