Kaledonia Berria. Independentzia erreferenduma

AUKERA ALA IRUZURRA

Independentzia erreferenduma dute gaur Kaledonia Berrian, Frantziaren kolonian. Galdeketaren antolaketak eta, batez ere, hautesle erroldak eztabaida piztu dute, kolonialismoak biztanleria desorekatu baitu. Independentisten zatiketa eta gazte kanaken abstentzioa dira galdeketaren gako nagusiak.

AUKERA ALA IRUZURRA.
ander perez zala
2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Aizkora bat, eta hautetsontzi bat. Zerikusirik ez duten bi objekturi esker egin zen ezagun Frantzian, kolonizatzailearen eremuaren bihotzean, kanak herriaren borroka; argazkia sinbolikoa da, joko politikoaren eta erakundeen aurkako estrategiaren isla bilakatu baitzen. 1984ko azaroaren 18an, Canala herrian, independentistak «boikot aktiboaren» kanpainan murgilduta zeudela, munduaren arreta bereganatu zuen Kaledonia Berriak, ekintza bati esker: UC Kaledoniar Batasuna alderdi independentistako idazkari nagusia, Eloi Machoro, herriko udaletxean sartu zen, eta han zegoen hautetsontzia hautsi zuen eskuan zeraman aizkorarekin. Hauteskunde eguna zen, eta kanaken abstentzioa %80 baino handiagoa izan zen. Une horretan, borroka ez zegoen erakundeetan, kaleetan baizik; mobilizazioak etengabeak ziren, eta udaletxeak okupatu, errepideak blokeatu eta aktibitate ekonomikoa guztiz geldiarazi zuten independentziaren aldekoek. Hurrengo urtean, jendarme batek Machoro hil zuen.

Gatazka politikoaren urterik gordinenak ziren Ozeaniako herrialde txikian. Gaur, ekintza horretatik 34 urte betetzear direla, etorkizun politikoaz erabakitzeko galdeketa dute Kaledonia Berrian, duela 30 urte abiaturiko prozesu politikoan mugarri bat ezarrita; hain justu, 174.154 herritar daude deituta independentzia erreferendumean bozkatzera, galdera honi erantzuteko: «Nahi duzu Kaledonia Berriak subiranotasun osoa eskuratzea eta independente bilakatzea?». Galdeketaren antolaketa, ordea, gatazka eta polemika artean egin da, hautesle erroldan 20.000 kanak inguru falta direla salatu baitute independentistek; horri, gainera, gehitu behar zaio hamarkadotan Europatik iritsitako immigrazio masiboak biztanleria desorekatu duela. Kanakak, Kaledonia Berriko autoktonoak, egun ez dira gehiengoa: aukera ala xantaia da gaurko galdeketa?

Ofizialki, 30 urte dira Kaledonia Berria deskolonizazio prozesu batean murgilduta dagoela, 1988ko Matignongo eta 1998ko Noumeako akordioei esker. Frantziako Estatuaren eta Kaledonia Berriko independentisten eta loialisten ordezkariek adosturiko eta sinaturiko hitzarmenek koloniaren hiru probintzien eta komunitateen arteko desorekak orekatzeko neurriak aurreikusi zituzten, eta, lehen akordioaren kasuan, baita sinatu eta hogei urtera autodeterminazio erreferendum bat antolatzea ere. Hamar urteren ostean, ordea, independentistek eta loialistek ez zuten argi ikusi galdeketa horren antolaketa, hori egiteak aurreko hamarkadako tentsioak berpitz zitzakeelakoan; horren ondorioz, hiru aldeek Noumeako Akordioa sinatu zuten, eta Parisek onartu zuen pixkanaka gero eta eskumen gehiago ematea Kaledonia Berriari. Alegia, koloniaren autonomia progresiboki handitzea.

Gaur-gaurkoz, Kaledonia Berria testuinguru horretan dago: Justizia, ordena publikoa, Defentsa, moneta eta nazioarteko harremanak, falta zaizkion eskumenak soilik independente bilakatuz gero bereganatuko ditu.

