Kataluniako hauteskundeak. Kanpaina

BOZ BAKANEN ILUNPEAN

Salbuespenezko bozak egingo dituzte ostegunean Katalunian. ERCk eta JPCk independentisten boto erabilgarria bereganatu nahi dute, eta unionistena Ciutadansek eta PSCk. Eztabaidaren muinean dago, ordea, subiranismoa indartzea edo «normaltasun» autonomikoa nagusitzea.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteorde eta Generalitateko burua, 155. artikulua ezarri eta gero, Foment del Treballen, Bartzelonan.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteorde eta Generalitateko burua, 155. artikulua ezarri eta gero, Foment del Treballen, Bartzelonan. Q. GARCIA/ EFE

Amagoia Mujika Tolaretxipi. Jon O. Urain

2017ko abenduak 17
Herri intsumisoaren seme-alabak» edo «nazionalismoaren ukatzaileak». ERCkoak dira aurrenekoak, Oriol Junqueras alderdiko presidente, zerrendaburu, Generalitateko presidenteorde eta presoaren hitzetan. Bigarrenak Ciutadansekoak dira, Mario Vargas Llosa idazlearen esanetan. Inkestek bi alderdiok jotzen dituzte datozen osteguneko hauteskundeetako garailetzat, eta biek atzo egin zituzten ekitaldiak, Bartzelonan. Ciutadansek Goya antzokian eginikoan izan zen Vargas Llosa, Ines Arrimadas zerrendaburuarekin, Albert Rivera alderdiko presidentearekin eta Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohiarekin batera —gaur du kanpainako ekitaldi nagusia, Hospitaleten—. Fisikoki ez, baina Junqueras ere izan zen ERCren kanpainako ekitaldi nagusian, Borneko merkatuaren kanpoan, haren hitzak entzun ahal izan zirelako.

2.000 lagun ingururen aurrean mintzatu zen Junqueras; hark grabatutako mezu baten bidez eta Gabriel Rufian eta Joan Tarda diputatuek irakurritako gutun baten bidez. «Bidezko gizarte bat eraikitzera» deitu zuen audioan, «bakoitzaren duintasunarekiko» errespetutik: «Zintzotasuna, zorroztasuna eta lanerako bokazioa bezain garrantzitsua da besteekiko dugun maitasuna. Balio horiek zehaztu nahi ditugu tresna produktiboago eta duinagoetan, eskola gero eta barneratzaileagoetan».

Ekitaldi amaieran jardun zuen Marta Rovira idazkari nagusiak. Harro agertu zen alderdiaren 85 urteko ibilbideaz, ustelkeria kasurik ez izateaz, eta abenduaren 21 osteko lidergoa ERCk izatearen alde egin zuen: «ERC errepublikaren bermea da, herrialde honetako eskubide sozialak mantentzekoa eta herri gisa aurrera egitekoa». Ekitaldian preso politikoak eta erbestean dauden gobernukideak aipatu arren, ez zuen espresuki aipatu Carles Puigdemont Generalitateko presidente eta Junts Per Catalunyaren zerrendaburua, eta argudiatu zuen ERCren aldekoa dela boto baliagarria.

Ehunka lagunen aurrean, berriz, Arrimadasek dei egin zuen «garai historikoaren neurrira» egotera: «Etorkizunera begiratzeko proiektu bat behar dugu». Europara begira jarri zen: «Kataluniako kanpainaren funtsa da atzera itzultzea edo Europako proiektuaren barnean gure balioak defendatzea».

