urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Auschwitz

2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Duela hilabete Ugandan egon nintzen PEN Internationaleko lagun bat bisitatzen. Tipo itzela da Danson; Kampalako unibertsitatean literatura irakasle, Nairobin eta Tanzanian ere eman izan ditu eskolak. Umorea, jakituria eta politikariekiko burlaizezko jarrera kritikoa ditu etengabe. Kasualitate batengatik mahai berean egon ginen afaltzen kongresu baten Indian. Hormetan itsatsitako seinale txiki batzuei erreparatu eta afalkideei aipatu nien beste garai batekoak ziruditela «hitz egin ingelesez» zioten afixa urdin haiek. Unibertsitateko ikasleei maratherazegitea debekatu (73 milioi hiztun izan arren) eta hizkuntza koloniala erabiltzea agintzen zien. «Gurean ere halakoak egoten ziren» esan zuen Filipinetako ikasle batek. «Baita gurean ere», erantsi zuen Dansonek. Filipinetatik Afrikako bihotzera, «soyez propre, parlez français» haren XXI. mendeko bertsioak daude.

Dansonek asko maite du ingeles literatura, eta Afrikan egiten den ingelesezko literatura. XXI. mende hasieran, argi du Afrikaren ondare ere badela, eta Afrikak ingelesez ere idazten duela. Baina bertako hizkuntzetan ere idatzi eta trebatzeko lanean ere badihardu, Uganda, Malawi eta beste hainbat herrialdeko PEN taldeak legez. Besteak beste, espetxeetan alfabetatze eta literatura eskolak antolatu izan dituzte.

Mbararara hiriko kafetegi batean eman genuen arratsaldea. Ruandatik nentorren, eta zera aipatu nion Dansoni: mugaren Kongoko aldean swahiliz eta Ruanda osoan kinyaruandaz egiten zuten artean, Ugandan sartu eta Ruhenzori mendietatik Victoria lakuraino zegoen herri bakoitzak bere hizkuntza zeukala ematen zuela. Lagunak erantzun zidan: «Bai, dozenaka hizkuntza, eta elkarrekin bakean bizi gara. Ruandarrek, hizkuntza bakarra izan arren, inoiz ikusi gabeko genozidioa egin zuten».

Gabriel etorri zitzaidan gogora. Kigali aireportutik hiria bisitatzera eraman ninduen tutsi garaia zen. Gurasoak eta bost anaiak hil zizkioten 1994ko genozidioan. Izugarrikeria haren memoriala bisitatu genuen. Deshumanizazioaz hitz egin zidan, hutuek irratitik «kakarraldoen» aurka zabaldutako mezuez, etxez etxe banatutako matxeteez. Gero, hobi komunetara joan ginen, 250 mila biktimaren hilobi erraldoietara.

Hori izan zen dena. Argazkiak egin genituen, irribarretsu ageri da Gabriel. Hil batzuk lehenago Kanbodian egin nuen geldialdia, Filipinetan egin genuen kongresura bidean, Tuol Sleng eskola bisitatzeko Phnom Penh-en, Khmer Gorrien genozidioaren memorialean. Horrorearen gune askotatik egin ditut erreportajeak, Halabjatik Wounded Knee-ra. Eta denetan da zaila ulertzea. Ez «zergatik?» galdera soilik, baita «nola?» ere, dozenaka panel egon arren izugarrikerien lekuak, kopuruak eta bestelako detaileak azaltzen.

Berlin ondoko Oranienburg herrian dagoen Sachsenhausen izan zen bisitatu nuen lehen kontzentrazio-esparru nazia. Alemaniako hiriburutik orduerdi ingurura dago trenez iparralderantz. Ez da ezagunena, baina gaztea nintzelako edo ezagutu nuen lehena zelako, zirrara berezia eragin zidan. Neguan joan nintzen, astegun buruzuri baten beste ia inor ez zebilela lekuan. Bakarrik egin nuen topo Arbeit macht frei ikurrarekin, sartzen ari nintzen lekuaz jabetzen nintzela. Hirian bisitan etorri zitzaizkidan senide eta lagun ugariri lagundu nien Sachsenhausenera. Biktima bakoitzaren aldeko ikurrak zeuden, sobietar presoetatik aleman preso politikoetara. Nik bestela ikasi nuen Sachsenhausen izena, frisiar adiskideekin: Ipar Frisiako Jens Mungard poeta giltzapetu eta hil zen lekua zen. Baina ez zegoen hitzik berari buruz.

Auschwitzera geroago joan ginen. Sachsenhausen baino askoz handiagoa eta izugarriagoa da, noski. Preso politikoen kontzentrazio-esparrua zen lehena, deuseztatze-esparrua bigarrena, Holokaustoa modu industrialean egikaritu zuen munstroa. Zer diren gauzak, baina, turistak zeudelako edo ordurako gisako beste leku batzuk bisitatu nituelako, Auschwitz-eko Arbeit macht frei-aren azpitik pasatu naizen bietan ezin izan dut Oranienburgen sentitutako hotzikararik sentitu, ia derrigor hala astindu bat igarri behar duzula jakin arren. Hor daude gas-ganberak, barrakoiak, exekuzio eta tortura lekuak. Urruzuno literatur lehiaketa irabazi zuten nerabeekin joan nintzen duela dozena bat urte azkenez. Krakoviako parrandaren ondorena ageri zuen goizak batzuen aurpegian hiritik abiatzean. Auschwitzetik bueltan, isiltasuna eta hausnarketa ziren nagusi. Eta literatura.

Gernikako bakearen museoan bonbardaketaren gelan Maitia nun zira entzun dudan bakoitzean datorkit zimikoa. Behar ditugu lekuak memoria gordetzeko. Ez ahazteko bezainbat, ikasteko. Hego Euskal Herrian hain gutxi landu den antisemitismoaren memoria, esaterako. Eta kontzientzia antifaxista, biharko egunez Auschwitz armada gorriak askatu zuela gogoan izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.