Albistea entzun

Eutanasia. Eztabaida Espainiako Kongresuan. Concha Castells. EAEko DMDko presidentea

«Lege ona da; aintzat hartzen ditu egon daitezkeen eskeen %95»

Heriotza duintzeko bidean eutanasia legeztatzearen alde dauden DMD elkartean ilusio handia dute Espainiako eztabaidarekin. PSOErena ez da nahi luketen bezain lege irmoa, baina aintzat hartzekotzat dauka Castellsek.
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2018ko urriak 26

Madrilen abian den eztabaidak eutanasia eskatzeko modua ekar diezaieke pazienteei; lehenengo aldiz. Horregatik, adi-adi daude heriotza duinaren aldeko DMD elkartean, eutanasia legeztatzearen aldekoak baitira. Prozesuan esperantza dutela onartu du elkarteko EAEko ordezkaritzako presidenteak, Concha Castellsek.

Aipatu izan duzue PSOEk eutanasia legeztatzeko aurkeztu duen proposamena ez dela zuen gogokoa erabat. Zertan iruditzen zaizue ona? Zertan ahula?

Lege ona dela iruditzen zaigu, Herbehereetakoaren eta Belgikakoaren antzekoa. Uste dugu aintzat hartzen dituela egon daitezkeen eskeen %95-edo. Gaixotasun bat larria eta sendaezina denean, eta desgaitasun fisiko kroniko bat dagoenean; bi kasuetan emango da aukera eutanasia eskatzeko. Apustu historiko bat da lege hau; hori onartu egin behar da. Baina zer hobetua ere ikusten diogu; ez zaigu gustatzen, adibidez, aurretik medikuek onartutako eskabideei gero onespena eman behar dietela berriz batzorde batean.

Batzordeak eskariak onesteko traba izango dela uste duzue?

Batetik, iruditzen zaigu horrek prozesuak gehiegi luzatzea ekar dezakeela. 32-40 egun artean luza daiteke prozedura bakoitza, nahiz eta salbuespen egoeretan prozesu bizkorragoak egiteko era ere emango duen legeak. Bestetik, iruditzen zaigu zenbait autonomia erkidegotan proposatzen diren batzordeak prozesuei galga jartzeko erabil daitezkeela, zeren eta autonomia erkidegoek hautatuko dituzte batzorde horietako kideak. Kezka hori badugu; batez ere, eutanasiaren kontra dauden alderdi politikoak agintean dauden tokietan. Herbehereetan-eta antzeko batzordeak badira, baina behin eskatzaileei eutanasia egin eta gero aztertzen dituzte batzorde horietan kasuak.

Beste hutsunerik badu legeak?

Eritasun larri eta sendaezinak zerrendatzean, ez ditu aintzat hartzen buruko eritasunak, eritasunaren ondoriozko bizitza pronostikoa mugatua izatea eskatzen baita. Horrek kanpoan uzten ditu buruko gaitz larriak, pairamen handia eragiten badute ere. Adingabeak ere kanpoan uzten ditu, baina auzi arazotsuagoa da hori. Baina bereziki nabarmentzekoa iruditzen zaigu buruko gaixoena.

Aldi berean, lege honekin batera, zainketa aringarriei buruzko beste bat ere eztabaidatzen ari dira Espainiako Kongresuan, Ciudadanosek proposatuta. Beharrezkoak dira zainketa aringarriei buruzko lege onak eutanasiak egiten hasteko?

Gauza ezberdinak dira; lotuta daude, baina ezberdinak dira. Baina frogatuta dago, eutanasia arautu duten herrialdeetan, horrexek, eutanasiaren legeak berak, ekarri duela zainketa aringarriak hobetzea. Izan ere, eutanasia egin aurretik pertsona bati bermatu egin behar dizkiozu zainketa aringarri onak. Baina, tira, heriotza duinaren aldeko lege gehiago badira, eta aurrez legez onartutako eskubideak bildu besterik ez dute egiten, pazienteen autonomiaren legean-eta daudenak. Baina, lege berri bat onartu? Ados. Oroitaraziko du estatuak zaintza horiek bermatzeko duen obligazioa, baina ez da bateraezina beste legearekin.

Medikuen partetik behar adinako atxikimendua espero duzue?

Bada, abortua legeztatu zenean gertatu zenaren antzeko zerbait gertatuko da. Uko egingo diote hainbat medikuk, bai, baina askotarikoa da medikuen kolektiboa. Egingarria izango da legea, ez dut dudarik horretan. Legeak, gainera, segurtasun juridikoa emango die profesionalei; horixe bermatu nahi du legeak.

Oraindik eztabaida ez da amaitu legearen inguruan. Geratzen diren prozesuetan, non jarri behar dira, zuen ustez, marra gorriak lege honen edukia babesteko?

Auzi arazotsuenetako bat da zer gertatzen den pertsona batek aurretiazko borondateen agiri batean eutanasia nahi duela esan duenean, baina une jakin batean, dela gaixotasun larri baten ondorioz, dela mendekotasun baten ondorioz, erabakitzeko eta komunikatzeko ahalmenik gabe geratzen bada; kontua da errespetatzen den pertsona horren nahia. Eutanasia egiteko eskakizuna egoera horietan ez aintzat hartzeko arriskua egon daiteke.

Aurretiazko borondateak aipatu dituzu. Lehendik ere erabiltzen dira horrelakoak bizitzaren amaierarako irizpideak emateko. Agiri horietako asko berridatzi egin beharko dira eutanasia legeztatzen bada, ezta?

Bai, zenbait pertsonak jada gure agirietan jarria dugu geure buruaren jabe ez garen unean eutanasia nahi dugula eutanasia legeztatuta badago. Era militante batean egin dugu keinu hori. Hori egin ez duten pertsonek, bada, berriro idatzi beharko dituzte agiriak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Caritasek ohartarazi du bazterkeria egoerak «gero eta konplexuagoak» direla

Edurne Begiristain

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Caritas elkarteek 2022ko memoriak aurkeztu dituzte. 34.000 lagun baino gehiago artatu dituzte, eta, horretarako, ia zazpi milioi euro erabili.

Pello Igeregi eta Miren Zubizarreta, ELAren agerraldian ©Oskar Matxin Edesa / Foku

ELAk uste du LABek «bake sindikala eskura» jarri diola Eusko Jaurlaritzari

Gotzon Hermosilla

Sindikatuaren ustez, LABek eta Hezkuntza Sailak sinatutako akordioak ez ditu konpontzen Hezkuntza Legearen gabeziak eta mugak

Indarkeria matxistaren aurka, sanferminak hasi aurreko manifestazioa, Iruñean, artxiboko irudi batean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Bortxaren harea mugikorretan

Jone Arruabarrena

Gasteizko azken hilketa matxistaren harira, eztabaida piztu da babes neurrien eta biktimen gaineko arriskua neurtzearen garrantziaren inguruan. Egungo protokoloak «hutsuneak» dituela diote adituek.

Norma Vazquez psikologoa: «Andre askok ezin dute harreman hori moztu»

Leku anitzetan ez dago errepide egokirik bizikletaz ibiltzeko. ©GUILLAUME FAUVEAU

Bizi-k balorazio garratza egin du erakundeek ingurumenari begira hartu dituzten neurriez

Ekhi Erremundegi Beloki

Ipar Euskal Herriko herriko etxeek larrialdi ekologikoari aurre egiteko engaiamenduak hartu zituzten herriko bozen kanpainan, baina, agintaldi erdira iritsita, gutxi aitzinatu dira arlo horretan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.