Horiek horrela, bi akordioek finkaturiko helburuak kontuan harturik, Frantziak bultzaturiko deskolonizazio prozesu egiazkoa izan al da? Sarah Mohamed-Gaillard politologoaren eta Inalco Ekialdeko Hizkuntza eta Zibilizazioen Institutu Nazionaleko irakasleak BERRIAri adierazi dionez, «zaila da» galdera horri erantzutea. «Askok zalantzan jartzen dute deskolonizazio prozesu bat kudeatzeko [Frantziako] estatuaren gaitasuna. Izan ere, kolonizazioaren eragile nagusia izan da, eta, berrorekatze neurriak bultzatu dituen arren, desberdintasunek hor jarraitzen dute, eta kanakek sufritzen dute gehien. Hori bai, XX. mendeko deskolonizazioen historiak frogatu du deskolonizazioaren auzia ez dela independentziara mugatzen, baizik eta herri baten subiranotasun mailaren araberakoa dela».

Hain justu, bi kontzeptu horiek, subiranotasuna eta independentzia, izan ziren eztabaidagai nagusi erreferendumeko galdera zehazteko bileran. Independentistentzat, ezinbestekoa zen lehen hitza galderan agertzea; loialistek, berriz, eskari bera zuten bigarren hitzarekin. Azkenean, biak erabiltzea adostu zuten: «Galderaren bigarren partean [«...independentea bilakatzea?»], kontuan hartu behar da ez zaiola erreferentziarik egin Frantziari, independentzia lortuta ere horien aldekoek ez dituztelako Parisekiko lotura guztiak hautsi nahi», gogorarazi du Mohamed-Gaillardek.

Errolda eta demografia

Zalantzarik gabe, hautesle errolda izan da gaurko galdeketaren antolaketan gatazkarik handiena sortu duen auzia. Frantziak sustaturiko kolonialismoaren ondorioz —hango eta Aljeriako deportatuak, kolonoak eta haien ondorengoak...—, kanakak egun ez dira gehiengo euren herrialdean, eta independentistek horregatik leporatzen diote Parisi euren aldarrikapenak «itotzea». Denera, 174.154 herritarrek dute gaur botoa emateko eskubidea.

Falta direnak falta direla, azken hamarkadotako demografiaren eboluzioari erreparatu behar zaio mugimendu independentistaren kritika nagusia ulertzeko. Kaledonia Berrian, bi dira komunitate nagusiak: kanakak —autoktonoak— eta caldocheak —europarrak eta haien ondorengoak—. INSEE Estatistika eta Ekonomia Ikerketen Insitutuaren informazioaren arabera, biztanleen %39 dira kanakak —2014ko datuak—; 1996an, %44 ziren; eta 1969an, %46. Euren burua caldochetzat dutenen artean, 2014an biztanleen %27 ziren; 1996an, %34; eta 1969an, %41.

Europarren datu horiek, ordea, tentuz hartu behar dira, kopuruak beherantz egin duen arren horien pisu demografikoa ez baita aldatu: euren burua caldochetzat zuten askok kaledoniartzat duteorain euren burua —Noumeako Akordioaren ostean sorturiko eta Frantziak bultzaturiko herritartasun edo identitate berria—. Horien kopuruak gora egin du: 2009an, %5 ziren, eta 2014an, berriz, %7. Beraz, kaledoniarrak eta caldocheak gehituz gero, horien pisu demografikoak ez du beheranzko joerarik izan; bai, ordea, kanakenak.

