Herenegun ez da gaur

Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea - Pentsioduna

2018ko azaroak 21

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako idazkari nagusiak, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak eta Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak Herenegun izeneko «gure historia hurbilari buruzko hezkuntza-esperientzia pilotu baterako lan-materiala» aurkeztu dute. Material hori DBH eta Batxilergoko neska-mutilen Historiako eskola-orduetan lantzeko pentsatuta dago. Juan Pablo Fusi, Mari Karmen Garmendia eta Mariano Ferrer adituen testuan oinarritzen dira programa osatzen duten lau koadernoak eta 20 minutuko bideoa, eta haien zigilua darama landu nahi den material-sorta osoak. Aditu horiek lanari «pluraltasun- eta autoritate-bermea» emateko aurkeztu dira.

Pluraltasunaren hautu garbia dagoela esaten digu Jonan Fernandezek: «Erreminta hauek ez dira begirada bat inposatzeko, begiratzeko baizik, begirada ezberdinak konfrontatzeko».

Halere, badu bere muga: «Begirada pluralak izatearen baieztapenak muga bakarra du: giza eskubideen urraketa bat ere ezin da legitimatu edo justifikatu».

Tankera honetako proposamenekin beti gertatu ohi den bezala kritikak handik eta hemendik sortzen direnez, Jonan Fernandezek aurre egin behar izan dizkie orain arte Hereneguni egindakoei: «Material hau ez dago pentsatuta ezer zuritzeko, justifikatzeko edo ekiparatzeko, garbi utzi nahi dena da indarkeriara jotzeak, hiltzeak, asasinatzeak ez zuela sekula gertatu behar izan, eta ezerk ez duela justifikatzen: ez beste biolentzia baten existentziak, ez beste injustizia baten existentziak, ez beste ezerk».

Pentsamendu absolutuaren iruzurra

Material txukuna da, arduraz egina, eta seguru asko, erabiliko den eskoletan irakasleen abileziaren eta ikasleen ikasteko gogoaren arabera etekina atera ahalko zaio. Ez naiz hasiko hori kritikatzen, hiru adituek Euskal Herriko pluraltasun ideologikoa xuxen ordezkatzen ote duenetz ere ez. Baina, «pentsamendu kritikoa eta analitikoa sustatu» nahi dela esan zaigunez, badut zerbait seinalatzeko premia; izan ere, nire ustean, indarkeriaren gaia estatuaren (instituzioen) posiziotik aztertzen denean huts elementala egiten da: boterearen posiziotik mintzatzen denez, ez da sekula botere, estatu edo instituzio horien indarkeria estrukturala mahai gainean jartzen, eta hori iruzur intelektuala egitea da. Elementu hori jaso ezean, denak dauka iruzur-kutsua, eta kasu honetan, gure historia hurbilari buruzko errelato interesatu bat inposatzeko aurreiritzi bat dario ekimenari.

Material honetan nik ikusten dudan logika hau da, alegia, ETAren indarkeria gaitzetsi behar da, injustua izan zelako, eta haren ondorioz, haren esentziarekin lotuta, haren eraginez, hainbat instituziok abiatutako indarkeria ere bai, zeina, jakina, ez zatekeen existituko ETA (jatorrizko gaitza) egon izan ez balitz. Ezkutatu egiten da ezen estatua berez indarkerian oinarritzen dela, eta baduela eskubidea indarkeria (hilgarria ere bai) erabiltzeko baimena. Abiapuntu hori ez hartzeak errealitatea ezkutatzera darama, izan ere gizartean onartuta dagoen errealitate bakarra, elizek eta agintariek bedeinkatuta, hauxe da: estatuaren existentzia bera, jabego pribatua, ordena, eta azken buru norberaren bizitza arriskuan daudenean zilegia dela indarkeria erabiltzea, ejerzitoen, polizien eta seguritate pribatuaren armak, alegia. Beraz, «kasu batzuetan» justifikatuta dagoela indarkeria.

Gure kezka etikoa pertsonaren bizitza ukiezina dela baldin bada beti, eta beraz, indarkeriaren erabilpena «sekula» ez dagoela justifikatzerik, bego, erosten dut, baina hortik abiatu gabe, hau da boterearen biolentzia estrukturala, ez puntuala, gaitzetsi gabe, ez da intelektualki oso zuzena gure gizarte hurbilean erabili den indarkeria gaitzesten ibiltzea. Askoz ere zintzoagoa litzateke behingoz onartzea indarkeriaren gaia beste hainbat gai bezain erlatiboa dela, zeren indarkeriara ez jotzea printzipio absolutu bat baldin bada pertsona ukiezina delako beti, ez dauka salbuespenik. Hori onartzen ez delako da hain penagarria behatzea ertzainak eta haien atzeko indar politikoak ematen ari diren ikuskizuna Cabacasen heriotza modu naturalean ez kondenatzeko; edo Saudi Arabiara armak ez bidaltzeko edo armak ez fabrikatzeko, edo ejerzitoak ez madarikatzeko, etab. Printzipio absolutuek ondorio absolutuak dituzte; bestela erraza da herritarren indarkeria gaitzestea, egiturazkoa planteatu ere egin gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.