68ko Maiatza. Bizipenak

Gidoirako zatiak

Edertasuna kalean zegoen; harripeetan, hondartza; eta debekatzea, debekatuta. Langileek ikasleekin bat egin zuten. Horixe filmaren sinopsia. 68ko Maiatza baino lehen; ekainaren ondoren. Film luze horretan, baziren euskaldunak ere.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Ez dakit denek ba ote dakiten 68ko Maiatzeko gertakizunak, benetan, Frantziako Zinematekan hasi zirela, 68ko otsailaren 9an». Costa-Gavras zinemagilearen, Frantziako Zinematekako egungo zuzendariaren, hitzak dira. 1968 hasieran, Henri Langloisek gidatzen zuen zinemateka hori. Kultura ministroak —Andre Malrauxek— erakundeko administratzaile kargutik kendu zuen. Charles de Gaulle presidenteak kultur egitura hura kontrolatu nahi zuela ulertu zuten zinemagileek. Berehala hasi ziren protestak. Langlois auzia abian zen. Otsailaren 22an, Langloisen aldeko batzorde bat sortu zuten. Batzorde hartan zeuden, besteak beste, Claude Chabrol, Jean-Luc Godard, Chris Marker, Alain Resnais, Jacques Rivette, Eric Rohmer eta François Truffaut. Nanterreko unibertsitateko ikasle Daniel Cohn-Bendit ere, Langloisen alde aterako zen kalera. Apirilaren 22an, azkenean, lanera bueltatu zen Langlois, lehengo eskumen guztiekin. Bost egun geroago, apirilaren 27an, Cohn-Bendit atxilotu zuten. Ikasleen protesten eztanda bazetorren.

Zinemagile zenbaitek, gertatzen ari zenaren notario lanak egitea erabaki zuen, zeluloidea lagun. Godard, Marker, Resnais eta beste askok anonimoki gizarteratutako dokumentalak —ciné-tracts izenez egin ziren ezagun— dira horren lekuko. Markerrek, Godardek eta Bruno Muelek Medvedkin taldeak sortuak zituzten 1967an, Besançongo eta Sochauxeko grebalarien lan eta bizi baldintzak dokumentatzeko. Langileak zinegile ere bihurtu zituzten.

Langile ez, ikaslea zen Niko Etxart (Altzürükü, Zuberoa, 1953) musikaria 1968an. Film batetik atereak dirudite aipatzen dituen orduko irudiek: «Parisko 14. barrutian bizi ginen, eta Denfert-Rochereau plazatik, Montparnassetik, abiatzen ziren manifestaldi asko. Gure etxetik 300 bat metro zeuden hara. Karrikaren kontra-kontra zen gure etxebizitza. Anaiarekin partekatzen nuen gela, eta leihoak zabaltzen genituen kaleko gaueko giroa-eta entzuteko. Negar eragiteko poteak, zapart izugarriak, jendea korrika... entzuten genituen. Anaia eta biok beha egoten ginen».

Kalea zinema areto bihurtuta, artean 15 urte zituen gaztearen begietara. «Jendea gure leihoaren kontra gelditzen zen, hatsa hartzeko. Nik neuk ere negar egin dut gas haiekin». Eta soinu bandaz galdetutakoan, bi hilabete haietan hamaika aldiz entzunzuen kanta datorkio Etxarti: Internazionala. Badu beste irudi zinematografiko bat: bizar urdineko gizon heldu bat, bizikletaz beti, bere egunkaria eskuan arratsaldero Avenue du Mainera agertzen zitzaiena. «Aguigui Mouna. Anarkista-libertarioa zen, ekologista eta antimilitarista. Aitzindaria izan zen egiazki horretan. Gu baino askoz zaharragoa zen, eta egunero ikusi ginen bi hilabete haietan. Hurrengo urteetan ere, kalean ikusten bagenuen elkar, adiskide gisa agurtzen ginen».

Orduko eskola

Eskolak itxita, kaleak borborka eta Niko Etxart 68ko Maiatzaren lekuko nerabe. «Bat-batean, mundu batetik bestera pasatzen ginela sentitu nuen». Aldaketaren adierazgarri, hurrengo ikasturtean bertan, irakaslearen jarrera aldaketa. «Autoritarismoa apaldua zuen. Dena aldatua zen». Luzarorako. Baita ordura arte «oso kontserbadorea zen» Parisko Euskal Etxean ere. Ramuntxo Kanblong, Patxi Noblia eta beste gazte batzuek «beren iraultza» egin ei zuten, eta haien ondoan sinetsi omen zuen Etxartek euskal herri bat ere posible zela. «Horregatik itzuli nintzen Euskal Herrira, diasporan bizitzea obligazione sentitu gabe. Gure gurasoek hala sentitzen zuten. Pariserat joaten ziren, fortuna egiteko eta beren haurrak kapitaleko egiteko ere. Maiatz hark logika hori irauli zuen osoki». Hortxe 1974an Etxart atzera sorterrira ekarri zuen iraultza. Oraindik amaitu ez den pelikula, haren hitzetan: «Dena posible da oraindik ere».

