Arropa denda handiak. Ekoizpenaren miseriak

Munduko jostunen gerra

Automatizazio gehiago eta eskulan gero eta garestiagoa dago Txinan; esklabotzatik gertuko lan baldintzak eta ekoizpen mota zaharkituak inguruko beste herrialdeetan: oihalgintzaren sektorea iraultzen ari da. Munduko jostunen gerra

Bangladeshko fabrika zaharkitu bat. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Pekin
2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun

Zigor Aldama Pekin

Izugarri aldatu dira azken hamar urteetan Txinako Zhejiang eskualdeko oihalgintza sektoreko fabrikak. 2007an, kazetari hau jarduera horren berri ematen hasi zenean, instalazio gehienetan arreta eskuratu behar ez zuenak eskuratzen zuen: makina zaharkituek, esklabotzatik gertuko lan baldintzek, soldata negargarriek, segurtasun sistema eta ingurumenarekiko kontzientziaziorik ezak eta ustelkeriarako joera argiak. Orain, ordea, bestelakoa da argazkia. Eskulan merkea ohikoa den arren, egoera aldatu egin da. Industria pabiloi erraldoietan dauden arropa fabriketan automatizazio aurreratua dago, eta robotak gero eta arruntagoak dira. Baina enpresariek ez dituzte borondatez sartu: «Eskulanaren garestitzeak behartu gaitu, baita ingurumen arau berriek eta eraginkortasun lege zorrotzek ere. Asiako beste herrialdeetako lehia gero eta handiago da». Mendebaldeko markentzat jarduten duen planta bateko kudeatzaileak azaldu du auzia, Li abizenekoak.

Soldaten eboluzioa ikusgarria izan da. 2007an, 750 yuan ezartzen zituen legeak gutxieneko soldata gisa. 75 euro inguru ziren duela hamar urte. Aurten, soldata onenak 2.300 yuanekoak dira, 315 eurokoak. Baina langile askok hori baino gehiago irabazten dutela onartzen dute. «Ordu estrak ordaindu egiten dituzte orain, eta ia ez dute zigorrik ezartzen edozein aitzakiarekin. Gizakiak bezala tratatzen gaituzte orain. Instalazioak askoz hobeak dira, gela berriak eta aire egokitua daude. Makineria goitik behera aldatu dute», esan du Xi Xiongek; orain hamabost urte jostun gisa hasi zen, eta ekoizpen arduraduna da gaur egun.

Mendebaldeko ikuspuntu batetik, 315 eurokoa oso soldata txikia da, baina Bangladesh eta Sri Lankako gutxieneko soldaten halako bost da kopuru hori. Indiakoa baino hiru-lau aldiz handiagoa ere bada, eta Kanbodia eta Vietnamekoaren halako bi. Indonesian ere %30 gutxiago pagatzen dute. Bada, herrialde horiek guztiek arropa ekoizpenaren sektorean beren lekua nahi dute, eta mendebaldeko multinazionalak herrialde berrien bila ari dira, Txina garestia alde batera utzita.

«Produktibitatea handitzea da gure lehiakortasuna handitzeko modu bakarra. Horrek makinerian inbertitzea eskatzen du. Uste dut erabaki zuzena dela luzera, gainontzeko herrialdeek ere eskulanaren garestitzeari aurre egin beharko baitiote noizbait, eta Txina aurretik egongo da». Antexeko presidente Qian Anhuak oso argi ikusten du egoera. Calzedoniarentzat barruko arropa ekoizten duen enpresan langile asko kaleratu dituzte teknologia berria sartu dutelako.

Arazo soziala Pekinena da

Josteko makinen aurrean zeuden milaka langileren lekuan makina erraldoi bat dago orain, ordenagailuarekin egindako diseinuak brodatzen. Bi behargin besterik ez dira behar makina gobernatzeko. «Langabeziarekin lotutako arazo soziala eragin dezake aldaketa horrek, baina gobernuak berak sustatutako aldaketa da, Made in China 2015 planaren bidez. Beraz, gure agintariek aurre egin beharko diete ondorioei», gaineratu du Qianek.

