Gure nazioaren egoeraz

2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Estatua duten nazioetako ordezkariak —bereziki menderatuak dituzten nazio txikiagoen lepotik nazio handi direnenak—, eta are soilik autonomia duten erkidegoetako ordezkariak ere, okasio berezietan parlamentuetan mintzatu ohi dira nazioaren egoeraz, eta halako eztabaidetan datu sozioekonomikoak, eta hertsiki gai politikoak aztertu ohi dituzte nagusiki. Artikulu honetan, aldiz, gure nazio txikiaren politika eta kultura izango ditut mintzagai, datu sozioekonomikoetan sartu gabe, ez garrantzirik ez dutelako, baizik eta idatzi honen asmoa mugatuagoa delako.

Euskal Herri penintsularreko azken hauteskundeetako emaitzak ez dira txarrak izan, EAEn batez ere. Berriki irakurri ahal izan dugu euskarazko egunkari bakarrean, Euskadi nazio gisa ikusten duten hiritarrak gehiengoa direla berresten dutela boz horiek, eta estatus berriaren inguruan barne adostasun zabalak lortzeko baldintzak badirela, eta horretaz gainera, erabakitzeko eskubidea epe erdian gauzatzeko estrategian estatu gabeko beste europar nazioekin batera elkarlanean jarraitzeko oinarriak sendoak direla.

Oso ikuspegi baikorra da. Jeltzaleek eta bilduzaleek estrategia aski bateratua dutela bistakoa balitz, eta Europan ere elkarren eskutik dabiltzala, bat etor gintezkeen, baina denok ikusten dugu epe laburrera behintzat —laburrera bakarrik?— adostasun zabalenak jeltzale eta espainiar obedientziapeko eusko sozialisten artean gertatzen ari direla gurean, eta segur aski gertatuko direla, eta autonomi estatutuan jasotako eskumenen transferentzian zentratuko direla —erpina Gizarte Segurantzaren eskumena izan liteke (eskumen harribitxia)—, eta pauso bat aurrera emateko eskumenen transferentzian, bat atzera egiteko eskatuko dutela sozialistek erabakitzeko eskubidean. Europa politikoari dagokionez ere, ez ditugu abertzaleak batera ikusten, sakabanatuak baizik.

Boto-emaileek moderazioa saritzen dutela dirudien honetan, ez al du aurrera egingo eskumen borroka instituzionalak, hots, estatuaren deszentralizazioaren aldekoak EAEn, eta epe luzeagora Katalunian ere —han estatuak plantea dezakeen formula desmobilizatzailea kontzertu ekonomikoa izan liteke—; autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokaren kaltean?

Politikatik kulturara etorrita, eta kulturan gure hizkuntza normalizatu gabea ardatz harturik, ikuspegi baikor eta axaletikoagoa eman nahi izatera, esan liteke D ereduaren bitartez eta, euskararen ezagutza hazi egin dela, eta Euskaraldi eta Korrika eta gisako kanpainetan herri-mugimendu eta instituzioen arteko elkarlan itxaropentsua sumatzen dela —bide batez galdera bat: elkarlan horrek ekar al lezake epe labur samarrera 1982ko eta 1986ko euskararen lege zaharkituak euskararen aldera hobetzeko dinamikarik?—, baina sakonagora jota, eta politikaren arloko moderazioarekin erara, ez al da ikusten Gandiagaren behialako diagnostiko poetiko hartatik, funtsean, ez garela asko aldendu, eta aldentzekotan ez alde onenetik: 70eko hamarkadako bizi nahi tirtiri hura galdu ez ote dugun, bi hizkuntzak, gurea eta modu askotara zapaltzen eta limurtzen ere gaituena, gureak direlako lelo faltsuaren eraginez.

Gandiagaren aspalditxoko hitz hauek hausnar ditzagun: Euskal Herriaren mikaztasunak arima erretzen du, txakolinak bere mikaztasunaz ahoa erretzen duen bezala. Ardo pobrea da, ardo nahi lukeena, baina beste ardoen artean ardo ez dena, baina ardo dena halaz ere. Euskal Herria Herri da Baskongadas barruan, arima delako, kontzientzia delako, samin delako, urduritasun eraman ezina delako. Euskal Herriak ez du bozkariorik ematen: kiskali egiten du. Izan nahiak ematen dio izatea (Hiru gizon bakarka. 1974). Gure nazioa ardo ondua izateko asko dugu eskas, baina txakolinak berezko duen garraztasunari nola ihes egingo gabiltza. Gurea ere ba omen dugun ardo ondua dastatzen dugu gutxiz gehienetan telebistan, eta beste hainbat hedabide eta sareetan. Irakaskuntzan, administrazioan, lan-munduan eta aisialdi eta gainerakoetan ez dugu lidergo eta estrategia garbirik egun gehiengo diren erdal hiri eta herrietatik gutxiago diren euskal herrietara igarotzen joateko, izan nahia suspertu eta ahaleginaren garraztasunari aurre egiteko, ezaxola gudukatuz.

Moderazioak baditu abantailak baina arrisku larri bat ere bai: nazio politikoa garela esan eta esan dihardugula —politikoki planteamendu txarra ez da kontzientzia politikoa baduen herria garela aldarrikatzea eta horretan oin harturik, eskubideak gauzatzea galdegitea—, nazio linguistiko-kulturala egoera kaskarrean, beti leku bertsuan lardaskatzekoa, Irlandako egoeratik hur-hurrean.

Pesimismoa eta derrotismoa txarrak dira, errealitatean oinarritu gabeko optimismoa bezalaxe. Ezkortasun aktiboan jarraitu behar, harik eta dagokigun, eta batez ere desio badugu behintzat, era batera edo bestera eraikitzen joan behar dugun euskal nazio eta euskal errepublika askea lortu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.