Plano aldaketa orain. Ikaslearena ez, irakaslearen begirada. 1968ko udaberriko Paris, Txomin Peillenen (Paris, 1932) begietatik. Batxillergoko azken urteko ikasleekin ari da lanean, biologia irakasle. Aljeriako gerlan erizain aritutakoan ikusi eta ikasitakoak, auzo burges bateko lizeoan erakusten. Aljeria. Ezinbesteko aipamena, Peillenen kontakizunean: «Aljeria eta 68ko mugimenduak lotuta daude nire baitan, euskaldun bezala. 1968a baino lehen deskubritu genuen euskaldunok minoriak badirela nonahi, eta minoriak zapalduak direla». Eta metropoliak indar zentripetua izan ohi duela: «Ez dira aipatzen, baina Normandian eta Bretainian ere, esaterako, izan ziren mugimenduak 1968 hartan. Ez Pariskoak bezain arrakastatsuak, baina izan ziren».

Eta bera Parisen izan. Mugimendua gertatu zenean, joan omen zen ikustera. «Nahi nuen jakin zer pasatzen zen.Ez nintzen iritsi Sorbonaraino, karrikan gasa botatzen hasi zirelako. Itzuli eta etxera sartu nintzen. Ezkondua nintzela esan nion neure buruari, eta gauzak gaiztotzen ari zirela». Ez zen kaleetara itzuli gehiago. Auzo batek esan omen zion, hura iraultza zela. Ezetz erantzun ei zion, frantsesak ez zeudela iraultzarako prest. «1968ko maiatzekoak bainoago, ordutik 1978era bitartean gertatutakoak dira inportantak, gauza asko aldatu zirelako gizartean. Oldarra emana zen». Lege berriak agertu ziren, heriotza zigorraren aurkakoa adibidez. «Bizitzeko manerak aldatu ziren batez ere. Gazteek nahi zuten aldaketa, eta aldatu ziren».

Euskal Herrira heldu ziren orduko uhinak, Peillenen ustez. «Baionara, batez ere. Maiatz aldizkaria sortu zenean, esaterako, ordura arteko apezen literatura irauli zen. Haiekin hasi ziren apez ez ziren batzuk idazten. Aldizkaria 1968ko uhinen umea dela errango nuke».

Aldizkariaren sortzaile eta koordinatzaile Luzien Etxezaharretak (Urkodoi-Hazparne, Lapurdi, 1946) ez du kontrakorik esaten, Maiatz hori 1982koa den arren, eta ez 1968koa. «Pentsatzeko beste molde bat ekarri zuen 68ko Maiatzak: zeure buruarekin zeuk zerbait egiten ahal duzula sinestea, hitzaren hartzea, boterea besteren esku ez dugula utzi behar ikastea. Euskal populua menderatua izan da mende askotan, eta Elizak menpekotasun politikoaren jarraipena hartu du. Uztarri horretatik ateratzea zaila izan da. Alde horretatik, Maiatz-ek badu loturarik 68ko Maiatz harekin».

Testuingurua

Kokapen aldaketa bat eta planoa zabaltzea proposatzen du Etxezaharretak, duela mende erdiko filma bere osotasunean ulertze aldera. Ikasle eta irakasle zen Bordelen (Okzitania) 1968ko maiatzean. Baita Enbatako militante ere. Eta 1967ko Frantziako deputatu hauteskundeetan, Enbatak bere hautagaiak aurkeztu zituen: Ximun Haran kostaldean eta Kristiane Etxaluz barnealdean. Bozen %5 lortu zituzten. «Esperantza handia zegoen gazte mugimendu abertzale handia bazelako, ehunka euskal militanterekin, eta emaitza horrek txoke handia ekarri zuen, erran nahi zuelako Euskal Herrian ez zela ez euskal departamendurik, ez Europako federaziorik, ez euskarazko irakaskuntzarik nahi».

Kostaldeko industriaren hondamena eta turismoaren azkartzearen hasiera nabariak ziren. Telebistaren sartzea ere bazen. «Frantzian mugimendu sindikal nagusi hura izan zenean, hemen ez zuen oihartzun handirik izan. Ikasle mugimendua, berriz, urrutiko gauza gisa ikusia zen. Telebistak eta prentsak, hemen, oso gutxi aipatzen zuen, eta nahasmendu gisa beti». Hain gutxi aipatzen zen hark ekarri zuen greba erraldoiak bai, hark eragin omen zuen Ipar Euskal Herrian. Gasolinarik ez zen gehiago, telefonoak ez zuen funtzionatzen, elektrika arazoak baziren... «Jendea beldurtzen hasi zen». De Gaullek bozetara deitu zuen ekainean, «eta hemen %80k baino gehiagok De Gaulleren alde egin zuten». Duela mende erdiko ekainean beste gertakari batek astindu zuen Euskal Herria, baina, Etxezaharretak nabarmendu duenez: «Ekainean [7an] Txabi Etxebarrieta hil zuten Bentaundin». Hego Euskal Herria, izan ere, Franco jeneralaren diktadurapean zegoen. «Hegoaldeko politikari-eta lotuago ginen gu».