Gaurko erreferendumari begira, erronka, independentistentzat, Hegoaldeko probintziako boto emaileak erakartzea izan da. Iparraldeko probintzian eta Leialtasun uharteetan, kanakak gehiengo dira, eta hori sumatu zen Kaledonia Berriko 2014ko bozetan, independentziaren aldeko alderdi politikoak izan baitzirengehien bozkatuak bi eremu horietan. Arazoa, ordea, hirugarren probintzia horretan dute: Kaledonia Berriko biztanleriaren %75 bizi da eremu horretan, probintzia horretatik doaz ordezkari gehien kongresura, eta eremu hori da loialisten gotorlekua. 268.767 biztanle ditu Kaledonia Berriak, eta horietatik 199.983 bizi dira Hegoaldeko probintzian; batez ere, Noumea hiriburuaren inguruan.

Hautesle erroldaren kasuan ere, kanakak ez dira gehiengo: 174.154tik 80.120 dira autoktonoak, alegia, boto emaileen %46. Beraz, Frantziako presidentea hautatzeko bozetan, hauteskunde orokorretan eta Kaledonia Berriko udal bozetan bozkatzeko eskubidea duten 35.000 bat herritarrek ezingo dute gaur beren iritzia eman.

Mugimendu heterogeneoa

Gauza bat argi dago: independentismoa ez da elkartuta iritsi gaurko galdeketara. Ildo desberdinek kritika berak egin dizkioten arren prozesuari eta erreferendumaren antolaketari, galdeketarekin duten jarrerak jarri ditu aurrez aurre. Errealitate hori, bada, hamarkadotako joeraren isla da: mugimendu independentista heterogeneoa da Kaledonia Berrian.

Independentziaren aldekoen artean, ildorik garrantzitsuenak, FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka koalizioak, baiezkoaren alde bozkatzera dei egin die herritarrei. Horren aurrean, PT Alderdi Langileak galdeketa boikotatzeko eskatu die herritarrei; hala, bi jarrera horiek kalte egingo diote gaur mugimendu independentistari; batez ere, auzi zehatz batean. «Zatiketa hori kezkagarria da, batez ere FLNKSrentzat, abstentzioa handia izan baitaiteke gaur; gehienbat, gazte kanaken artean. Hori zergatik? Urteak direlako FLNKSko politikariak egonkortuta daudela kargu publikoetan, eta, beraz, galdeketa klase politiko batekiko konfiantzaren ikuspuntutik ere interpreta daiteke; batez ere, gazteen ikuspuntutik», ohartarazi du Mohamed-Gaillardek. Gaurko galdeketarekiko jarrerak, independentismoaren barruan, bitan zatitu daitezke: baiezkoaren aldekoak eta abstentzioaren aldekoak

Daniel Goa UCko presidenteak eta FLNKSren bozeramaileak baiezkoaren aldeko mezuak ugaritu ditu asteon, kanpaina amaitzear zela. Besteak beste, hark eta FNLKS osatzen duten gainontzeko alderdi politikoek argudiatu dute galdeketa irabazteak herrialdearen «subiranotasuna» lortzeko bidea ekarriko lukeela. Frantziako inkesta etxeek egindakoitaunketek ezezkoaren garaipen zabala aurreikusten duten arren, FLNKSn baikor daude, inkesta horiek «beldurraren estrategiaren parte» direlakoan.

Jarrera horrez gain, independentziaren aldekoek PTk bultzaturiko aukera ere badute mahai gainean: abstentzioa. Euskal jatorriko diputatu Marie-Pierre Goyetchek BERRIAri azaldu dio jarrera horren arrazoia: «Galdeketan ez parte hartzera deitu dugu, hori egiteak erreferendum bidoi honi zilegitasuna emango liokeelako». Arreta, batez ere, Matignongo eta Noumeako akordioetan jarri du, ez dituztelako kanak herriaren eskubideak berreskuratu; kontrara, uste du akordioek sendotu egin dutela kanaken kolonizazioa. Horregatik, gaurko erreferenduma «iruzur bat» dela deritzo: «Faltsutu egin dute. Hautesle erroldan, kolonizatuak ez direnak gehiago dira kolonizatuak baino. Hemen, autodeterminazio eskubidearekin zerikusi zuzena duena kanak herria da. Gaur bozkatuz gero, ezezkoaren jarrera sendotuko da, eta, aldi berean, herrialde independentea bilakatzeko proiektua lurperatuko da».

