Haurren kontrako sexu abusuak. Carmen Escudero. Garaitzako zuzendaria eta gizarte integratzailea

«Abusua ahaztua dute biktimen erdiek, baina ondorioak dituzte»

Erasotzaileek abusua natural bihurtu nahi dutela esan du Escuderok, eta, horretarako, umeen konplizitatearen bila ibiltzen direla. Umetan ez dute ulertzen zer gertatzen den; ohartzean, lotsa eta errua sentitzen dituzte.
MONIKA DEL VALLE / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko otsailak 24
Umeen aurkako sexu abusuen oinarrian boterea dagoela esan du Garaitzako zuzendari Carmen Escuderok (Palma, Herrialde Katalanak, 1966). «'Nik zu menderatzen zaitut' esateko modu bat dira. Umeen artean ere egoten dira sexu abusuak, eta halakoak ere botere abusuak dira». 2006an sortu zuten biktimei laguntzeko elkartea. «Arraro begiratzen ziguten: 'Umeen aurkako sexu abusuak ez dira-eta existitzen; zergatik sortu elkartea?'. Baina guk bagenekien urteak pasatutakoan eztanda egingo zuela. Eta hau hasi baino ez da egin».

Abusuak hasten direnean, umeak zer sentitzen du?

Ez du ulertzen zer gertatzen den. Erasotzailea beti ahaleginduko da umearen konplizitatea lortzen, umeak hitz egin ez dezan. Nolabait esateko, abusua zerbait natural bihurtu nahi du, berezko, eta, horretarako, umea inplikatzea lortu behar du. Beraz, umeak ez du ulertzen, ez zaiolako gustatzen, baina ez denez esplizituki behartuta sentitu, arraroa da berarentzat. Nerabezaroan ohartzen da zer gertatu zaion. Orduan, sekulako beldurra eta errua sentitzen ditu. Umetan ez da ohartzen sexu abusua sufritzen ari dela. Badaki nahasten duen zerbait gertatzen dela, ulertzen ez duena, batzuetan beldurtzen duena, baina ez du hitzik gertatzen ari zaion hori izendatzeko.

Abusatzailea bera ere ahaleginduko da beldurra sortzen, ezta?

Bien arteko konplizitate horretan mehatxuak ere egoten dira. «Hau gure sekretua da. Ez kontatu inori». «Hau zuk eta nik baino ez dugu jakin behar». «Aitari edo amari esaten badiozu zer egiten dugun, hil egingo ditut». «Ez dizute sinistuko. Esango dizute zuk duzula errua». «Zu maitatzeari utziko diote». Bestela, umeak konfiantza duen norbaitengana joko luke, eta zer gertatzen zaion kontatuko luke, ahalik eta azkarrena amaitzeko. Manipulatu egiten dute. Adibidez, futbol entrenatzaile bat: «Norbaiti esaten badiozu, hurrengo partidetan ez duzu jokatuko». Edo kontrara: «Nirekin bazatoz, aurrerantzean nahi beste jokatuko duzu». Familian, antzera: «Nire biloba kuttuna zara».

Emozioen aldetik, nola egiten diote aurre egoerari?

Ahalegintzen dira sentitzen hori ez zaiela berei gertatzen ari. Ez dute gorputza sentitzen, zer gertatzen den sentitzen. Denboran irauten duen defentsa sistema bat izaten da. Beste batzuk anestesiatu egiten dira, ahazteko. Biktimen %48k ez dituzte abusuak gogoratzen helduaroan. Abusatuek dituzten ondorio berak dituzte, baina ez dituzte gogoan abusuak: ezabatu egin dituzte oroimenetik. Nolabaiteko buru oreka mantentzeko modua da. Umeak psikologikoki ez daude prest abusuei aurre egiteko, eta hori dute geratzen zaien bide bakarra.

Kontatzekotan, nori kontatuko diote zer gertatzen ari zaien?

