Galdeketa babesteko konpromisoa hartu dute 500dik gora udalek, Katalunian

Madrilek udalerrien kontrako neurriak iragarri arren, erreferenduma babesteko konpromisoa hartu dute, jendeak bozka dezan urriaren 1eko erreferendumean

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Kataluniako erreferendumaren bidea oztopatzeko bidegileak auzipetzen ari da Espainiako Gobernua fiskaltzaren bidez, urrats bat egiten duten bakoitzean, eta auzipetu aurretik mehatxu egiten du. Herenegun, biharamunean etor zitekeenari begira jarrita, Madrilek iragarri zuen salatu egingo dituela galdeketa egiteko bozkalekuak jartzen dituzten udalerriak. Baina ohartarazpenak ez du eraginik izan, eta 500dik gora udal ordezkarik beren konpromisoa adierazi zuten atzo, «herritarrek bozkatzeko aukera izan dezaten».

Bartzelonako Unibertsitatean ezarri zuten hitzordua, AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak eta ACM Kataluniako Udalerrien Elkarteak —han izan ziren Kataluniako Gobernuko ordezkariak ere—, eta bi elkarteon deiari erantzunez agertutako udal ordezkarien izenean hitz egin zuen Neus Lloverasek, AMIko presidenteak: «Ez dago atzera bueltarik. Beldurraren politikak ez gaitu beldurtzen». Aurrera egiteko, alkate eta hautetsien konpromisoa izateaz gainera, Kataluniarekin senidetuta dauden herrietako udal ordezkariekin sare bat osatzen ari dira, behatzaile moduan egon daitezen galdeketaren egunean.

Udal ordezkariek manifestu bat sinatu dute, eta, haren arabera, udaletxeak Generalitatearen zerbitzura jarriko dituzte, herritarrak bozkatzera hara joan daitezen, eta gobernuaren aginduetara jarriko dira, behar dutenerako. Ordezkariok ziur daude, gainera, egunek aurrera egin ahala, udalerri gehiago batuko zaizkiela ekimenera, Sabadellgo alkate Juli Fernandezek (ERC)azaldutakoaren arabera: «Ziur gaude alkateek aukeratuko dutela demokraziaren eta errepresioaren artean, eta ziur gaude lehen aukeraren alde egingo dutela ere».

CatComukoei deia

Manifestua sinatu duten alkateen multzoa askotarikoa da: subiranistak dira gehienak, baina badira bozkatzeko eskubidea errespetatu behar dela lehenesten dutenak ere, horien artean PSCko Les edota Vall Foscako alkateak, eta haien denen mintzaldiak hiru ardatzetan oinarritu dira: batasuna, hautetsontziekiko konpromisoa, eta, Catalunya en Comuko ordezkariei prozesura «konplexurik gabe» batzeko eskaera, Ada Colauren taldekoek ez baitute parte hartu ekitaldian. PDECat, ERC eta CUPeko alkateek berretsi dute erreferenduma defendatzea ez dela independentzia ekintza bat babestea, demokrazia baizik.

Hain zuzen, atzo ekitaldian zeuden bitartean batzarrak egiten ari ziren Comukoak. Xavi Domenech koordinatzaileak aurretik eskutitz bat bidali zien militanteei batzarretan parte hartzera dei eginez, alderdiak urriaren 1ean izango duen jarrera definituz joateko. «Lehen jarrera» uztailaren 8an erakutsiko dutela dio eskutitzean, egun horretan egingo duten biltzarraren ondoren, eta jarrera zehaztuz joango dira gobernua bideorria argituz joaten den neurrian. Domenechek berretsia du erreferendumean egongo direla, baina zehazteko dute euren parte hartzea nolakoa izango den. Hiru iritzi dira nagusi Comuko kideen artean: batzuek pentsatzen dute erreferendumean bozkatu behar dela eta, gainera, loteslea izan behar duela; beste batzuek, berriz, bozkatzera joan behar dela, baina bozketari ez zaiola erreferendum izaera aitortu behar, eta hirugarren taldeak uste du ez dela bozkatzera joan behar.

Puigdemonten mezua

Atzoko ekitaldiak udal ordezkariak izan zituen protagonista, baina baita gobernukoak ere, haiei sostengua erakustea izan baitute alkateek beste helburuetako bat. Besteak beste, Carles Puigdemont presidentearentzat, Oriol Junqueras presidenteordearentzat eta Carme Forcadell legebiltzarreko presidentearentzat izan zituzten esker oneko hitzak. Haiekin daudela nabarmendu zuen ACMko presidente Miquel Buchek: «Urriaren 1ean zuen ondoan izango gaituzue». Gobernuko ordezkariak altxarazi zituen, udal ordezkariek txaloka har zitzaten.

Puigdemontek, jendetzaz inguraturik, Madrildik iritsitako mezuari erantzun zion. «Estatua konturatu da hau gauza serioa dela, horregatik egiten du mehatxu. Beldurra jabetu da uste zutenez dena kontrolatuta zutela». Estatuari leporatu dio «boterea, epaileak, fiskalak, komunikazio taldeak edo estoldak» edukitzeaz, baina, aldiz, «jendea» ez euren alde dagoela uste du: «Jendeak ez du estatuak defendatzen duena bozkatzen, horregatik dira gure beldur. Demokraziarekin arazo larria dute, hautetsontziei alergia».

Alkateen babesa jaso ostean, herritarrei emango die erreferendumaren xehetasunen berri, etzi egingo duten ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.