Katalunia. Eragileak

Epaia, geroaren mugarri

Kataluniako hainbat eragilerekin hitz egin du BERRIAk, epaiari buruz eta aurrera begirako egoeraz hitz egiteko. Giza eskubideak murrizketan jurisprudentzia ezarri duela diote, baina protesta modu berriak sortzen ari direla aurre egiteko.

Carme Porta.
Bartzelona
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun

Buruzagi independentisten kontrako epaia bihurgunea izan da Kataluniako prozesuan.Herritarrak haserretu ditu, eta inoizko protesta mugimendu zabalena sortzen ari da, desobedientzia zibil eta eskubide demokratikoen alde. Horren isla da Tsunami Demokratikoa: ekintza berritzaileekin aro berri hori elikatuz, kontzentrazio baketsuak eginez. BERRIArekin hitz egin duten eragileek epaiari «injustua, arbuiagarria eta amorragarria» deritzote, eta protestari ororen eskubideak murrizteko balioko duela; baina beldurra sortu beharrean, kontrako erreakzioa eragin duela kalean. Epaiaren biharamunean jasotako iritziak dira hauek.

Elisenda Paluzie. ANC Batzar Nazional Katalaneko presidentea

«Ezinbestekoa da independentisten arteko akordioa»

Auzipetuak atxilotu zituztenetik esan dutena baieztatu da epaiarekin, Elisenda Paluziek dioenez: «Politikoa izan da, zeinak errelato bat eraiki duen zigortzeko eta zapaltzeko. Kreazio juridiko bat da, agerikoa baita erresistentzia pasiboa ez dela anabasa. Sedizioa, gainera, ez dago gure inguruko herrien legerian. Sedizioaren zaku hutsa nahi beste gauzez bete dute: delitu bilakatu dute mobilizatzea, autodeterminazio erreferendum bat antolatzea, jakinda ere ez dela delitu, 2005eko Zigor Kodetik kendu zuten eta. Helburua da mugimendu independentista desagerraraztea, ez gaitezen berriz saia».

Elisenda Paluzie

Epaia jakin ostean, ordea, aurrera begira buru-belarri jartzeko unea da. «Sare bat josi behar dugu independentzia lortzeko, orain inoiz baino beharrezkoagoa da: Errepublika Katalana behar dugu askatasuna eta justizia nahi baditugu. Herri mobilizazioak behar dira, indarkeriarik gabe, eta alderdi independentisten arteko akordioa ezinbestekoa da independentziaren helburua erdigunean jartzeko. Autodeterminazio prozesua bideratzeko ados jarri behar dute».

Marcel Mauri. Omnium Culturaleko presidenteordea

«Mobilizatzeak ondorioak izango ditu aurrerantzean»

«Ho tornarem a fer» (Berriz egingo dugu). Jordi Cuixarten esaldia da hori, eta lelo bihurtu da. Omnium Culturalek —presidentea da Cuixart—, autoinkulpazio kanpaina abiatu berri du, eta Cuixarten esaldia gogoan, egin arte ez geratzeko asmotan dabiltza, «kolpeak etenik gabekoak» diren arren. Marcel Mauri presidenteordeak zigor gogorra espero zuen, baina hala ere, «harrituta» dago. «Mendekua helburu du epaiak, baina harrigarria da zein txarkeriaz eginda dagoen. De facto eskubide zibil, politiko eta nazionalak ezabatzen ditu. Oinarrizko eskubideak zigortzen ditu. Mobilizatzeak ondorioak izango ditu hemendik aurrera. Estatuak duela hainbat urte hasi zuen inboluzio prozesua amaitu du. 78ko erregimena defendatzearren zuzenbide estatua suntsitu dute».

Marcel Mauri

Maurik ziurtzat jo du estatua «kontziente» dela «lehenago edo beranduago auziak negoziazio mahai batean amaituko» duela. «Haien esku dago erabakitzea zenbat sufrimendu eragin nahi dioten Kataluniako gizarteari. Izan ere, katalan gehienen minak ez du zerikusirik independentismoarekin, eskubideen defentsarekin baizik». Mobilizazio masiboen erreferenteetako bat bada Omnium Cultural, eta horregatik dute askotan jomugan. Elkarteak jaso duen babes zabalari esker ikusi du jende asko dagoela zer edo zer egiteko prest, nahiz eta ezberdin pentsatu: «Omniumeko jendearen oso bestelakoa etorri zaigu, Espainia ezberdin bat eraikitzeko proiektuan sinisten dutenak ere bai, ikusten ari baitira Espainiak ez duela argudiorik». Espainiako demokratak ere hizpide izan ditu: «Espero dezagun ahots gehiago batzeko gaitasuna izango dutela, inboluzio hau salatzeko. Egoera oso larria da, errepresioa babestea baita alderdi sozialistak erakutsi duen jarrera bakarra».

