urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Turkiaren ordua, kurduen aukera

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Iritzi artikulu honen izenburua azken urteotan behin baino gehiagotan erabili izan dugun sentipena dut. Eta, hala ere, gaurko hauteskundeetan inoiz baino egiazkoago izan liteke. Aurki dira urte bi Recep Tayyip Erdoganen aurkako estatu kolpetik, eta hark ekarritako errepresio olatu izugarritik: hasieran kolpearen atzean egotea egotzi zieten ustezko gülenci-en aurka jo zuten —Fethulla Gülen klerikoaren jarraitzaileak dira, 2013ra arte Erdoganen aliatu eta gerora botere-borrokek etsaitu zituzten—, baina handik laster, abuztuan bertan, kolpetik hilabete eskasera, kurduak bereziki eta oro har ezkerra jarri zituzten jomugan.

Hortik aurrerakoak ezagunak dira tantaz tanta, baina neurria bere osotasunean esanda are nabarmenagoa da izugarrikeria: 50.000 lagun daude preso, tartean Selahattin Demirtas HDPko buruzagia eta presidentetzarako hautagai karismatikoa. Hiru bider handiagoa da auzipetuta daudenen kopurua. Are handiagoa Gülen-en aitzakian kaleratu dituzten langileen kopurua. Bulegariak, edozein administraziotako enplegatuak, milaka irakasle lanik eta bizibiderik gabe gelditu dira azken hogei hilotan. Eta beldur kolektiboa hedatu da, presidentearen aurkako kritika txikiena, jendaurrean zein sare sozialetan, atxilotzeko aitzakia izan baitaiteke. Kazetak, giza eskubideen elkarteak, feministak, LGTBak, umeen eskubideen aldeko taldeak, denen aurka jo du, eta 1.500 elkarte utzi ditu legez kanpo. Tartean, euskal ikastolen ereduan inspiratuta kurdueraz abiarazitako eskolak edo kurduerazko argitalpenak. Ia bi urte dira estatu kolpetik, eta salbuespen/larrialdi egoera indarrean dago oraindik. Hori bertan behera uztea da Erdoganen hauteskunde promesetako bat.

Promesa gehiago ere egin behar izan ditu, Erdoganen une erabakigarrietakoa baita. Estatu-kolpea ia botere guztia emango dion sistema presidentzialista bat eratzeko baliatu zuen, eta aldaketa oso erreferendum polemikoaren bidez lortu zuen iaz. Doi-doi lortu zuen garaipena ofizialki, eta ustelkeria salaketa ugari izan ziren, harik eta hauteskunde-batzordeak berak zigilurik gabeko botoak ontzat ematea onartzeraino.

Lehen aldiz Parlamentua eta ia erabateko boterea duen presidentea hautatzeko unea dute gaur. Azken bozketa parlamentarioan garaipen handia lortu zuten kurduek, eta lehen aldiz alderdi bezala Ankarako Parlamentuan sartzea lortu zuten, kurduen aurka batez ere pentsatutako ehuneko hamarreko langa gaindituta: Kurdistanen gehiengo osoa lortu arren, alderdi batek Turkiako boto guztien ehuneko hamar izan ezean ez du diputaturik lortzen. Konparazio, 2016ko Espainiako hauteskundeetan ERC izan zen alderdi abertzale bozkatuena, eta hauteskunde barruti guztietako botoen%2,63 lortu zituen (EAJk %1,2 eta EH Bilduk %0,77).

Orain berriz ere langa hori izango dute erronka nagusi gaurko hauteskundeetan, baina gaindituz gero —hala izateko aukera handia dute— kurduak izango dira berriz ere Erdoganen buruko min handienetakoa. Tramitea behar zuena egunik egun konplikatu zaiolako, eta hori ere bada Erdoganen meritua: orain arte, gehiengo osoak lortu zein ez, oso zaila zuen oposizio osoak bat egitea, MHPko eskuin muturra, CHP laikoa eta HDP ezkertiar eta kurdua zeudelako Parlamentuan. Baina presidenteak MHPrekin egindako aliantzak panturkismoa bultzatzen zuen alderdi hori fagozitatzea ekarri du, eta ondorioz alderdia zatitzea. Aliatuek eszisioa, kurduek bizkarra eman eta hori gutxi balitz, Muharrem Ince izeneko buruko mina dauka Erdoganek: CHPko hautagaia oso indartsu iritsi da kanpaina amaierara. Bigarren itzulia jokatu beharra da Erdoganen amesgaiztoa.

Zer komeni den, hori ere bada izuak bizi duen Turkiaren zalantza: Erdoganek bere asmoa beteta presidentetza lortzea, orain arteko autoritarismoa baretuko delakoan, ala porrot historikoa izatea eta Erdoganen amorrua zenbaterainokoa izan daitekeen ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.