Ezohiko kanpaina

«Urriaren 1eko erreferenduma egitearen ondorioak gogotik ordainduko dituzte». Riverari kanpainan errepikatzea gustatu zaion esaldia. Ez zaio arrazoirik falta: Espainiako Gobernuak Katalunia hankaz gora jarri du, instituzioak bereganatuz, eta Europako demokrazietan pentsaezina den prozesu judiziala abiaraziz. Kalkuluak egin ditu, eta 155.aren maniobrarekin gustatzen ez zaion egoera aldatzeko aukera ikusi du, —euren hitzetan «egoera normalizatzeko» aukera— orain arte ausartu ez den moduan: kanpainako parte izan dira Lleidako Museotik obrak eramatea, TV3ri jazartzea eta adierazpen askatasuna mugatzea, Hauteskunde Batzordeak Catalunya Radio auzibidean jartzea Monica Terribas El matí saioko zuzendariak bi editorialetan esandakoagatik, edo instituzioak horiz janztea debekatzea, kanpainak «neutrala» izan behar duelako. Hautagaiak kartzelan edo erbestean daude, CUPeko kartelak kendu dituzte, eskuin muturraren aldarrikapenak hauspotu. Orain ez dira beldur, eta kalean indarra hartu dute, 155. artikuluaren interpretazio zehaztugabe eta arriskutsu batek eman dien legitimotasuna baliatuta.

Independentisten artean, berriz, urriaren 1eko erreferendumean zuten ilusioa itzaliz joan da, eta Madrilek ezarritako hauteskundeetan parte hartzeko ezinbestekotasuna da arrazoi nagusia bozkatzera joateko. Asteburuan Madrilgo buruzagiek hartu dituzte konstituzionalisten kanpainako ekitaldi nagusiak, eta ezohikotasun beste erakusleetako bat izango da kanpainaren azken eguna, etzi. Estremeran, Madrilen, egingo du ERCk ekitaldia, Junqueras preso duten espetxearen aurrean. Puigdemontek bideo konferentziaz emango dio amaiera, baldin eta ezustekoa ematen ez badu. Europa osoan mugitzeko arazorik ez du Puigdemontek; bai, ordea, Espainian. Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak estradizio eskaera erretiratzea erabaki ostean. Llarena konturatu da Belgikak agerian utz zezakeela Espainiako Justiziaren erabakia, matxinada leporatzea Madrilen arrazoizkoa dirudielako, baina ez Bruselan. Puigdemontek oraingoz esan du presidente aukeratuko balute itzuliko litzatekeela, ez lehenago.

Zerrenda bakarra

Ezohiko egoerak erantzun halakoxea behar zuela-eta hasi ziren hizketan kanpainaren aurretik ERC, JPC eta CUP zerrenda bakarra osatzeko, baina interes ezberdinak eta prozesuak euren artean sortu dituen pitzadurek indar handiagoa izan dute. Puigdemontek zerrenda bakarra nahi zuen —PDECateko emaitza kaskarrak aurreikusten ziren—; Junquerasek, berriz, ez —alde handiz irabazletzat jotzen zuten inkestek—, eta CUPentzat ezinbestekoa zen aldebakarreko bideari eustea. ERCren argudioa zen, berriz, nor bere aldetik joanez gero sentsibilitate ezberdineko jendea beregana zezaketela, eta batera, batzuk etxean gera zitezkeela.

Bozkatzaile independentista gehienek ez dute irentsi alderdien estrategia, eta, Madrilgo fronteari eta ezarritako salbuespen egoerari aurre egiteko bozkatzera joango badira ere, lausotu egin da etorkizun independente baten irudia. Nahiz eta elkarri eraso ez egiteko halako akordio bat izan duten, derrigorrean ateratzen da lehiakortasuna: ERCren mezua izan da Junquerasek irabazi behar duela Ciutadansen garaipena saihestu nahi bada, Puigdemontek indarra hartu baitu, ERCren nagusitasuna arriskuan jartzeraino. JPC Junts Per Catalunyak, berriz, nabarmendu du Puigdemont dela presidente legitimoa, eta hark osatu duen zerrenda dela kataluniarren aniztasuna gehien islatzen duena. JPC sortu berriak independentismoa du ezaugarri bakarra, propio bilatutako indefinizio ideologikoarekin batera. PDECateko ordezkari gutxi dauzka, eta zerrendan bigarren ANCko Jordi Sanchez doa —hori ere espetxean—. ERCren ingurukoak ere sartu ditu, baita independente eta inoiz politikan aritu ez direnak ere.