Merce Barcelo. Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna

«Epaiak gainditu egin du zigor arauen interpretazio muga»

Merce Barcelo Auzitegi Konstituzionaleko letratua izan da, eta Praga Col-lectiuko koordinatzailea da, Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde dauden juristek osatua. Uste du epaiak «arau penalen interpretazio muga gainditu» duela, eta «harago joate horrek oinarrizko eskubideen eremua inbaditu» duela. «Oinarrizko eskubideen interpretaziorako lerro gorri larriak zeharkatu ditu. Horrenbeste zeharkatu ditu, ez dugula jakingo matxinada egiten ari garen edo ez, manifestazio batera joaten garenero. 2017ko irailaren 20ko eta urriaren 1eko mobilizazioez horixe baitio, protesta libre eta baketsuen ariketak izan baziren ere».

Merce Barcelo

Uste du etorkizunari begira Espainiatik kanpo ongi azaldu behar dela gertatzen ari dena, ez baitio katalanei eragiten soilik: errebotez espainiarrei eta oro har europarrei baizik. «Askatasunen murrizketak olio orban bat baino azkarrago zabaltzen dira. Oinarrizko eskubideekin epai honek egin duena Europan zabal daiteke. Zuzenbide estatuaren eta demokraziaren erdigunean jarri behar da lehenbailehen oinarrizko eskubideen defentsa».

Josep Lluis Carod-Rovira. Generalitateko presidenteorde ohia

«Ekintzara igarotzeko ordua da»

«Lotsagarria». Horixe da epaia Josep Lluis Carod-Rovira Generalitateko presidenteorde ohi eta urte askoan Kataluniako diputatu izan denarentzat. «Kataluniako herriaren borondate demokratiko eta askatzaileak gainditu egin du Espainiako Estatua, eta modu horretara defendatu da estatua. Era baketsuan bozkatzera joatea homizidio bat egitea bezala da Espainiarentzat». Baina uste du luzera begira kontra jarriko zaiola erabakia, «Auzitegi Konstituzionalaren erabakiarekin gertatu zen bezala, 2010ean. Orain zuzendaritza politiko bat dago jendearen balentria eta abertzaletasun baketsuaren mailakoa».

Josep Lluis Carod Rovira

Erantzunak ere «bakarra» izan behar du, «bateratua, nazionala, politikoa eta kalean. Ekintzara igarotzeko ordua da, Espainia ekonomikoki zigortzekoa, demokratikoki zigortzeko nahikoa baitu bere buruarekin. Erantzun nazional bateratua ematen jarraitzen badugu, ibiltzen hasiak gara azken garaipenera eramango gaituen bidea».

Jordi Pacheco. Kataluniako Politologoen eta Soziologoen Elkargoko dekanoa

«Blokeoak ez du erraztuko irtenbide sinple bat lortzea»

Epaia arbuiatu duten entitateen artean dago Kataluniako Politologoen eta Soziologoen Batzordea. Jordi Pachecok nabarmendu du «epaiaren injustizia agerikoa» dela, eta Carod-Rovirak bezala gogoratu nahi izan du Kataluniako gatazka auzitegi baten erabakiak sustatu zuela: Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari egindako aldaketek piztu zuten ezinegona, erreferemdum batean eta hiru ganberatan onartutako legea aldatu zuenean, PPren eskariz. «Legitimitate galerak sortu zuen krisiak, agerian utzi zuen Katalunian prozesu konstituziogile handi baten premia dagoela; Katalunian eta estatu osoan. Ahalik eta modu zabalenean partekatu beharko litzatekeen irtenbide politikoa aurkitu beharra dago. Baina jarreren zurruntasunaren eta politikaren judizializazioaren ondorioz, kondena izugarrien epaia iritsi da, eta eskubideen eta askatasunen murrizketen jurisprudentziak gatazka ireki baten agertokira eraman gaitu».

