Kilometroak bizi-bizirik!

Mikel Ugarte eta Nekane Artola
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Kilometroak bizi bizirik dago! «Baina, aurten egingo al da jaia?». Bai horixe, urriaren 4an Kilometroak Amasa-Villabona eta Zizurkilgo kaleetan egongo da.

Urte arraroa izan dela ukaezina da. Hilabeteetan korri egin dugu; martxotik hona punpa-ren bitartez indarberritzen ari gara; eta orain ttak! egiteko unea iritsi zaigu. Inoiz baino garrantzitsuagoa da ttak! egitea, etorkizunean nahi dugunari heltzeko, planifikatzeko, gauzatzeko.

Herriak jendez hustu dira, herriko plazetan jada ez da musikarik entzuten, parkeetan haurren oihuak eta algarak isildu dira, komunikazioa eten egin da... hutsunea globalizatu egin da. Non dago gu bezalako estaturik gabeko herriek bete behar dugun hutsunea?

Euskal kulturan eta bere baitan dauden hainbat adierazpen artistikotan presentzia handia du hutsune horrek. Oteizak zioen bezala: «Hutsunea okupatu gabeko espazio bat da, non masa desagertu den». Herriaren masa likidoa, hizkuntza, berriro lekoratzen ari da, berriro eremu pribatuetara itzultzen ari da. Berebiziko urgentzia eta garrantzia du Bernart Etxepareren leloari eta deialdiari jarraitzeak: «Euskara, jalgi hadi plazara!».

«Mintzaira zaharreko eledun / errota berriko aledun / denak ahaldun / oin herri ta oinarri gara / hurbildu auzo eta bailara / Kilometrotara».

Aurtengo Kilometroak jaiaren abestiak dioen bezala, euskaldun oro gara aledun eta ahaldun. Konpromisorik gabe ez dago ahalduntzeko aukerarik; beraz, euskaraz mintzatzen berreskura ditzagun gure plazak.

«Ikaskide oro da ikasbide / joko garbian libre / mendi, kale eta trenbide / muga bakarra / da arraia».

Gure «arraia»; non dago gure «arraia»? Aurten Kilometroak jaiak badu konpromiso goren bat: edozein gauzaren gainetik pertsonen bizitza zaintzea! Ezaguna da Kilometroak azken urteetan jai eredu berria sortzeko dinamika batean murgilduta egon dela, eta aurten Amasa-Villabonan eta Zizurkilen ospatuko den Kilometroak aro berri horren emaitza izango da. Beste batzuen artean, eredu berriak duen ezaugarria eta indargunea da edozein egoeratara doitzeko gai izatea. Aurten, inoiz baino gehiago, pertsonen osasuna zaintzeko eta bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugula argi adierazi nahi dugu. Hori da gure konpromisoa.

Herriaren masa likidoari, beraz, espazioa eskaini behar zaio: Musikolak, mintzolak, jolasolak, ikastolak... Kilometroak jaia den neurrian, jendea batzen duen giro ludikoa euskararen eta euskal kulturaren zerbitzura jarri nahi dugu. Literaturak papera eta liburuak behar dituen bezala, gure bertsolariek, abeslariek, dantzariek... plazak eta oholtzak behar dituzte; jendearekin enpatizatzeko guneak sortu behar dira. Kilometroak jaiak konpromiso horri ere helduko dio.

«Hezkidetza jarriz erdigunean / giro euskaldunean / Hezkuntza ardatz ta hizkuntza arnas / Kilometroak / elkarrekin».

Elkarrekin eta elkarren arteko konpromisoarekin beteko ditugu euskaraz gure herriko plazak. Hezkuntza hauspoa den neurrian, euskara herriaren arnasa da. Euskaldunok osatzen dugun komunitatea sendo(a)tzeko euskara da bide bakarra.

Gipuzkoako 29 ikastolok gure herriko plazetan sortu den hutsunea aipatutako edukiz betetzeko konpromisoa dugula adierazteaz gain, urriaren 4an Amasa-Villabona eta Zizurkilen ospatuko dugun Kilometroak jaian gurekin bat egiteko gonbita egin nahi dizuegu.

Korri, punpa, ttak!

Euskara, jalgi hadi plazara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.