UDAKO SERIEA. Politikari ohiak (I) Rakel Peña.

«Errepresioak ikuspuntu ezberdina ematen dizu, itxiagoa eta defentsiboagoa»

Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide, batzarkide eta legebiltzarkide izana da Peña. Uste du Euskal Herrian ezinbestekoa dela gizarte sektore ezberdinen arteko «elkarlana», eta Kataluniako prozesua jarri du eredutzat, «gizarte zibilaren antolaketatik» sortu delako.
MONIKA DEL VALLE / @FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko abuztuak 7
2005ean Eusko Legebiltzarra utzi zuenetik, Rakel Peña (Gasteiz, 1964) politikaren lehen lerrotik aldenduta bizi da. Hala ere, gasteiztarrak ez du galdu politika eta gai sozialekiko interesa.

Nola hartu zenuen gaztetatik kontzientzia politikoa?

Gasteizko Zaramaga auzoan piztu zitzaidan politikarekiko interesa. Urte horietan mugimendu politiko handia zegoen auzoan, eta auzo elkartearen barruan talde ugari: euskararen aldekoa, Forjas enpresaren zarataren aurkakoa,... Beraz, auzoko borroketatik politikara egin nuen salto.

Politikarekiko interesa ez ezik, mugimendu feministan ere murgildu zinen garai hartan. Egizan taldeko kide izan zinen.

Prozesu beraren barruan izan zen. Zaramagan bazegoen emakume feminista talde bat eta bertan egon nintzen urte batzuk. Hortik jauzi naturalena zen Emakumeen Asanbladan sartzea, baina baginen emakume batzuk politikoki lotuagoak ezker abertzalearekin, eta pentsatzen genuen ezker abertzalearen barruan ere egon behar zuela borroka feministarako toki eta bozgorailu bat. Hasiera batean Aizan! izeneko taldea sortu genuen, eta gero modu serioago batean, ezker abertzalearen barne egituran Egizan eratu genuen.

Egizan-eko kideek zein ekarpen egin zenioten ezker abertzaleari?

Borroka feminista ez zegoen gaur egun bezala ikusita, ez gizartean, ez ezker abertzalean, ezta politikan ere. Feminismoa borroka marginaltzat eta erradikaltzat jotzen zen, zentzu ezkor batean, kontraesanak sortzen zituelako. Erresistentzia handiak zeuden borroka feminista planteatzeko eta garatzeko orduan, esparru guztietan. Horrek sortu zituen hainbat liskar ezker abertzalearen barruan, eta uste dut hura izan zela abiapuntu bat gauzak beste modu batean ikusteko. Gaur egun ematen du feminismoa eztabaidaezina dela, baina bere garaian gu oso kuestionatuak izan ginen, baita ezker abertzalearen baitan ere. Hala ere, pentsatzen genuen diskurtso hori uztartu beharra zegoela ezker abertzalean, eta horregatik jarraitu genuen aurrera.

Politika instituzionalera gazte zinela egin zenuen jauzi. 23 urte zenituen Arabako Batzar Nagusietan HBko batzarkide aukeratu zintuztenean.

Auzo borroketan nengoela, eta urte batzuen bueltan, etorri zen borroka politiko horren alde instituzionala. Niri egokitu zitzaidan Batzar Nagusietako Adin Mahaiko kidea izatea, batzarkide gazteena nintzelako. Hori jakinarazi zidatenean ezuste handia hartu nuen, saio batean protagonismoa hartu behar nuelako. Garai horretan HBkoentzat Batzar Nagusiak erabat arrotzak ziren eta kanpotik ezagutzen genituen. Izan ere, ezker abertzaleak ez zuen parte hartzen erakundeetan, eta soilik noizean behin joaten ginen. Uste dut guztiontzat, eta niretzat pertsonalki, eremu arrotz batean aritzea izan zela. Hala sentitu nuen.

ETAren indarkeriak eta estatuaren errepresioak gogor astindu zituen Euskal Herrian garai hartan. Tentsio handia zegoen politikan?

Bai. Jakina da kalean eta beste esparru askotan liskar giroa zegoela, enfrentamendua oso zuzena zen eta alde guztietan oso muturreko egoerak bizi ziren. Garai gogorrak ziren. Esango nuke ez zirela lagunak egiteko garaiak, gehiago ziren norberak bere esparrua eta eremua defendatzeko garaiak. Guk ezker abertzalearen ildoaren arabera jokatzen genuen, eta, ez, ez zen samurra izan.