Jordi Pacheco

Etorkizunari begira ez da oso baikorra, uste bai baitu jarrerak ez direla berehalakoan aldatuko: «Espainiako indar politikoek ez dute independentistekin ezer hitzartu nahi, eta horrek izugarri zailtzen du gehiengo parlamentario baten osaketa, eta negoziatzeko prest dagoen kontraparte bat egotea. Azken finean, blokeo egoerak ez du irtenbide sinple bat erraztuko».

Nuria Verges. Soziologia irakaslea Bartzelonako Unibertsitatean

«Mobilizazioak etenik gabea eta zabala behar du»

Nuria Verges feministari «gehiegizkoa» iruditzen zaio egoera, «ikustea nola presoak eta pertsona jazarri asko eta asko askatasunik gabe edota larrialdiak itota bizi diren». Horregatik uste du «mobilizazioak etenik gabea eta zabala behar» duela. «Ekintza eta antolaketa politiko koordinatu bat egin behar dugu, postmodernitate eta egungo feminismoekin bat etorriko den sareetan banatua. Esentzialismo identitarioa lurperatu behar dugu. Indartuko gaituen funtzionamendua behar dugu, ona izango dena, pertsonak indartuko gaituena. Bizigarria izango den politika, eta bizia erdigunean jarriko duena. Ezberdintasunekin amaituko duen egiteko modua, publikoan nahiz pribatuan, pertsonalean nahiz politikoan».

Nuria Verges

Statu quo-aren ordena eta mantenua atzean utzi behar dira horretarako, Vergesen ustez. «Lidergo lausoak behar dira, porotsu eta likidoak, obedituz aginduko duena, entzunez eta enpatiatik lan eginez. Lan kolektiboa izan beharko luke».

Talde horretatik eratorritako ekintzak, berriz, «bidea eginez jasotzen den ezagutzan oinarritu behar» duela uste du. «Iraganean egin ditugun akatsetatik ikasi dugunak elementu mobilizatzailea izan behar du, ez paralizatzailea. Ekintza ezberdinak, sortzaileak, eta glokalak izan behar dute, teknologia berriak baliatuz, Anonymous bezalako estiloak».

Montserrat Tura. Generalitateko Justizia kontseilari ohia

«Ekimen politikoa berreskuratu behar dugu»

Montserrat Tura Generalitateko Justizia kontseilari ohiarentzat epaia «oso mingarria» da, eta «neurrigabea». «Zigor Kodeak ez du ezberdintasun argirik egiten matxinadaren eta sedizioaren artean, eta ezarri diren zigorrak neurriz kanpokoak dira».

Montserrat Tura

Turak uste du erantzunak «duala» izan behar duela: «Errekurtsoak geratzen dira jartzeko, prozesu judizialak berak bide bat dauka erabilgarria dena, baina horrez gainera, instituzioen normaltasuna berreskuratu behar dugu, etorkizun bat markatu behar dugu, ekimen politikoa berreskuratu, ez soilik erabaki injustuak salatzeko, baizik eta aurrera egiteko autogobernu handiago baterantz». Turaren arabera, «epaiek diotena onartu egin behar da, baina kritika daitezke, eztabaidatu eta haien kontra protesta egin. Batez ere espetxe zigor urte luzeak ikusita. Kataluniak azken aldian, ordea, injustizien aurrean soilik erreakzionatzen du; garaia da ekimena berreskuratzeko».

Javier Pacheco. CCOO Catalunyako idazkari nagusia

«Prozesuak sortu duen polarizazioa apurtu behar da»

Kataluniako CCOOko idazkari nagusi Javier Pachecok gertatu ez zena sortu nahi izatea leporatu dio Auzitegi Gorenari: «Epaiak egiaztatu du auzitegia eta fiskaltza saiatu direla egon ez zen indarkeriazko errelato bat eraikitzen. Sumindura sortu du epaiak gizartean, eta irmoki gaitzetsi nahi dugu. Espetxe zigorren ondorioz, Kataluniako gatazka kale itsu batean sartu da».

Javier Pacheco

Pachecorentzat, beste askorentzat bezala, «erantzun zabala ematea da gakoa». Lekua egitea ere, aldarrikapen politikoak partekatzen ez dituen jende haserretuari. Gizartea osatzen lagunduko duten gehiengoak lortu behar ditugu». Gehiengo horiek politikan ere ikusi nahi lituzke. «Agertoki politikoa berrosatu behar da, prozesuak sortu duen polarizazioa apurtzeko. Katalunian ezinbestekoa da, baina estatuko alderdi politikoek ere hartu behar dute jarrera hori».

