Eutanasia. Espainiako Kongresuko prozedura

Tramiterako onartu dute eutanasia erregulatzeko lege proposamena

Espainiako Kongresuko talde parlamentario guztien babesa lortu du PSOEk, PPrena izan ezik. Monton «oso gustura» agertu da emaitzarekin. Zaintza aringarria hobetu beharra azpimarratu dute

PSOEko Adriana Lastra eta Espainiako Osasun ministro Carmen Monton, atzo, eutanasiaren inguruko lege proposamenaren eztabaidan. FERNANDO ALVARADO / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Eutanasia arautzeko lege proposamena tramiterako onartu zuen atzo Espainiako Kongresuak. PSOEk aurkeztuta, talde parlamentario guztien babesa lortu du, PPrena izan ezik. Proposamenak gaixotasun larri eta sendaezin bat dutenei edo desgaitasun larriak dituztenei hiltzen laguntzea aurreikusten du, sufrimendu psikiko edo fisiko jasanezinak badituzte: «Sufrimendua luzatzea saihesteko». Espainiako Osasun ministro Carmen Monton «oso gustura» agertu zen Kongresuak proposamena tramiterako onartuta: «Segurtasun juridikoa eta berme medikoa emango ditu». Gobernuaren xedea lege proposamena onartzea izango da orain, agintaldia amaitu aurretik. Hala esan zuen Pedro Sanchez presidenteak.

PSOEko bozeramaile Adriana Lastrak aurkeztu zuen proposamena osoko bilkuran, eta adierazi gaia konplexua dela, «etikoki, juridikoki eta medikoki». Bozeramaileak nabarmendu zuen eutanasia «muturreko kasuetan» bakarrik erabiliko dela, eta, «erabakia zaila» den arren, herritarren «azken eskubidea» erregulatu beharra dagoela. Izan ere, gaixoen eskubideak kontuan hartzeko eskatu zuen, duintasunerako eta askatasunerako eskubideak bermatu beharra azpimarratuta.

Lastraren esanetan, eutanasiaren erregulazioa «ezinbestekoa» da. Gaur egun, bada tramiterako onartua dagoen eutanasia despenalizatzeko beste proposamen bat. Hura Kataluniako Parlamentuak eraman zuen Espainiako Kongresura, eta maiatzean tramiterako onartu zuten han. Proposamen hark, ordea, zigorrak ezabatzearen alde egiten du, erregulatu gabe. Gaur egun, bi eta hamar urte arteko espetxe zigorra jaso dezake norbaiti bere buruaz beste egiten laguntzen dion orok.

Unidos Podemoseko Eva Garciak adierazi zuen atzokoa «egun garrantzitsua» izan zela, eta gogoratu Kongresuan eutanasiaz hitz egiten den hemezortzigarren aldia dela. Podemosen ustez, zaintza aringarriek «mugak» dituzte, eta eutanasiaren printzipio gidaria ezin da «sufrimendua» izan, gaixoaren «autonomia» baizik: «Norbaitek 'ezin dut gehiago' esaten duenean». Horregatik adierazi zuen ez litzatekeela justua izango pertsona bat noiz hil behar den beste batek erabakitzea. «Libre izatearen defentsa azkenera arte», gehitu zuen, DMD heriotza duinaren aldeko elkarteko presidente Luis Montes zenari erreferentzia eginez.

EAJko diputatu Joseba Agirretxeak adierazi zuen ahal den guztia egin behar dela gaixoek bizitzen jarraitu nahi izateko, baina gehitu zuen ez dela gauza bera bizi nahi izatea eta bizitzea: «Okerrena da hil nahi izatea bizi ezin duelako, eta hil ezin izatea». Zaintza aringarriak hobetuz gaixo larrien bizitza hobetzea alderdi guztiek aipatu zuten zerbait izan zen. ERCko Joan Olorizek azpimarratu zuen, ordea, askotan ez dela nahikoa zaintza hobetzea, eta bizitzari eta heriotzari aurre egiteko askatasunaren aldeko pausoak eman behar direla nabarmendu zuen: «Beharrezko tresnak ditugu duintasunez hiltzea posible izan dadin. Bizitza eskubide bat da, ez betebehar bat». PDeCATek ere bide beretik jo zuen, eta adierazi zuen erabakitze eskubidea herritarrek nahi duten punturaino eraman behar dela. Horrez gain, erregulazioak medikuntzako profesionalak babestuko dituela uste dute katalanek.

Ciudadanosek ere «askatasuna» nabarmendu zuen, proposamena babestean. Halere, eurek aurkeztutako eskubide eta bermeen lege proposamenaren defentsan zentratu zuen hitzaldia Francisco Igeak. Besteak beste, etxean hiltzeko eskubideari aipamena eginez: «Aberatsek bakarrik erabakitzen dute, txiroak bakarrik hiltzen dira». Alderdiaren esanetan, 50.000 dira zaintza aringarriak behar dutenak eta haiek gabe hiltzen direnak.

Eutanasia, «porrota»

Zaintza aringarriak izan zituen hizpide PPk ere, eta gogor jo zuen eutanasia erregulatzearen aurka: «Eutanasiaz hitz egitea porrotaz hitz egitea da. Porrot politiko, mediko eta soziala». PPk adierazi zuen uko egiten diola onartzeari eutanasia gaixoei eman ahal zaien «erantzun bakarra» dela. Horrez gain, gaixo larrietatik hasi eta zaintza aringarriei «eremua irabaziz» joango dela uste dute: «Etika medikoak sufrimendua ezabatzea du helburu, ez gaixoa». Popularrekin bat egin zuen UPNk, bizitzarako eskubidea «amaiera naturalera arte» defendatu behar dela esanez. Bestela, ahulenak hilko direla esan zuen, «gehien bakartuak daudenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.