1972ra arte ez zuen ezagutu Etxezaharretak 68ko Maiatzeko Parisko giroa. Hara joan zen bizitzera. «Orduan ezagutu nuen orduko internazionalismoa: Vietnam, Kuba, Che Guevara, Txina... Mao Ze-Dongen politikan sineste handia zuten batzuek. Intelektual askoren denbora da ere. Gauza asko izan dira idatzirik, eta idazkiotan bestela analizatu dute mundua». Idatziotako asko, 1968ko Paris hankaz gora jarri zuten ikasleen gogoetarako iturri izan ziren. «Gobernuak hautsi-mautsi bat egin behar izan zuen ikasleekin, eta hortik sortu zen Vincennesko unibertsitatea. Unibertsitate libre moduko bat zen».

Vincennes

Vincennesko unibertsitate esperimentalean egin zituen soziologia ikasketak Joxean Agirre (Azpeitia, Gipuzkoa, 1949) idazleak. 1969ko udazkenean hasi zen hango ikasgeletan bere burua eta gogoa kokatzen. «Oso esperientzia fuertea izan zen hangoa guretzat. Generaman unibertsitate ideia eta han aurkitu genuenaren artean txoke handia izan zen». Hango filosofia, soziologia, psikologia, politika adarren indarra dakar gogora Agirrek. «Talde txikietan egiten genuen lana, ikasketak praktikan oinarritzen ziren, eta azterketa sistema berezia geneukan». Munduan gertatzen zenaren miran bizi zirela dio, eta «NBE txiki bat bezalakoa» zela hura, Afrikako eta Europako herrialde guztietako ikasleekin. Irakasleen artean, berriz, ondorengo hamarkadetan ezker mugimenduetan pisua izango zuten hainbat pertsona. Nicos Poulantzas, esaterako. «[Louis] Althusserren ikasle kuttunenetako bat zen. Ezker tradizionalarekiko diskurtso kritikoa egiten zuen, eta haren klaseak goraino betetzen ziren. Izugarrizko iskanbilak sortzen ziren. Hizlari aparta zen. Haren laguntzaile aritzen zen Michael Lowy oraindik ere Hegoamerikan agertzen da, eta haren aurrekoa ere, Allenderekin Txilera joan zen, eta Chavezen aholkulari izan zen gero». Demokrazia zuzena, borroka instituzionala, herri borroka... lantzen zituen Poulantzasek, «eta haren teoriak erabiliak izan ziren Euskal Herrian ere». Irakasle gehiago: Alain Badiou, PierreBourdieu, Jean-Claude Passeron, Judith Miller...

Vincennesen ez, Sorbonakoan lizentziatu zen Mariasun Landa (Errenteria, Gipuzkoa, 1949). 1968an bertan heldu zen hara, udazkenean, eta lehendabiziko ikasturtean bizi izandakoak Festa aldameneko gelan (Erein, 2007) liburuan jaso zituen. Urtebete hura igaro eta gero hasi zuen benetan bere ikasle bizitza, baina, erantsi duenez. «68ko Maiatza 1970eko hamarkadaraino luzatu zen. Manifa ezkertiar erraldoiak izaten ziren. Sigla guztietakoak. Mugimendu hark osagai politiko bat dauka, eta gaur egun ez dago behar beste onartuta». Ez hori bakarrik: «desiraren iraultza» ere izan zen, Landaren esanetan. Eta mugimendu feministaren indartze aroa: «Emakumeak konturatu ziren beren lagun ezkertiarrek eskuindarrek bezala tratatzen zituztela». Emakumeak, protagonista nagusi gisa onartuak izateko borrokan. Eta iraultza sexuala. «Gaur egun normaltzat jotzen ditugun hainbat gauza, garai hartan lortutakoak dira». Hala, orduko utopia zenbait gaur egun errealitatetzat jotzen dira.

Garai hartakoak dira, halaber, duela mende erdi Parisko kaleak bete zituzten afixen loraldia, arte grafikoen egokiera garai historikora. Eta utopia hauspotzeko poesia ziren esloganak: Edertasuna kalean da; Harripeetan, hondartza; Debekatzea debekatuta; eta beste hamaika. «Kulturalki, gure erreferentziarik handienak Nietzsche, marxismoa eta psikoanalisia ziren. Michel Foucault, Marcusseren Eros eta Zibilizazioa, Willhelm Reichen Orgasmoaren funtzioa —ez dakit orgasmo hitza ordura arte ezagutzen genuen ere—, Althusser...». Eta Simone de Beauvoirren Bigarren sexua. Ez ziren atrezzo soila. «Beauvoir eta Sartre adoratzen nituen, eta haien, Godarden eta besteren bila ibiltzen nintzen Parisko kaleetan». Ametsak. Utopiak. Errealismo fantastiko film baterako eszenak.Bakoitzak bereak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.