Kataluniako prozesuari irtenbidea emateko ezintasunak krisia eragin du Espainian, eta egoera «jasangaitza» izango da, haren ustez, egoera aldatzen ez bada. «Estatuan blokeo instituzionala dago, lau bozketa izan ditugu jarraian; 2017tik luzatu diren aurrekontuak... Hori guztia elkarrizketaren bidez bideratu behar da. Baita presoen egoera ere».

Camil Ros. UGT Catalunyako idazkari nagusia

«Deialdi bateratua eginez abiatu da aro berri hau»

Dolors Bassa kontseilari ohia —12 urteko espetxe zigorrera kondenatu dute—, Rosek gidatzen duen sindikatuko Gironako arduraduna izan zen. UGTk azaldu du epaiarekin ez daudela ados, baina harago joanez, Rosek uste du prozesua ez zela sekula judizializatu behar, «auzia erabat politikoa» delako. «Elkarrizketa eta negoziazioaren bidetik konpondu beharreko auzia da. Gainera, espetxea ez da sekula irtenbide politiko bat. Irtenbide politikoak ez du inoiz gatazka sakontzen duen epai batetik igaro behar».

Camil Ros

«Kontsentsuan» oinarritu behar du erantzunak, UGTko buruaren ustez. «Gure lehentasuna da denon artean mekanismoak aurkitzea kartzelan dagoen jendea lehenbailehen atera dadin». Presoen afera konpontzea bada, haren ustez, katalan gehienen nahia. «Katalunian presoen askatasunak kontsentsua dauka. Inork ez du bere ideologia baztertu behar horretan ados jartzeko. Irtenbide politiko bat behar du egoera honek, eta jende gehienak hori pentsatzen du. Deialdi bateratua eginez abiatu da aro berri hau, eta horrela jarraitu behar duela uste dugu, aniztasunetik, modu baketsuan eta indarkeriarik gabe».

Iolanda Fresnillo. Soziologo eta ekintzailea

«Independentistak ez direnak erakarri behar ditugu»

Iolanda Fresnillorentzat epaia «izozmendiaren punta» besterik ez da, «oinarrizko eskubideen inboluzioaren azken tanta; ez soilik Katalunian, Espainian ere bai, protestarako ez baitago tarterik aspaldian. Jarri dituzten zigorrak ikustea besterik ez dago konturatzeko zein den Espainiako Gobernuaren leloa: mendekua. Beste zerbait edo norbait izatea eskatzeagatik jarri duten ordaina da, eta aurrekari arriskutsu bat da».

Iolanda Fresnillo

Inboluzio horretan ez dirudi epe laburrera bederen elkarrizketak tarte handirik izango duenik, Fresnilloren ustez, baina «halabeharrez» elkarrizketak gertatu beharko du: «Prozesu politikoak ez du-eta etorkizunik elkarrizketarik ez badago, erabakitzeko eskubidearen ariketarik egiten ez bada, eta desobedientzia zibilak lagun gaitzake estatua autodeterminazio eskubidea onartzera behartzera. Epaiak ez du gatazka larriagotu besterik egin».

Epaiaren kontrako erantzunak mugimendu independentista gainditu behar duela uste du: «Independentistak ez direnak erakarri behar ditugu, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiarekin haserre daudenak, ekimen baketsu, zabal eta transbertsalak eginez».

Joan Ignasi Elena. Pacte Nacional pel Referendumeko koordinatzaile ohia

«Dabilenak zigorra jasoko duelako abisua da epaia»

Joan Ignasi Elenak —Vilanova i la Geltruko alkate ere izan zen— espero zuen epaia, baina espero izanak ez dio larritasunik arindu, eta hitz asko atera zaizkio arrapaladan: «Erabaki politikoa, epai politikoa, injustua, amorragarria, eskarmentua emateko eta jazartzeko egina». Baina horrez gainera, «dabilenak zigorra jasoko duelako abixua» dela uste du: «Hainbat muga gainditzea erabakitzen duenak zigor gogorra izango duela dio epaiak. Hura aztertuz gero, astakeria bat da, kritikarako, protestarako eta mobilizaziorako eskubideaz egiten duten interpretazioa. Zigor Kodearen mehatxua darabilte armatzat, sistemarekin ados ez daudenen kontra. Parte hartze politikoaren kontrako atentatua da, demokraziaren ikuspegitik».

