Preso egondakoei omen egin diete, Nafarroako ordezkariak han direla

Eneko Etxegarai Urain.
2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ekitaldi garrantzitsua izan zuten atzo Gursen egondakoen senideek, baita euskal herritarrek ere, kontzentrazio esparruko presoak omentzeko eta oroitzeko saioa egin baitzuten. Han izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko lehendakaria. Lehen aldiz parte hartu zuen ekitaldi horretan Nafarroako ordezkaritza batek; Barkosez aparte, han izan ziren Ainhoa Aznarez parlamentuko lehendakaria eta Nafarroako herrien federazioko lehendakari Pablo Azkona ere.

Baina, ordezkari instituzionalek ez ezik, herritarrek ere parte hartu zuten ekitaldian. Gursen egondako 500 nafarren 370 senidek bidaia egin zuten, esate baterako. Hiru elkarte aritu dira antolaketan: Altaffaylla, Olite Berri por la Memoria eta Amapola del Camino. Hirurek zuten lehenengo aldia Gursen. «Jendeak oso ondo hartu du omenaldia; bazen ordua instituzioen partetik horrelako ekitaldi bat antolatzeko», adierazi zuen Maria Jose Ruiz Altaffaylla kultur elkarteko kideak.

Hiru autobus eraman zituzten Erriberatik, Tafallatik eta Iruñetik, maiz ezezaguna den historia baten bila. «Gursen gertatu denari buruz ez da gauza handirik argitaratu; Josu Chuecaren liburua baino ez dago». Ruizek azaldu duenez, 72 gizon eraman zituzten Erriberri ingurutik.«Izen-abizen eta guzti seguru identifikatuak ditugu 72; gehiago ere izango dira, batzuk ez baitakigu nor diren».

Ekitaldi ofizialean, Urkulluk oraingo errefuxiatuen egoerarekin parekatu du Gursekoa: «Ez du desberdintasunik gerratik eta injustiziatik ihesi doazen errefuxiatuen sufrimendu bidegabearekin eta Europako mugetan topatzen dutenarekin». Barkosek gogorarazi zuen garai hartako mina «isilarazia» egon dela urteetan, eta nabarmendu zuen memoria ezinbestekoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.