Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Nagusitasun berria sor daiteke

Gaur hasi eta irailaren 15era jokatuko da Espainiako Vuelta. Zortzi etapa bukatuko dira mendatean, eta bi Euskal Herrian jokatuko dira. Luzea da hautagaien zerrenda

Nagusitasun berria sor daiteke.
enaut agirrebengoa
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
2018a Britainia Handiaren urtea izan zen itzuli handietan. Italiako Giroa Chris Froomek (Ineos) irabazi zuen, Frantziako Tourra Geraint Thomasek (Ineos) eta Espainiako Vuelta Simon Yatesek (Mitchelton-Scott). Aurten, Britainiarren nagusitasunak bere horretan jarrai zezakeela zirudien. Alabaina, agintetik atera dituzte Latinoamerikako ziklistek. Richard Carapazek (Movistar) ezustekoa eman zuen Italiako Giroan, eta hiru asteko itzuli bat irabazten lehen ekuadortarra bihurtu zen. Bi hilabete geroago, Egan Bernal (Ineos) gazteak lehen Frantziako Tourra eman zion Kolonbiari. Bada, Espainiako Vueltan zirkulua ixten saiatuko dira latinoamerikarrak. Gaurtik irailaren 15era bitarte jokatuko da lasterketa.

Ez Bernal eta ez Carapaz, ez dira Torrevellako (Herrialde Katalanak) irteeran izango. Kolonbiarrak nahiago izan du atseden hartu, Tourreko ahaleginetatik osatu eta lortutakoa behar bezala barneratzeko. Ekuadortarra, berriz, parte hartzekoa zen, baina etxean geratu behar izan du, joan den igandean, Vueltarako entrenatzen ari zela izandako eroriko baten ondorioz. Horrenbestez, Rigoberto Uranen (Education First) Nairo Quintanaren (Movistar) eta Miguel Angel Lopezen (Astana) gain egongo da txirrindulari latinoamerikarren nagusitasuna erabatekoa bihurtzeko ardura. Uranek eta Quintanak Tourra lehiatu zuten orain dela hilabete eskas; beraz, nekez eutsiko diote goiari bukaerara arte. Lopezek, ordea, lasai hartu ditu Giroaren osteko hilabeteak, eta, Italian baino zorte hobea badu, garaipenaren lehian sar daiteke.

Taldearen indarra lagun izango dute hirurek. Movistarrek Carapazen hutsunea izango du, baina,halere, goi mailako zortzikoa aurkeztuko du. Quintanaz gain, bertan daude Alejandro Valverde, Marc Soler, Antonio Pedrero eta Imanol Erbiti, besteak beste. Astanaren zerrenda ere ez da edonolakoa: Ion Izagirrek helduko dio aginte makilari Lopezekin batera, eta haien aldamenean egongo dira Gorka Izagirre, Jakob Fuglsang edota Omar Fraile. Eta Education Firsti dagokionez, zeresan handia emateko moduko beste bi ziklista kolonbiar ditu Uranez gain: Sergio Higuita eta Daniel Felipe Martinez.

Jumbo Visma ere lasterketako talderik ahaltsuenen zakuan sartu behar da. Hasteko, liderrik sendoenetako bat dauka: Primoz Roglic. Esloveniarra da latinoamerikarren mehatxu nagusia. Giroan podiuma zapaldu zuen —hirugarren izan zen—, eta gehiagoren gose da. 36 kilometroko bakarkako erlojupeko bat dauka lasterketa apurtu ahal izateko, eta maldan gora kapaza da igotzaile onenei eusteko. Harekin batera, Tourrean hirugarren izandako Steven Kruijswijk jardungo da taldeburu gisa, eta ezkutari lanetan ariko dira George Bennett edota Robert Gesink.

Koska bat beherago, UAE Emirates dago, lider gisa Fabio Aru eta Tadej Pogacar dituela. Ineosek ez du izen handiko taldebururik izango, baina baditu aurrean tokia egiteko moduko hiru ziklista: Wout Poels, Tao Geoghegan Hart eta David De la Cruz. Pierre Latour (Ag2r), Rafal Majka (Bora), Esteban Chaves (Mitchelton) eta Wilco Kelderman (Sunweb) ere saiatuko dira lehia horretan sartzen.

Etapen lehia ere zirraragarria izango da, klase eta sen handiko ehiztariak egongo baitira. Horien artean daude Mikel Nieve (Mitchelton), Thomas De Gendt (Lotto Soudal), Philippe Gillbert (Deceuninck-Quick Step), Gianluca Brambilla (Trek), Dylan Teuns (Bahrain)... Oscar Rodriguez (Euskadi-Murias) ere multzo horretan sar liteke, iaz Camperonan erakustaldi gogoangarria eman eta gero. Muriasek haren aukerei begiratuko die batez ere. Eta Caja Ruralen kasuan, Alex Aranburu, Jon Aberasturi eta Jonathan Lastra saiatuko dira ezustea ematen.

Mendiak, hasi eta buka

Esprinterrentzat ez da giro izango. Distira egiteko aukera txikia izango dute Fernando Gaviriak (UAE), Sam Bennettek (Bora), John Degenkolbek (Trek) eta enparauek, ibilbidea oso menditsua baita. Etapa motzak eta gogorrak izango dira nagusi, azken urteetan bezala. Bakar batek ere ez du 200 kilometrotik gora izango; ordea, zortzik mendate batean izango dute helmuga. Oilarrek lehen astetik bertatik egon beharko dute adi. Areago, gaur bertan zabalduko dira lehen aldeak, hemezortzi kilometroko taldekako erlojupekoan. Hortik aurrera, malkarrak beren epaia ematen hasiko dira, Javalambren, Mas de la Costan eta Cortals d'Encampen bukatzen diren etapekin.

Lehen atseden egunaren ostean, erlojupeko luzea jokatuko da Paue (Okzitania) inguruan, eta Euskal Herrian korrituko dira hurrengo bi etapak. Lehena, 11.a, Donapaleun (Nafarroa Beherea) hasi eta Urdazubin (Nafarroa) bukatuko da. Biharamunean, berriz, tropelak Los Arcosko zirkuitutik (Nafarroa) Bilborainoko bidea egingo du. Ehiztarientzako egunak izango dira. Faboritoak ez dira gehiegi mugituko, datorkienaren zain: Los Machucosen bukatuko da 13. etapa, Acebon 15.a, eta Cubillan 16.a. Ondoren, 18. etapan, Guadarramako mendizerran gora eta behera ariko dira ziklistak, eta 20.ean izango dute azken borroka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.