Joan Ignasi Elena

Erantzunak instituzionala eta soziala izan behar du Elenaren ustez, «udaletatik, parlamentutik eta erakundeetatik. Kohesioa behar dugu, konplizitatea, baita independentistak ez direnekin ere. Erabakitzeko eskubidearekin bat egiten dutenekin, epaia arbuiatzen duten guztiekin. Erreferenduma defendatzen duten sentsibilitate guztiek bat egin behar dute. Kataluniako gehiengo zabala dago multzo horretan. Herritarrek jarraitu behar dute mobilizatzen, orain arte ari diren bezala».

Carles Sastre. CSC sindikatuko idazkari nagusia

«Egunotako protesta ekintzekin segitu behar dugu»

CSC sindikatua izan da joan den ostiraleko grebaren bultzatzaileetako bat. «Egunotan ikusi ditugun protesta ekintzekin jarraitu behar dugu. Kalean gehiegikerien kontrako jarrera izugarria da, eta munduari erakutsi behar diogu katalanok ez gaudela prest zapalduta bizitzeko; ez gaudela prest onartzeko erreferendum bat antolatzeagatik ia 100 urteko kartzela zigorra».

Carles Sastre

Sastreren ustez, «inflexio puntu bat» markatu du epaiak, «sortu duen jurisprudentziagatik. Horregatik, eta horri erantzunez, mobilizazioak etenik gabekoa izan gabe ere, iraunkorra izan behar du, eta tresnak bultzatu behar ditugu proiektu independentista garatzeko eta estatuari aurre hartzeko. Ez dago formula magikorik: egunerokoa kudeatu behar dugu, eguneroko arazoak denbora eta egitasmo independentistetan».

Adam Majo Eskubide Zibil eta Politikoen Generalitateko Bulegoko zuzendaria

«Oraintxe indar metaketa gertatzen ari da»

Adam Majo ezkerreko independentismotik dator, eta bide luzea egina du lanean, eskubide zibil eta politikoak berma daitezen. Majok «ezinbesteko» ikusten du nabarmentzea erreferendumaren antolaketa dela epaitu dutena, eta ez erabakiaren inplementazioa. «Ez da epaitu Kataluniako Errepublikaren ezartze efektiboa, edo Espainiako legeria zalantzan jarri dela beste batengatik aldatuta. Karga politikoa gutxitu nahi izan dute, baina oso larria da eskubide zibilak galarazteko saiakera nabarmena baitago».

Adam Majo

Indar neurketa «frustragarria» gertatzen ari dela deritzo. «Estatuak, batetik, ezin du independentismoa garaitu, eta independentismoak ezin du estatua hitz egitera behartu. Une honetan indar metaketa bat gertatzen ari da, eta etsigarri izan daiteke Kataluniako Errepublikan epe motzera gertatuko zela pentsatu zutenentzat, baina asko dago ibiltzeko». Beste agertoki batean pentsatu beharra dagoela uste du: «Kontraeskaintza bat pentsatu beharko da etorkizunean: estatuaren berrantolaketa bat. Oraindik ez dago jopuntuan, baina horrek agertokia erabat aldatuko luke».

Arturo Puente. Kazetaria

«Jendea jabetu da ez dela prozesu azkarra izango»

Matxinada delitua bertan behera geratuko zela ziurtzat jo zuenean, zigorrak ere askoz txikiagoak izango zirela pentsatu zuen Arturo Puente kazetariak. «Juridikoki ere ez dago justifikatuta». Izan ere, haren ustez, «sedizioaren kutxan sartu dute injustizia baten aurrean egindako desobedientzia zibila, protesta, eta baita erresistentzia aktiboa ere». Urrats horrek ez ditu independentistak soilik kezkatu behar: «Hipotekek eragindako plataformetako ekintzaileak, ekologistak, edota herri erresistentzian jarduten den orok kezkatu beharko luke, euren kontrakoa ere baita epaia».

Arturo Puente

Puenteren ustez, independentismoak ikasi du prozesua luzerako doala. «jendea jabetu da ez dela prozesu azkarra izango; beharrezkoa dela proiektua eta mugimendua sendotzea. Eta ikasi du baita ere nola igo protesta maila. Ulertuz, posizio negoziatzailea irabazi nahi bada, arrisku pertsonalak hartu beharko direla negoziatu ahal izateko, desobedientziaren bidez eta indarkeriarik gabeko ekintzaren bidez».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.