1988ko urtarrilean Ajuria Eneko Ituna deritzona sinatu zuten HBk ez beste indar politikoek. Ezker abertzalea politikoki bakartzeko saioak nola bizi zenituen?

Akordioa sinatu zen unean inor ez zen jabetu horrek zer ekarriko zuen, eta denbora eta perspektiba behar izan dira ondorioak ikusteko. Gogoan dut itun hori sinatu zen eguna, Ajuria Eneko argazki hura egin zen eguna. Argazki hura enblematikoa da orain. Baina niretzat argazki bat baino gehiago izan zen, atzean ezker abertzalea isolatzeko estatuaren nahia zegoelako. Bakartzea ez zen erakundeetan bilatzen, euskal gizartearen baitan baizik, eta horretarako inbertsio handia egin zen. Presio mediatikoak, polizialak —ZEN plana hor zegoen— eta propagandistikoak bere eragina izan zuen. Kontrakoa esatea gezurra esatea litzateke.

Herri Batasuneko Mahai Nazionala 1998an atxilotu zutenean, Eusko Legebiltzarrean sartu zinen, preso zegoen Mati Iturralde ordezkatzeko. Nola gogoratzen duzu?

Aurretik egondako mugimendu politiko, mediatiko eta polizial horiek guztiek ondorio politikoak utzi zituzten. HBk konponbidea bilatzeko saiakera bat egin zuen Alternatiba Demokratikoarekin, eta horren ondorioz espetxeratu zuten Mahai Nazionala. Kolpe handia izan zen, baina ez ustekabekoa. Estatuaren estrategia errepresioa zen, eta une horretan erabaki zuen Mahai Nazionala espetxeratzea. Guretzat kolpe politiko eta pertsonala izan zen. Niri, zehazki, egokitu zitzaidan Mati Iturralderen tokia hartzea legebiltzarrean. Hasiera traumatikoa izan zen, maila batean.

Espetxeratze eta legez kanporatzeen aroa hasi zen orduan. Zer ondorio utzi zituen ziklo horrek ezker abertzalean?

Estatuak pentsatzen bazuen errepresioarekin lortuko zuela ezker abertzalearen borroka geldiaraztea, guk argi genuen gure ahaleginak kontrako norabidean joan behar zuela. Hau da, gure aldarrikapenak zabaldu eta gizarteratu behar genituela. Mahai Nazionala 1997an kartzelaratu zuten eta hurrengo urtean Lizarra Garazi akordioa egin zen. Lizarra Garazi sortzen da, besteak beste, ezker abertzaleak argi ikusten duelako indar metaketa eta gizarte osoaren inplikazioa behar dela herri honetan aurrera egiteko. Horregatik pasatzen da kartzelaldiek sortutako estutasun egoera batetik, Lizarra Garazi bezalako mugimendu zabal bat sortzera.

Lizarra Garaziko akordioa berritasuna izan zen abertzaletasunean, lehen aldiz elkarrekin aritu zinetelako EAJ eta ezker abertzalea.

Akordio horrek lortu zuena izan zen Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen inguruan sentsibilitate ezberdinak batzea. Hori izan zen akordioaren baliorik handiena, eta helburu horren inguruan ahalik eta indar gehienak biltzen saiatu ginen. Hitz batean esanda, itxaropena sortu zuen Lizarra Garazik. Urteetako borrokari nolabaiteko irtenbidea emateko esperantza ikusi genuen. Euskal Herriaren alde baldintzarik hoberenetan egin zen saiakera izan zen Lizarra Garazi. Hura izan zen garaia dena emateko eta aurrera egiteko.

1998an sortu zenuten Euskal Herritarrok koalizioa. Eta legegintzaldirako akordioa sinatu zenuten EAJ eta EArekin. Baina ETAk Fernando Buesa eta Jorge Diez hil zituen eta hautsi egin zen ituna.

Lankidetza eremu hori ez zen zapuztu Buesaren hilketarekin, ordurako konfiantzak hautsita zeudelako. Buesaren hilketak alarma gorri guztiak piztu zituen, baina aurretik konfiantza politiko guztiak hautsita zeuden. Hilketa horrek utzi zuen drama humanoa ahaztu gabe, okerrena izan zen gizartean sortutako itxaropena itzali egin zela, eta elkarrekin aritzeko egindako ahaleginak ez zituela eman nahi genituen fruituak. Azken batean, legealdirako akordioa haustea gutxienekoa izan zen, tresna taktiko bat zelako lan egiteko; okerrena izan zen apurtu egin zela gizartean zegoen elkarlanerako esparrua.

Indar abertzaleen arteko elkarlanean sinisten jarraitzen duzu?

Uste dut elkarlana ezinbestekoa dela gizartearen sektore desberdinen artean. Askotan egiten dugun akatsa izaten da elkarlana EAJren eta ezker abertzalearen artekora mugatzea. Eta horrek maila batean balio dezake, eta izan daiteke bi indar politiko nagusien arteko akordioak edo konplizitateak josteko eremua, baina elkarlana oinarritik abiatu behar da, eta beste maila batean planteatu. Ikusi dugulako bi aktore horien arteko elkarlanerako baldintzak apurtzen direnean, dena zapuztu egiten dela. Nik beti erreparatu diot Kataluniako prozesuari, sorreratik ez da izan alderdien arteko aliantza soil bat, gizarte zibilaren antolaketatik sortu eta alderdi politikoak baldintzatu duena baiziki. Hor dago balioa.

Eta Euskal Herrian posible ikusten duzu antzeko prozesurik?

Zoritxarrez euskal politikan bestelako kultura bat dago, eta kultura horretan askoz ere balio gehiago ematen zaie egitura politikoei gizartearen indarrari baino. Litekeena da azkeneko urtetan egon diren saiakera guztiak askoz ere lotuagoak egotea alderdien arteko abagunearekin, gizarteak dituen beharrekin baino.

Urteetako errepresioak zaildu egin du ezker abertzaleak perspektibaz jokatzea?

Litekeena da. Erasotua sentitzen zarenean lehentasuna zure burua defendatzea da, eta horrek sortzen du egoera jakin bati berehala erantzun behar izatea. Errepresioak gauzak beste modu batez bizitzera eramaten zaitu, emozioak buruaren aurretik jarrita. Errepresioak eta biolentziak jendearen arteko harremanak zailtzen ditu, eta politikan ari direnen arteko harremanak, zer esanik ez. Zirrenik errepresioak ematen dizun ikuspegia ezberdina da, itxiagoa eta defentsiboagoa.

Emakumezko politikari ugarik Ahotsak egitasmoa sortu zenuten 2006an. Zein balio izan zuen?

Konplizitate politikoak are gehiago zabaldu zituen. Balioa izan zuen gatazkaren oinarri politikoa onartu zelako, eta elkarlana sustatu zuelako. Gero horri batu behar zitzaion emakumeok eman nahi genion balio berezia, agian politika tradizionalaren baitan ezinezkoak ziren konplizitateak lortu genituelako. Gauzak berriro okertu zirenean lortu zuen ibilbidearekin jarraitzea, baina epe luzera begiratuta, egoera politikoaren beste biktima bat izan zen.

Politikatik erretiroa hartu zenuenetik asko aldatu da Euskal Herriko egoera politikoa. Ahal Dugu-ren fenomenoa hor dago. Zeren adierazle da?

Bi gauza adierazten ditu nagusiki: bata ona, eta bestea ez hain ona. Alde ona da zorionez Espainiako estatuan garai batean egondako ezker borrokalari haren ondoren, bestelako ezkerra berpiztea lortu dela. Baina Euskal Herritik ikusita, uste dut erakusten duela Espainiako oihartzunak gero eta isla gehiago duela hemen, eta hori ez da albiste ona. Hemen jende askok ez ditu identifikatu zenbait ideiaren defentsa ezker abertzalearekin, eta beste erreferente batzuk bilatu ditu.

Ezker abertzaleak diskurtso soziala indartu behar izan du?

Ziurrenik bai. Baina ezker abertzaleak beti izan du estigma bat, eta bere izaera ezkertiarra ez da hain agerikoa izan. Balioetan eta oinarri ideologikoetan zalantzarik gabe ezkerrekoa izan da eta bada, baina komunikabideetan gehien atera dena gatazkarekin lotutako mezua izan da.

ETA desagertu egin da. Aro berri batean gaude?

Mantra batean bihurtu da aro berriarena. Une bakoitzak badu bere etapa, eta aro berri baterako aukera ematen du. Beraz, ez nuke idealizatuko. Egia da gauzak aldatu direla, baina maila askotan. ETAren pausoa inportantea da, baina ez genuke aro berri hau normalizazioarekin parekatu behar. Ematen du herri honek izan duen arazo bakarra ETA izan dela, eta hori desagertzen den heinean, arazoak konponduta daudela, baina oinarrian eskubide faltak bere horretan dirau. Normalizazio bat egongo da baldin eta anormala zen egoera horren eskubide faltak berreskuratzen badira. Kontrakoa adabaki bat jartzea da, eta dauden arazoak estaltzea.

Bihar: Jean Grenet

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna