Mugatua, baina ez debekatua

Egun, Ertzaintzako unitate bereziko espezialistek bakarrik erabil ditzakete gomazko pilotak, eta Foru Poliziak ere mugatua du erabilera. Arriskutsuak direla onartuta ere, Segurtasun Sailak ez ditu baztertzen.

gurutze izagirre intxauspe
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Ertzaintzaren unitate espezializatuek ez baizik ezin dituzte erabili gomazko pilotak, eta soilik egoera jakinetan, baina Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ez du, gaur gaurkoz, horiek debekatzeko asmorik. Bide beretik egin du Nafarroako Barne Sailak ere: debekatu ez, mugatu bai. Istiluen aurkako materiala aldatzen joan dira; batez ere, Iñigo Cabacas ertzainen pilotakada batek hil zuenetik. Euskal Herrian bost pertsona hil dira azken hamakardetan gomazko piloten ondorioz, eta ehunka zauritu.

Less lethal atalean sailkatzendituzte gomazko pilotak jaurtitzeko fusilak; alegia, arma ez hilgarrien atalean. Baina azken urteetan ezbaian jarri da sailkatze horren zuzentasuna. Europako Parlamenturako zientzia eta teknologiari buruzko aholkuetarako egindako ikerketa ofizial baten arabera, 522 joule energia zinetikokoa da muga arma hilgarriak eta ez hain hilgarriak bereizteko; hortik gorako jouleak dituztenak hilgarritzat jo daitezke, eta ertzainek zein foru poliziek erabili dituzten pilotazko gomek 830 joulera iritsi izan dira.

Europako Batzordeak 2011. u rtean eskatu zion Jaurlaritzari gomazko piloten erabilera bazter zezan. 2006an austriar batek begi bat galdu zuen Donostian ertzainek jaurtitako pilota baten ondorioz, eta 2011n iritsi zen Europaren eskaera Gasteizera. Aholkua jaso bai, baina ez zuen aintzat hartu.

2012ko apirilean Cabacas jo zuen ertzain batek jaurtitako pilota batek, eta hil egin zen. Horren harira instrukzio berri bat sartu zuten Segurtasun Sailean: 73. instrukzioa. 2012ko maiatzaren 11n sartu zen indarrean. Pilotazko gomak nola eta nork erabili behar dituen zehazten du.

2013ko uztailaren 22an berriz aldatu zuten instrukzioa: 74.a jarri zuten indarrean. Istiluen kontrako material berria zuen Ertzaintzak, eta hori nola erabili arautzen du 74. instrukzioak. Material berri honek pilota txikiagoak ditu: 40 mm eta 32 gramo, eta 105 metro segundoko abiadura har dezakete gehienez. Gomazko pilotek 54mm eta 85 gramo dituzte batez beste, eta 200 metro segundoko abiadura har dezakete.

Segurtasun Sailaren arabera, ertzain orok bederatzi hilabeteko prestaketa izaten du Arkautin, eta praktiketan beste bederatzi. Ertzain lanetan hasi ondoren, egokitu zaion unitateko espezializazio ikastaro propioak hartzen ditu. «Hortik aurrera, norberaren garapen profesionalaren araberakoa izaten da etengabeko formazioa. Armen erabilera prestakuntza horren zati bat da. Eta bizialdi profesionalean zehar, etengabe gaurkotzen da, norberaren unitateko eginkizunen premietara egokituta». Segurtasun Sailak azaldu duenez, «Unitate Mugikorrak eta Interbentzio Unitate Bereziak, gainera, armen erabilerarako instrukzio programa berezia izaten dute».

Europako batzorderako egindako ikerketa baten arabera, baina, gomazko piloten jaurtiketan norbait trebatzea ia ezinezkoa da, hainbat arrazoirengatik; besteak beste, pilotaren noranzkoa ezin dela aurreikusi. Gomazko pilota eskopetaren bokatxa edo ahoa urratuz ateratzen denez, deformatu egiten da, eta noranzkoa ez da zuzena izaten. Talka erabat aleatorioa eragiten du.

Gomazko pilotak erabiltzeko segurtasun arauen arabera, gutxienez 50 metroko distantziatik jaurti behar dira, eta lurrera. Lurrera jaurti ostean pilotak norantz egingo duen ezin da aurreikusi, errebotatu egiten duelako.

Arrisku hori berresten du, gainera, Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideari 2014ko ekaineanemandako erantzunak. Gomazko pilota eta 2013tik aurrera jasotako material berriaren arteko alderaketa egiteko eskatuta, Beltran de Herediak erantzun zuen material berria zehatzagoa dela: «Erabiltzaileak aurreikusi ez dituen ondorio kaltegarriak hein handiago batean saihesten dituzte; talka egitean energia gehiago xurgatzen dute, eta kalte gutxiago eragiten dute», dio hitzez hitz erantzunak, gomazko pilotek aurreikusi ezin daitezkeen ondorioak eragin ditzaketela berariaz onartuz.

Gomazko pilotek ondorio hilgarriak izan ditzaketela ikusita, eta kaltetuen erreparaziorako eskubidea aintzat hartze aldera, EH Bilduk gomazko piloten erabilera «behin betiko eta salbuespenik gabe» galarazteko eskatuko dio gaur Jaurlaritzari legebiltzarrean.

Jaurlaritzak piloten erabilera justifikatzeko eman izan dituen arrazoien artean honakoa aipatu izan du: «Ertzainei, dagozkien eginkizunak egiten dabiltzala, ahalik eta segurtasun juridikorik handiena ematea». Izan ere, Ertzaintzako sindikatuak kexu agertu izan dira material berriarekin. Istiluen aurrean segurtasun pertsonala urratuta geratzen direla argudiatuta, besteak beste.

Nafarroan foru poliziak mugatua du gomazko piloten erabilera, kalte gutxiago eragin dezaketen «jaurtigai ez hilgarrien» sistema berriak dituzte. Cabacasen heriotzak eta Nafarroan kaltetuek egindako kanpainek izan dute araudi aldaketan eraginik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.