Proiektu horrek, hain justu, badu berezitasun bat: gaur ezezkoak irabazita ere autodeterminazio prozesua ez dela geldituko. Izan ere, Noumeako Akordioaren arabera, beste bi galdeketa egiteko aukera izango dute Kaledonia Berrian, eta 2019ko bozetatik aterako den kongresuak izango luke bigarren erreferendumera deitzeko eskumena; eskaria egin eta hemezortzi hilabetera izango litzateke: hau da, 2020tik aurrera. Kasu horretan ere ezezkoak irabaziko balu, bide berari jarraitu beharko liokete hirugarrena egiteko; betiere, 2022tik aurrera.

PT, beraz, bi hitzordu horiei begira jarri da jada. Gaur ezezkoak irabaziko duela konbentzituta, Goyetchek argi du bidea hautetsontzietatik doala, baina, oraingoz, haren alderdiak ez du zehaztu hurrengo pausorik: «Independentzia hautetsontzietan irabaziko dugu. Gure bide orria, etorkizunera begira, hilaren 16ko alderdiaren kongresuan zehaztuko dugu». FLNKSren jarreraz, esaldi batean laburbildu du bere eta alderdiaren iritzia: «Estatu kolonialaren aurkako Askapenerako Fronte izateari utzi, eta Estatu kolonialarekin Kolaboratzeko Fronte bilakatu da».

1853tik 1998ra

Matignongo eta Noumeako akordioak bide gatazkatsu baten ondorio dira. Independentziarako bidean, lehen harria Maurice Lenormandek jarri zuen, 1953an UC alderdia sortu zuenean; kaledoniarrak eta melanesiarrak elkartzea zuen helburu, Bi kolore, herri bakarra lelopean. Kanakek 1957ra arte itxoin behar izan zuten bozkatzeko eskubidea izateko; horren aurretik, ez zuten eskubide zibilik, eta lan behartuak egiteko erabiltzen zituzten.

Iragan odoltsuak goia jo zuen 1980ko hamarkadan, Kaledonia Berria gerra zibilaren atarian zegoenean. FLNKSk, Jean-Marie Tjibaou buru zuela, «Kanakyko behin betiko gobernua» osatu zuen 1984an, eta hurrengo lau urteetan krisi politikoa eta iskanbila bortitzak izan ziren protagonista herrialdean. Goia 1988an jo zuten, Frantziako presidentetzarako bozen atarian: Ouvea irlako Gossanaheko kobazuloan ezkutatu ziren zenbait militante independentista, bahitu zituzten 27 jendarmerekin; militarrak bortizki sartu ziren, eta 25 hildako izan ziren; tartean, hemeretzi kanak. Orduan, negoziazioetako bidea hartzea erabaki zuten Tjibaouk eta loialisten ordezkari Jacques Lafleurrek, eta urte berean Matignongo Akordioa sinatu zuten; Ouveako tragedia, ordea, ez zen berehala amaitu: 1989an, aurreko urteko gertakarien oroimen ekitaldi batean, independentista batek Tjibaou hil zuen, aurreko urteko akordioa sinatzeagatik.

30 urteren ostean, Kaledonia Berriaren independentziak eztabaida politikoaren erdian jarraitzen du, eta gaurko galdeketak ez dio amaierarik emango auzi horri. Baiezkoak irabaziko balu, trantsizio epe bat jarriko lukete abian Parisek eta Noumeak, etorkizuneko herrialdea prestatzeko, eta Kaledonia Berriari falta zaizkion eskumenak emateko; ezezkoak irabazita, Kaledonia Berriak ez luke eskumen gehiago izango. Halere, emaitza edozein dela, gaurko galdeketa mugarri bat izango da, bai Kaledonia Berriaren historian, bai Frantziarenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.