Enpresaren inguruak, elkarren ondoan dauden beste enpresa askoren inguruak bezala, ez daude jadanik zaborrez beteta. Inguruko errekak ez dira kolore arrarokoak arropa tratatzeko beharrezko diren prozesu kimikoen ondorioz. Ingurumenaren aurkako delituak gero eta garestiago ateratzen dira, izan ere. Txinako oihalgintzaren sektoreari presio handia egiten ari zaio, baina munduan gehien ekoitzi eta gehien esportatzen duena da oraindik ere. 24.000 inguru enpresak 100.000 milioi euroko sarrerak izan zituzten 2015ean, eta merkatu osoaren %40 lortu zuten. Sektorearen aldaketa aurrerabide handia da Txinarentzat.

Bangladeshera bidaiatzea besterik ez dago Txinaren iraganarekin topo egiteko. Dhaka hiriburuko inguruek ez dute islatzen hamar urteko atzerapena, 30 edo gehiagorena baizik. Oihalak oraindik egurrezko ehungailuekin egiten dira, eta zarata ikaragarria da. Langileek mota guztietako hauts kaltegarriak arnasten dituzte, baita tinten jarioak ere; ez dute babesteko gailurik. Fabrika ugaritan beharginek ez dute zutik jartzerik ere, solairu baten tartean bi egin dituztelako, langile gehiago sar daitezen. Hori gutxi ez, eta nahiko erraza da umeak lanean aurkitzea, soldata miserable baten truke, noski. Gutxieneko soldata ere ez dute pagatzen sarritan.

Esportazioak Prozesatzeko Eremuetan ?EPZ ingelesez? zorte pixka bat gehiago dute. Eremu horiek 1980an sortu zituzten, esportazioak sustatzeko, ekonomia pizteko eta auzo txiroenetan enpleguari laguntzeko. Mendebaldean harridura eragin duten tragediek eragina izan dute multinazionaletan ere. Rana Plazaren hondamendiak ?1.100 hildako baino gehiago? eta Tazreen Fashionsen suteak ?110 hildako? 5.300 takara eraman dute gutxieneko soldata, 62 euro eskasera. Baina, tamalez, sindikatuek salatzen dute oraindik ez direla bete sektorearen irudi negargarria aldatzeko egin ziren promesak: ordainketak atzeratu egiten dira, segurtasun neurriak oso gutxi hobetu dira, eta enpresek lehiakortasuna galdu dute, ez dituztelako makina berriak sartu.

Bangladeshko arantzak

«Etengabeko eskandaluek arazo larria eragin dute marka askoren irudiarentzat, eta beste herrialde batzuen aldeko apustua egin dute arropa ekoizteko. Made in Bangladesh heriotzarekin dago lotua, eta herrialdea bigarren lekutik bosgarrenera pasatu da oihalgintzaren esportatzaileen zerrendan». Bangladeshko Oihalgintzaren Langileen Federazioaren presidente Amirul Haque Aminek dio India bizilagunari mesede egin diola horrek. Hura da munduko esportatzaile handienetan bigarrena sektorean. Narendra Modi lehen ministroak Make in India planean sartu du arroparen alorra. Atzerriko inbertsioa erakartzeko proiektu bat da hori, zerga politika atzerriko enpresen alde jarrita.

«Garbi geratu da eskulan merkearenak epe batez bakarrik funtzionatzen duela. Fase horretan lortzen diren mozkinak teknologian inbertitzeko baliatu beharko lirateke, lehiakortasuna gal ez dadin langileen bizitza kalitateak gora egiten duen heinean», azaldu du Aminek. Bangladeshen, esportazio guztien %80 arroparen sektorean egiten dira, eta oinarrizko gaia da herrialdearentzat, alorrean lau milioi langile baitaude. Sektorean gertatzen denak 30 milioi herritarri eragiten die modu zuzenean.

Baina beste herrialde askok negozioan sartu nahi dute buru-belarri, eta ekoizpenaren gatazka handia da oso. «Gobernuek badakite multinazionalak Txina ez beste herrialdeen bila ari direla, eta egoera hori beren alde jarri nahi dute. Kanbodian, Vietnamen eta Indonesian ez dagoen industria ehuna josteko aukera gisa ikusten dute auzian», esan du Kataluniako enpresari batek. Ho Chi Minhen ?lehen, Saigon? oihal bereziak ekoizten ditu enpresari horrek. «Txinaren arrastoan dabil Vietnam, gutxieneko soldatak handitzen etengabe, eta teknologiaren aldeko inbertsioa exijitzen egonkortasun politikoaren truke. Kanbodia eta Myanmar, berriz, Bangladeshen bidean doazela ematen du, lan gatazka handien bidean». Kataluniako enpresariak ez du bere izenik eman nahi.

Saigondik gertu, zapata eta arropa fabrika batean, txinatarrek orain hamar urte zituzten lan baldintzen antzekoak dituzte beharginek. Zapatagintzak ere arroparen alorraren arazo berak ditu; sektore bikiak dira. «Beti eskulan merkeko herrialdeen bila ibiliko den industria da», adierazi du Petrel 92 enpresako kudeatzaileak, Jose Luis Gonzalezek. «Orain Asia da, baina, soldatek gora jarraitzen badute, Afrikara joango gara».

Denak ez daude ados iritzi horrekin. Eskulan merkea robotekin ordezkatzen ari dira, eta, etorkizunean, agian, lehiakortasuna ez du soldatak emango, trebakuntzak baizik, langileen sorkuntzak. Cindy Soong da horren adibide bat; Shanghaiko diseinatzaile gazteak mezu politikoa eraman du hiri ekonomikoko Modaren Astera. Siriako gerraren aurkako aldarriak izan dira bere diseinuak. «Txinaren etorkizuna ez da atzerriko markentzat arropa ekoiztea. Etorkizuna da gure oihalgintzaren gainbalioa handitzea, eta horren bidez Txinako enpresentzat diseinu erakargarriak sortzeko gaitasuna lortzea. Balio katea handituko da modu horretan, eta garapen ekonomikoaren beste aro batean sartuko gara. Inguratzen dituen munduarekin kezkatutako gazteen belaunaldi berri batek eragingo du aldi berri horretan».

Badatoz txinatarrak

Fenomeno bitxi bat etorkizuneko joera gisa ikusten duenik ere bada. Asiako erraldoiaren enpresa handiak mendebaldeko herrialdeen manufakturan inbertitzen ari dira. Txinako kostuen garestitzea eta haurtzaroko fasean dagoen modernizazioa eragiten ari da fenomeno hori. Lekualdatzea da, baina beste norabidean. Joera hori ez da bakarrik arropen sektorean gertatzen ari. Adibidez, AEBetan, Txinako enpresentzat jarduten dutenen kopuruak hutsetik 80.000ra egin du salto, 2000. urtetik 2014. urtera. «AEBetako gure lehen planta Hego Carolinan ezarri genuen: eskulan nahikoa zegoen han, kotoiaren ekoizleen alboan geunden, eta portutik hurbil», azaldu zuen Keer Groupeko presidente Zhu Shanqingek, fabrika zabaldu zenean, 2013an.

Onartu zuen AEBetako eskulana Txinakoa baino garestiagoa dela, baina azaldu zuen beren produktuen kostu osoan aldagai horrek ez zuela pisu handirik. Argindar merkeagoak eta diru publikoa erakartzeko aukerak bideragarri egin zuen 23.000 metro koadroko lantegia zabaltzea, Indian Land herrian. «Oso argi daukat nire enpresaren etorkizuna txinatarrek erostea dela, eta hori baikor izanda», azaldu du Wolder Espainiako enpresaren presidente Ricardo Garrudok. «Gai teknologikoak saltzen ditugu, baina elastikoak ere izan zitezkeen», erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.