Konfiantza handi-handia sortzen dien norbaiti. Edonola ere, umeen lengoaia eta gurea ez dira bat. Ez du ulertzen zer gertatzen zaion; beraz, ezin du hitzez adierazi. Beraz, ohikoak ez diren jokabideak edo jarrerak izango ditu. Baina, kontuz, jokabide horiek ez dira beti abusuengatik izaten. Adibidez, izan daiteke ikaskideek jazartzen diotelako, edo norbaitekin arazoak dituelako, edo ikasketa prozesuan jarraitzeko arazoak dituelako. Demagun 7 urteko ume bat gainean kaka egiten hasten dela. Izan daiteke abusuen adierazle, edo izan daiteke beste arazo bat duelako. Sintoma hori nabaritzen dugunean, adi egon behar dugu, zer izan daitekeen jakiteko. Ez dugu pentsatu behar beti sexu abusua denik, baina ezin dugu aukera hori baztertu. Sintoma emozionalak ere izan daitezke: oldarkor bihurtu dela, triste dagoela beti... Umea esaten ari zaigu arazoak dituela.

Galdetu egin behar da, edo hark kontat u arte itxaron?

Adi egon, eta utzi haiek kontatu dezatela. Konfiantzazko espazioak sortu behar dira horretarako. Umearekin olgetan jarri eta konfiantza sortu bion artean. Halako egoera batean has daiteke kontatzen zer gertatzen zaion: edo ikaskide batek koadernoak apurtzen dizkiola, edo aititak zinera eroaten duenean min egiten diola. Umeak zer gertatzen zaion kontatzeko beharra du, eta horretarako aukera eman behar diogu. Eta sentitu behar du babestu egiten dugula. Ezin da inoiz zalantzan jarri esan duena.

Elkartera iristen zaizkizuen kasuetan, gehiago dira helduak, edo ume direnean ere detektatzen dira kasuak?

Gertatzen diren bitartean detektatzen diren kasuak %2 dira. Elkartera nerabezarotik hasi eta zahartzarora artean etortzen dira: etorri zaigun gazteenak 14 urte zituen, eta izan dugu 71 urtekoa ere.

Abusuen ondorioak ezberdinak dira pertsonaren arabera?

Aldakorrak dira, baina beti muturrekoak. Adibidez, pertsona batzuk promiskuo bihurtzen dira, eta beste batzuek ez dute batere harremanik sexuarekin. Elikadura nahasmenduak izaten dituzte, esaterako. Adikzioak ere bai. Izan daiteke biktima batek alkoholik ez probatzea eta drogarik ez kontsumitzea, baina gero joaten da arropa dendetara eta kabitzen ez zaiona ere erosi egiten du. Ludopatia ere sor daiteke, amorru kontrolaezina, depresioa...

Preskribatuta egon arren, salaketak zertan laguntzen die?

Salaketa jartzeak eta Poliziak jasotzeak esan nahi du gizarteak onartzen duela hori gertatu dela. Gizarteak ere publikoki adierazi behar du sinesten duela. Salaketei esker, erruduna seinalatuta geratzen da. Hala ere, inpunitate itzela izan dute. Horretaz baliatu dira, bazekitelako inoiz ez zitzaiela ezer gertatuko. «Nahi dudana egingo dut zurekin, eta ez zait ezer gertatuko».

Abusuen %85 inguru familian gertatzen dira. Halakoak ia ez dira hedabideetan agertzen; ez da protestarik egiten. Zer sentitzen dute biktima horiek?

Badirudi bigarren mailako biktimak direla. Futbol entrenatzaile batek nitaz abusatzen badu, nire kasua garrantzitsua da gizartearentzat: denek babestu nahi naute, eta denek salatu nahi dute. Baina erasotzailea etxekoa bada, aita edo ama badira, zer gertatzen da nirekin? Mezu hori ematen ari gara orain, e? Hedabideetan Elizari lotutako abusuak modan daude aspaldion. Baina kontuz: Elizakoak gutxiengoa dira. Gizarteak eta erakunde publikoek lan asko dugu egiteko familia barruko sexu abusuen inguruan. Ezin dugu onartu bigarren mailako biktimak egoterik, gainontzekoek beste sufritzen dute eta.

Eta ez dute biktimarik inguruan. Bakardade gordinagoa?

Erasotzailea irakasle bat bada, seguruenik, biktima gehiago egongo dira, eta talde moduko bat sortuko da. Ez daude hain bakarrik. Familian ere ez da abusu bakarra egoten; biktima bat baino gehiago egoten dira. Baina senitartekoek eginahalak egingo dituzte familia hauts ez dadin. Hitz egin duen biktima etxe barruan baztertzeko joera egoten da.

ISLARIK GABEKO INDARKERIA

Sinesgarritasuna irabazten

«Sendabide» baten bila

«Ez nekien sexua ote zen, baina bai ez zela normala»