ERC da Kataluniako alderdi nagusia, 2014tik inkestek diotenez, baina ez du dena alde. Subiranismoaren ikur bilakatu da, eta Junquerasek babes handia du, baina espetxean egoteak ez dio aukerarik eman kanpaina eraginkorra egiteko, eta Rovirak ez dio pultsua hartu kanpainari. Bigarren mailan utzi dute egunotan, eta Carles Mundok eta Raul Romevak hartu dute protagonismoa. Hilabete igaro dute preso.

Espetxeak eta epaileen ohartarazpenek mugatu dute kanpaina, zer esan behar ez duten markatzeraino, aldebakarreko bideaz ez hitz egiteraino. Ekintza sinbolikoa bilakatu da urriaren 27ko deklarazioa, CUP ez beste guztientzat, aldebakarreko prozesua kendu baitute ideariotik. Kanpainan saihestu dute aldebakarreko hitza, negoziazioa, elkarrizketa, gehiengo handiak eta horrelakoekin ordezkatuz. ERCk eta PDECatek kanpainarako adostu zituzten bederatzi puntuetatik bik jasotzen dituzte horiek.

CUPek ez zuen bat egin bederatzi puntuekin, errepublika eta aldebakarreko prozesua defendatzen jarraitzen baitu. Kanpainan argi utzi du bide luzea izango dela, baina prozesu errazik ez dagoela eta aurrera egiteko prest daudela. Datorren legealdian orain arte baino «gogorrago» ekingo dute. Akordioak bai, baina ez errazak. Zuzendaritza berritu dute datorren legealdiari begira, haientzat hauteskundeak ez baitira eginbehar bakarrak.

Bloke konstituzionalista

Katalunia «jende normalak» gobernatzeko bere araua inposatu duena da paradoxikoki hauteskundeotan boto gutxien jasotzeko arriskuan den alderdia. Aldiz, Espainian PPren gobernua babestu duen alderdi antikatalanak lor dezake boto gehien. Hainbat arrazoi daude C's-en arrakasta erakusteko. Hezkuntzari eta hedabideei egindako erasoek boto espainolista sorta bat bereganatzeko aukera emango diote, nazionalismo espainiarraren esnatzea baliatzeko eraso eraginkorrak eginez, eta arreta piztu die politikarako interesik ez zuten herritarrei. Arrimadasek kanpaina oso ona egin du, «totalitarismo katalanista» uxatzeko euren aldeko boto erabilgarria eskatuz eta unionismoaren erreferentzia bilakatuz. PSCrekin dauka lehiarik handiena, eta bloke unionista egiteko Miquel Icetaren ezezkoa kritikatu izan du. Catalunya en Comu-Podem ere izan du jomugan, bai baitaki handik botoak eskura ditzakeela, ideologiaz oso ezberdinak diren arren.

Icetak Comukoak eta Arrimadasen diskurtsoa gogorregitzat duten espainolistak erakarri nahi ditu; baita prozesu subiranistarekin bat ez datozen CIU zenaren boto emaileak ere. Horregatik batu dira Uniorekin. 155.a «halabeharrez» babestu arren, euren diskurtsoa da blokeak hautsi behar direla eta haiek direla gizartearen jostun prestuenak. Inkesten arabera, gora egingo dute.

Behera, berriz, Comukoek. Ez da egoera erraza ez han eta ez hemen egotea, eta prozesuak alderdi barruko haustura eragingo die. Albano Dante Fachin Podemeko buruak dimisioa eman zuen Catalunya En Comurekin bat egin nahi ez zuelako. CUPekin eta ERCrekin aritu da kanpainan, Comukoek independentistak gogor kritikatu dituzten bitartean, aldebakarreko bidea 155. artikuluaren aplikazioa bezain txarra dela esanez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna